Donostia – Iñigo Urkullu lehendakariak aitortu eta eskertu egin zien atzo Bilbon Ertzaintza osatzen duten emakumeei, euskal gizarte “irekiagoa, berdintasunezkoagoa eta bidezkoagoa” lortzearen alde egindako ekarpena.

Ertzaintzan emakumeak sartu zireneko 40. urteurrena ospatzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldiaren buru izan zen Urkullu, Josu Erkoreka eta idoia Mendia lehendakariorde, Segurtasun, Lan eta Enplegu sailburuekin batera, hurrenez hurren.

Ekitaldia ixteko eskainitako hi- tzaldian hunkituta azpimarratu zuen lehendakariak euskal emakumeek egindako bidea. Ibilbide hori bereziki zaila izan dela nabarmendu zuen. “Gizonok ez dizuegu bidea batere erraztu”, aitortu zuen Urkulluk.

Horregatik eskertu zien biziki “arlo guztietan erakutsitako ausardiagatik, irmotasunagatik eta duintasunagatik; zailtasunen aurrean beti erakutsi duzuen adoreagatik, eta iluntasunaren aurrean beharrezkoa argia” erakutsi izanagatik. Bide hori, gainera, eurengatik bakarrik ez egin izana nabarmendu nahi izan zuen Lehendakariak, “baita justizia sozialaren izenean ere, eta horrek berebiziko balioa du. Omentzen ari garen emakume guzti horiei esker herrialde hobea baitugu gaur egun”.

Aitzindariak

“Gizarte irekiago, berdinzaleago eta bidezkoago baten aitzindari izan zarete”, azpimarratu zuen, “bide horri eustera” animatuz. “Zalantzarik ez dut, lehen 94 ertzain haiek harro egongo direla egindako bidea ikusita, eta bide hori zabaltzen ari dela eta jarraipena duela jakinda”.

Hala ere, “oraindik bide luzea dugu egiteko” aitortu zuen Urkulluk. “Ertzaintzak euskal gizartearen isla izan behar du, eta gaur egun, tamalez, ez da oraindik horretara iritsi. Helburu horrekin lanean jarraitzeko konpromiso irmoa dugu”.

“Pertsonak behar ditugu”

“Gizonen eta emakumeen arteko eztabaida” gainditzearen alde egin zuen lehendakariak. “Ertzaintzak pertsonak behar ditu, hitzaren zentzurik zabalenean. XXI. mendeko euskal gizartea ordezkatuko duten pertsonak. Gizarte askotarikoa, heterogeneoa, irekia, inklusiboa eta errespetuzkoa. Pertsonen arteko berdintasunarekin konprometitutako gizartea. Ertzaintzak emakumezkoak eta gizonezkoak, denak behar ditu”, esanez amaitu du.

Ekitaldian aurreko gobernuetako hainbat Segurtasun sailburu ere izan ziren, tartean Estefanía Beltrán de Heredia eta Juan María Atutxa -hain zuzen Ertzaintzako sindikatuen txaloak jaso dituen bakarra-, baita Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia ere.

Gainera, euskal poliziako emakumezko agente ugarik ere parte hartu dute ekitaldian, horietako asko dagoeneko erretiratuta daudenak, egungo zuzendaria, Victoria Landa, buru zutela; Ertzaintzako buruzagiak eta Eusko Legebiltzarreko, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko, Fiskaltzako, Emakundeko, udaltzaingoetako, Nafarroako Foruzaingoko eta Mossoss d´Esquadrako ordezkariak ere bertaratu ziren. Sektoreko ekitaldia zela argudiatuz, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila ez dituzte ekitaldira gonbidatu, saileko iturriek azaldu dutenez.

%40 2026an

Eusko Jaurlaritzak finkatutzat jo du Ertzaintzaren promozio berrietan emakumeen %30eko presentziaren gutxieneko muga, oraindik ere kopuru hori nahikoa izan ez arren. Horregatik jarri du martxan 45 neurri zehatzekin osatutako plana, emakumeen ordezkaritza eskasa zuzentzeko. Erritmo onean aurrera egiten ari den helburua, 2026an %40ra iristea da.