Síguenos en redes sociales:

Frankismoaren krimenetatik hasi, koroa, GAL eta Irakeko gerra

Dokumentuak desklasifikatuta 23-F edo 11-M argitu daitezke

Frankismoaren krimenetatik hasi, koroa, GAL eta Irakeko gerraARGAZKIA: N.G.

Donostia – Informazio Sailkatuaren Lege proiektu berriarekin sekretua altxatuko zaie 1981. urtearen aurretik sailkatutako dokumentuei, Gerra Zibila eta diktaduraren garaitik Otsailaren 23 entzutetsura arte Espainiako historia markatu duten gertaera politiko, kultural eta sozialei buruzko zalantzak argitzeko aukera zabaltzen delarik.

Indarrean dagoen 1968ko lege frankista ordezteko Pedro Sanchezen Gobernuak bultzatu duen bigarren testu legegilea da, aurreko hura bertan behera geratu baitzen hauteskundeak deitu zirenean.

Aste honetan Ministroen Kontseiluak onartutako proiektuan agertzen denez, goi-sekretuko izendatuta dokumentuak automatikoki desklasifikatuko dira 45 urte pasa ondoren, 15 urteko balizko luzapen arrazoitua izateko aukerarekin; sekretupeko izendapena dutenak, 25 urte pasatakoan, hamar urteko luzapena izan dezaketelarik; konfidentzialak, 7 eta 9 urte bitartean pasa ondoren; eta mugatuak berriz, 4 eta 5 urte bitartean igaro ondoren.

Amnistia Internazionaleko harreman instituzionalen eta kanpo-politikaren arduradun María del Pozok azpimarratu duenez, ezinbestekoa da iragana gardenagoa izateaz gain, oraina eta etorkizuna ere gardenagoak izatea: “Sekretuen giltzarrapoa ireki egin behar da”.

Zaintzapean dauden paperen edukia zehatz-mehatz zer ote den jakin ez arren, Amnistia Internazionalak aipatu duenez, errepresio frankistak argitu gabe utzi zituen kasuak izango omen dira historialarien, ikertzaileen, kazetarien eta kaltetuen interes handiena piztu dezaketenak: torturak, epaiketatik gabeko exekuzioak, biztanleria zibilaren aurkako erasoak, jazarpen politikoa, erlijiosoa edo arrazazkoa, espetxeratze arbitrarioak eta lan behartuak.

Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak urte luzeak daramatza orduan egindako dokumentazioa aurkitzeko ahaleginean. Hainbat datu eskuratu nahi izan dituzte: hobi komunen eta desobiratzeen zerrendak, erregimenaren salatariak, diktadurapean partikularren eta enpresen mesedetan egindako ondasunen bidegabeko jabetzeak, bai eta Francoren familiaren negozioei buruzko informazioa ere.

Halaber, interes handia dago, 1969an Francok bere oinordeko izendatu ondoren, Juan Carlos I.a Estatuko Buruzagitzara iritsi zeneko nondik norakoak zehaztasunez ezagutzeko.

Behin lege berria indarrean sartutakoan automatikoki desklasifikatuko da urte horietako informazio erreserbatua, eta horrekin batera Trantsizio garaiko funtsezko gertakarietan sakontzeko aukera egongo da: egungo monarkia parlamentarioaren lehen urratsak, erreforma politikorako legea, amnistia eta PCE-Alderdi Komunistaren legeztatzea. Baita 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe hutsalaren aurrean errege emerituak burututako ekintzak ere.

Bere erregealdiaren beste xehetasun batzuk ezagutzeko gehiago itxaron beharko da; esate baterako, 2014ko ekainean abdikatu zueneko dokumentu klasifikaturik ba ote den, edota bere aberastasunaren polemikarekin batera handik sei urtera Espainiatik alde egitea erabaki zuenekoari buruzkorik.

Sekretu ofizialaren amaierarekin, agian, 1983 eta 1987 artean ETAren aurkako gerra zikinaren protagonista izan zen GAL taldea nola sortu zen jakiteko aukera emango du. 2004ko hauteskunde orokorrak baino hiru egun lehenago Espainiako historian izandako atentatu terrorista handiena, M-11koa ere, sakon aztertu zain dago.

Artxiboak zabalduta, Espainiak armak zein herrialdeei saldu ote dizkien argitu ahal izango da, baita 2003ko martxoan abiarazitako Irakeko gerran zer nolako jarduera izan zuen eta Jose Maria Aznarren Gobernuak AEBei baldintzarik gabe emandako babesaren arrazoiak, garai hartan George W. Bush eta Tony Blair britainiarrarekin batera ateratako Azoreetako Argazki entzutetsua tarteko.