Zesta-punta protagonista, Kontxako hondartza bat-bateko pilotaleku bihurtu da asteazken honetan. Donostiako Udalaren eskutik, Donostia Grand Slam 2023ren aurkezpena zela eta, egungo puntistarik onenak hondar gainean entrenatu dira. Txapelketa Jai Alive World Tourrerako baliagarria izango da, eta larunbat honetan hasita finala izango den ekainaren 17ra bitartean jokatuko da, Carmelo Balda pilotalekuan (saio guztiak 18:00etan hasiko dira).
Aurkezpen ekitaldian izan dira Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Mikel Egiguren Jai Aliveko gerentea, baita txapelketan parte hartuko duten pilotariak ere. Ondoren, Kontxako hondartzara jaitsi dira iragarki bat grabatu eta argazki batzuk ateratzera, Donostiako badiaren ingurune paregabean.
Aurtengo edizioan lau aurpegi berrik parte hartuko dute: Gorka, Johan, Basque eta Estatu Batuetan dena irabazi ondoren Euskadira bueltan den Erik Mendizabal. A multzoan Aritz Erkiaga-Bailo, Goikoetxea-Gorka eta Barandika-Zabala egongo dira, eta B multzoan Johan-López, Erik-Lekerika eta Olharan-Basque.
Lehenengo jardunaldian, larunbat honetan, Aritz Erkiaga-Bailo eta Goikoetxea-Gorka izango dira aurrez aurre, eta bigarren partidan, Johan-Lopez eta Olharan-Basque. Ligaxka maiatzaren 20an eta 27an osatuko da, eta multzo bakoitzeko bi onenak ekainaren 3an jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira. Finala ekainaren 17an jokatuko da. Sarrerak 10 eurotan salduko dira.
Balorazioak
Martin Ibabe pozik agertu da maila goreneko zesta-punta txapelketa hirira ekarri izateagatik: “Zesta-punta etxera bueltan dela diogu, lehenengo txapelketa handia, hemen, Donostian jokatu zelako eta, ondoren hedatu zelako Amerikara eta beste hainbat lekutara”. Donostiako zinegotziak, gainera, parte-hartzaileen maila aparta nabarmendu du: “Puntistarik onenak ditugu bai aurrean bai atzean. Iñaki Goikoetxea, egungo eta historiako pilotari handienetako bat; Jan Olharan, iazko Jai Alai World Tourreko txapelduna eta Frantziako pilotaririk onena; baita guztiek mendean hartu nahiko duten Barandika ere.
Bestalde, Xabier Barandikak esan duenez, “iaz Donostiako torneoa irabazteko aukera izan nuen. Nire lehen Grand Slama izan zen eta pozgarria da berriro hemen lehiatzea. Egungo aurrelaririk onenak izango ditugu aurkari, Goiko eta Erkiaga; partida guztiak izango dira gogorrak eta lehen jardunalditik topera irtengo gara”. Azkenik, etorri berria den Erik Mendizabalek zera esan du: “Estatu Batuetatik bueltan naiz, han lau urte eman ondoren; ahalik eta ondoen jokatu eta jendea frontoitik pozik irteteko ilusioarekin nago. Txapelketari dagokionez, kantxan lehia izatea behar dugu, jendea horrek erakartzen baitu".