Donostia – Gaur aztertuko dute Moncloan (10.00etan) Espainiako Exekutiboak eta Kataluniako Gobernuak euren arteko harremanaren egoera, presidente bata zein bestea egongo ez diren elkarrizketa-mahaiaren bilkuran. Hirugarren aldiz suspertzen ahaleginduko diren negoziazio-foro horretan alde bien arteko sintonia berreskuratzen saiatuko dira, independentismoari egindako espioitzaren kasuak Kataluniako gatazkari irtenbidea ematea helburu duen prozesua amildegiaren er-tzean ipini ostean. Pedro Sanchezen Kabinetearen esanetan sedizio-delitua aldatzeko Zigor Kodea erreformatzea zaila denez, hasierako asmo printzipala desjudizializazioan oinarrituko da, aldez aurretik lehentasunezko kontzeptuak ziren amnistia eta autodeterminazioa, bigarren mailan utzita.

Moncloaren ordezkaritzan Felix Bolaños Presidentetzako ministroa izango da buru, Yolanda Díaz bigarren presidenteorde, Isabel Rodríguez ministro bozeramailea eta Miquel Iceta Kultura ministroa alboan dituela. Generalitatearen aldetik, Laura Vilagrà Presidente-tzako kontseilaria egongo da, Roger Torrent Enpresa kontseilaria, Joan Ignasi Elena Barne kontseilaria eta Natàlia Garriga Kultura kontseilaria lagun dituela. Beraz, guztiak ERCko buruzagiak izango dira, JxCatek uko egin diolako “agortuta” ikusten duen negoziazio-espazio horretan parte hartzeari, procés-a anestesiatu nahi duelakoan; konbergentzia ostekoek Estatuarekin “konfrontazio demokratikoaren” alde egin nahi dute, “benetako negoziazio bat” behartu nahian. – NTM