Herritarren Sare elkartearen ustez, Xabier Atristain presoa espetxera itzuli izana “bidegabekeria” itzela da, eta espetxeratze-erabaki horiek sala-tzeko manifestazioa egin zuten atzo Donostiako Boulevardean.

“Ezin zaigu begirunerik eskatu, salbuespenezko auzitegi bihurtu den Auzitegi Nazionaletik datorren erabaki eta epaiekiko”, adierazi zuen Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak.

Xabier Atristain ETAko presoa joan den ostiralean sartu zuten berriro Martuteneko espetxean, behin Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak organoaren Fiskaltzak Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak emandako hirugarren graduaren aurka jarritako errekurtsoa onartu ostean.

Joseba Azkarragaren hitzetan, “Fiskaltzak eskatuta, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak beste bidegabekeria bat egin du”, Auzitegi Nazionalaren eskutik.

“Ez diezagutela Sareri horrelako justizia bat errespetatzeko eskatu, salbuespenezko auzitegi bihurtu den Auzitegi Nazionaletik baitator. Era bateko zein besteko justiziak bere jardunaren bitartez lortu behar du errespetua; eta justizia hau ez da Europako estandarrekin parekatzeko modukoa”, salatu zuen Justiziako sailburu ohiak.

EH Bilduk ere egin zituen adierazpenak gai horren inguruan, eta Xabier Atristain ETAko presoa espetxera itzultzea “eskandalua” dela esan zuten, “berehala aske uztea” eskatuz.

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean salatu zuen koalizio soberanistak, “Xabier Atristainen, beste behin, espetxeratzea eskandalu hutsa dela. Salbuespen eta mendeku politika horiek ulertezinak dira demokraziaren ikuspegitik”, gaineratuz.

Horregatik guztiagatik, Xabier Atristain berehala aske uztea eskatu zuen EH Bilduk, atzo Sarek Gipuzkoako hiriburuan egindako deialdiarekin bat eginez.