- Rayo Vallecanoren aurka indarrak neurtuko ditu gaur Zubietan, 17:00etatik aurrera, Realeko emakumezkoen taldeak. Madrildarrak larri dabiltza aurten, jaitsiera postuetatik ihes egiteko borrokan. Natalia Arroyoren esanetan, talde txuri-urdinaren helburua garaipen berri bat lortzea da, sailkapeneko hiru onenen artean kokatzeko. "Partida honekin hamar jardunalditan toka-tzen zitzaizkigunak neutralizatzea ahalbidetuko digu, eta hortik aurrera balantzeak errealagoak izango dira. Helburua puntuak batzen joatea da, eta gure eremutik kanpo gertatzen den guztiak mesede gehiago ala gutxiago egin diezaguke. Helburua igandean irabaztea zen, baita bihar hiru puntuak eskuratzea ere. Horren gorabeheran, badakigu gero Sevillara konfiantza gehiagorekin ala gutxiagorekin joango garela. Puntuak batzeak eta irabazteak goiko posizio horietan finkatuko gaitu, alde aurretik jakinda abenduan ezer ez dela behin betiko izaten", adierazi zuen atzo Realeko entrenatzaileak.

Arroyok azken jardunaldian erakutsitako intentsitate bera eskatu die jokalariei; orduan, Espanyoli 1-0 gailendu zitzaizkien Zubietan, baina ahal izanez gero gol gehiago lortuta. "Igandeko partidaren antzekoa izan daiteke. Baloirik gabe ondo ordenatzen den aurkaria da, atzealdean defenda-tzen dakiena, baina gora joaten ere ausartzen dena. Berez, Espanyol ere atzean ez sartzen saiatu zen, eta geu izan ginen hondora eraman genituenak. Konfiantza ematen du irabazteak, baloiarekin asmatuz, erabaki zuzenak hartu eta ondo irteten jakinda, pase-lerroak estaltzen zizkigun aurkari baten aurka. Ea bihar goialdean finago ibili eta gehiago asma-tzen dugun, markagailua hain estua izan ez dadin", esan du prestatzaile kataluniarrak.

Bere ustez, taldeari ez dio gehiegi eragin partida pilaketak: "Jokalariak ondo daude, ondo ari dira errekuperatzen. Talde zabala dugu, eta denak ari dira parte hartzen. Horrek aukera desberdinekin jokatzeko beta ematen dizu, une bakoitzean egokienak edo freskoen daudenak ipintzeko. Zorionez, hasieratik dut aukera egiteko beta. Hau guztion artean aterako dugu. Jokalari asko ditut eta maila handikoak. Uneoro saiatzen gara detektatzen nor dagoen txispa puntuarekin eta nor nekatuago. Beti ere, hobeto daudenak jartze aldera. Lehiaketa gogorra ari da izaten, eta esfor-tzua ere handia da maila guztietan", gaineratu du. Partida honetarako Ane Etxezarreta izango da baja bakarra, ebakuntza egin beharko baitiote Espanyolen kontrako partidan sudurreko hezurrak hautsi ostean. Gainerako jokalari guztiak prest daudenez 20 laguneko deialdia osatuko dute.

Natalia Arroyok, hamaikakoan aldaketak egingo dituela iragarri zuen: "Rayo ondo moldatzen da baloirik gabe, badakite atzean defenditzen, gora egiteari uko egin gabe. Ea errematean finago ibiltzen garen eta markagailua ez den hain estua izaten", zehaztu zuen. "Partida Espanyolen antzekoa izango da gauza askotan, baina, printzipioz, ez dut hamaikako bera aterako", esan zuen.

Taldearen defentsa-lana ere azpimarratu zuen: "Bost partidetan atea hutsean utzi dugu, eta kasu askotan ia arriskurik ere izan gabe. Hori garrantzitsua da askorekin erasotzen duen talde batentzat; alegia, ez gara defendatzera irteten, erasora baizik, baina gauza gara horretan ere orekatuta egoteko. Oso pozik gaude horrekin. Gainera, markagailu estuen aurrean bereziki garrantzitsua da hor sendo egotea. Ildo horretan jarraitu behar dugu. Aukerak sortzea da zailena, eta horretan bagabiltza, ea asmatzeko gauza izaten garen".

Azkenik, Nerea Eizagirre izan zuen hizpide; azken jardunaldian garaipenaren gola sartu zuen eta denboraldi bikaina egiten ari baita: "Garrantzi-tsu izateko asmo argiarekin etorri zen jokalaria da. Oso ona da aurrez-aurrekoan, eta sormen handikoa. Jakina, oraindik ere badu zertan hobetu: 90 minutuko jokalaria izatea falta zaio, partida osoan zehar baloirik gabeko lana egiten jakitea. Espanyolen bikain aritu zen. Bera bezalako erasoko jokalari baten zatirik ikusezinena da".

"Zailena aukerak sortzea da, eta horretan ari gara; ea gauzatzen ditugun"

Realeko entrenatzailea