Ohar baten bitartez baloratu zituen Foro Sozialak aste honetan emandako aurrerapausoak, bai Estatuaren biktimen babesean, bai eta “biktimei tratamendu asimetrikoa ematen dieten eta memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko” politika publikoak aldatzeko borondatean ere. Estatuko biktimen babesari dagokionez, Jose Barrionuevo Barne ministro ohiaren adierazpenen aurrean izandako erreakzioek “mugarri” izan behar dutela aipatzen da. “Argi ikusi da Eusko Legebiltzarraren %98,7k publikoki adierazi duela ezin dela biktimei horrelako erasorik egin, birbiktimizazio onartezina eragiten delako. Jarrera horrek aldaketa nabarmena dakar, Olona diputatuak duela hilabete batzuk Kongresuko tribunatik torturaren biktimak umiliatu zituenean gertatutakoarekin”.

Hala ere, Espainiako Gobernuak “eragindako mina aitortu arte” oraindik “bide luzea” egin beharko dela aipatu zuten, baina argi omen dago, “Estatuak eragindako indarkeriaren biktimen babesean, aste honetan inoiz ez bezalako urratsak eman direla, funtsean zein forman”.

Gainera, nabarmen baloratu zuen joan den asteazkenean Eusko Legebiltzarrean biktimen inguruko legeak eta politika publikoak aldatzeko premiaren inguruan agertutako adostasun zabala. Foro Sozialaren ustez, gaur egun “trataera asimetrikoa” ematen zaie, eta hori gainditu egin behar omen da “bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan ezinbestekoa den adiskidetzean aurrera egin ahal izateko”.

“Asimetria” hori eguneroko bizi-tzarekin zerikusia duten gaietan islatzen baita, hala nola DSBEan, etxebizitzan, enplegu-politika aktiboetan baita EHUko matrikuletan ere. Gainera, 107/2012 Dekretuan eta 12/2016 Legean aurreikusitako kalte-ordainak “terrorismoaren biktimentzat 4/2008 Legeak ezarritako zenbatekoak baino askoz txikiagoak dira”.

Gogora Institutuak joan den astean aurkeztu zuen Memoriaren eraikuntza sozialerako oinarri partekatuak dokumentua ere aipatu zuten, “elkarbizitza eraikitzeko erdiko erraian ekarpen garrantzi-tsua” dela aipatuz. Horren inguruan berriro aipatu zuten, azken hilabeteetan “kontakizunaren borroka” delakoan “krispazioaren espaziotik memoria kritiko inklusibo bat eraikitzeko espaziora” jauzi egitea ahalbidetu dezaketen urratsak ematen ari direla. – M. A.