- Aurreko astean Gemma Gili erdilaria aurkeztu ondoren,Realak atzo aurkeztu zuen Nuria Rábano, emakumezkoen talderako bigarren jokalari berria. Nuria libre etorri da aurten denboraldi bikaina burutu duen Deportivotik (laugarren 37 punturekin), eta 2022ko ekainaren 30era arte sinatu du.

21 urteko gazteak iaz egin zuen debuta Lehen Mailan talde galiziarrarekin, bertan lau urte eman eta gero. Aurreko denboraldira arte Nuria hegaleko aurrelari lanetan ibilia zen, baina iaz bere posizio naturala atzeratu egin zuen eta Primera Iberdrola ligako errebelazioetako bat izan zen hegaleko atzelari postuan. Jokalariak berak aitortu duenez arlo askotan hobetu omen du aurten, eta Gonzalo Arconadaren ordez kanpaina honetatik aurrera Natalia Arroyok zuzenduko duen taldean are gehiago hobetzea espero omen du.

Jokalari txuri-urdin gisa eskainitako bere lehen hitzetan argi eta garbi adierazi zuen Nuria Rabanok sekulako ilusioa egiten ziola Realarekin fitxatzeak: "Ilusioz gainezka nago. Lau denboraldi jokatzetik nentorren, azkena Lehen Mailan, eta biziki poztu nau nigan erreparatu izanak eta hainbeste jarraitu izanak".

Futbolari galiziar gazteak, halaber, aitortu zuen Realak baduela "Deportivoren antza", "jende gaztea eta eskarmentuduna uztartzen ditu, beste maila batean, ordea. Uste dut oso ondo egokituko naizela eta oso ondo pasatuko dudala".

Azkenik, jokalari bezala bere burua definitzera ere ausartu zen Nuria: "Lehen aurrelaria nintzen eta orain defentsako hegalera birmoldatu naiz. Lehendik nituen ezaugarri batzuk hobetu egin ditut, eta defentsa mailan beste batzuk ikasi. Fisikoki ere jauzi handia egin dut. Hemen gehiago hobetzea eta esperientzia pilatzea espero dut".

21 urte baino ez dituelarik oso etorkizun oparoa duen futbolaria da Rábano. Gainera, galiziarra da, oraingoz, talde txuri-urdineko jokalari ezkertiar bakarra, eta Realak horren premia ederki sumatu zuen aurreko denboraldian.

Beraz, Nuria Rábano dugu datorren denboraldirako txuri-urdinen bigarren fitxaketa, Gemma Gili erdilariaren ostean. Itxura batean fitxaketa horiei aurki gehituko zaizkie Athleticetik bereizi den Amaiur sarriegi, eta Maitane López Levanteko erdilaria.