AIMARZek 'Z' belaunaldiko kidea dela argi utzi du bere diskoan. TikTok plataformaren bidez izan genuen bere berri aspaldi. Oraingoan, bere lehenengo diskoa osatzen duten hamabi abestietan, desamodio istorio bat kontatzea erabaki du, bere belaunaldiko oso berekoa den hizkuntzarekin eta soinuekin. Reggaeton, hyperpop, dembow… hainbat estiloetan murgildu da zumarragarra. Estiloz estilo eta abestiz abesti, harreman baten hausturak eragiten dituen emozioen lekuko da entzulea. Abesti gehienak AIMARZek idatzi ditu, baita konposatu ere. Hala ere, bere alboan izan ditu hainbat kide, besteak beste, Malakias, Og Gs eta Mattin Zeberio.

TikTok plataforman bideo bat igotzetik, lehenengo lan bat aurkeztera. Saltoa itzela izan da, nola bizi izan duzu zuk? 

Bide berezia eta arraroa izan da. Azken finean, TikToken birala den zerbait lortzen duzunean, bidea oso azkarra da, hau da, boom bat da, ezta? Ez duzu denborarik prozesu hori pixkanaka-pixkanaka bizitzeko. Garai horretan nik jada albuma hasita neukan. TikTokeko arrakasta heldu eta gero ez nituen gauza asko aldatu, ez dut egin abesti bat pentsatzen jendeari TikToken egindakoaren antzeko zerbait gustatu ahal zitzaiola. Proiektua pentsatuta nuenez, ez naiz tranpa horretan erori.

Z aroari ongi etorria eman nahi diozu diskoarekin, eta horretarako, zure belaunaldiaren bizipenak islatu dituzu…

Diskoak harreman batetik irteteko uneaz hitz egiten du. Nola sentitzen zaren eta zer den egiten duzun hori… nik bidaia bat kontatu dut, eta uste dut jende asko identifikatuta senti daitekeela. Hasieran, adibidez, harremana apurtzen denean, bakardadea da nagusi. Pixkanaka-pixkanaka hainbat sentimendu azaleratzen dira: tristura, lagunekin festan ateratzeko gogoa, ahazteko gogoa… horiek guztiak azaleratu nahi izan ditut bidaia bat izango balitz bezala.

Aimarz. Andoni Clavo

Abestiz abesti kontatzen duzu bidaia hori, ezta?

Bidaia kontatzea nire errealitatea kontatzea izan da. Diskoaren hasieran nire arrebari kontatzen diot sentitzen dudana. Hurrengo abestiak pertsona batek maite zaituenean, baina aldi berean zurekin egon ezin duen momentu horri buruz hitz egiten du. Noski, hortik sortzen da amorru sentimendua. Beste sentimendu batzuei ere lekua egin nahi izan diet, adibidez, askok sentitzen dugun sentimendu bat harreman bat amaitzen denean: intseguritatea. Diskoaren puntu batean, bi pertsonen arteko maitasun hori presente dago, baina jada beste sentimendu batzuk agertzen dira: kontziente zara jada ezer ez dela berdina, arraroa dela… Hor Euskoprincessekin egindako abestia heltzen da, Janguea. Lagunekin putzutik irten eta uda berri bat hasten ari dela sentitzeko lehen saiakera deskribatzen dugu abestian. Diskoan aurrera egin ahala, abesti bakoitzak jarraituko du prozesu eta bidaia horren beste egoera bat aurkezten. 'Osteguna' abestiak unibertsitatean ohikoa den ostegun bat aurkezten du, non hausturak min gutxiago egiten duen, eta horren ostean Puta nostalgia heltzen da, adibidez.

Euskoprincess ez ezik, beste hainbat kolaboratzaile izan dituzu…

Niretzat Anixe, Euskoprincess, Aiert, Hazas, Malakias, Irati eta Mattin, kolaboratzaileak ez ezik, albumaren sorkuntza prozesuan ikusi eta en-tzun ditudan artistak dira, eta haiengandik ere asko ikasi dut. Haiek pertsonalki ezagutzeak ere asko lagundu dit.

Hainbat estilo uztartu dituzu, “musika urbanoa” estilo handi horretan sartu ahal dugu zure lana?

Nik esango nuke ezetz. Ez dakit ondo nola azaldu… Pop genero handia da eta nik uste popetik sortu dudala guztia. Urbanoa ere bada, baditu bere ikutuak, baina nahasketa oso handia da… Hyperpopa ez da genero urbanoan sartzen, adibidez. Badaude beste ikutu batzuk, adibidez, musika latinoagoa. Nire burua oso ondo azaltzen duen nahasketa bat izan da diskoa.

Esango zenuke, orduan, diskoa kontzeptu batetik jaiotzen dela, eta horren inguruan zure gustuko estiloak sartu dituzula?

Bai, hori da, diskoa istorio bat da, kon-tzeptu bat, eta momentuan abestiak sentiarazten didanaren arabera erabakiak hartu ditut. Zerbait gehitu diot, zerbait kendu diot… nik entzuten dudanaren collage bat da.

 Aurkezpena jada egin duzu, eta Boga Boga jaialdian ere egon zara. Hainbat data dituzu aurretik. Zer leku du zuzenekoak proiektu honetan?

Berezia da. Kontzertu batzuk egin ditut, baina abesti hauek berriak dira. Jendeak ez ditu hasieran abestuko, baina espero dut jendeak abestiekin konektatzea. Gainera, kontzertuak emateko modua aldatu dut, set-etan banatu ditut abestiak eta jarraipen bat bermatu dut horien artean. Nik uste dibertigarriagoa izango dela. Zumarragoa jada izan zen eta eztanda moduko bat izan zen. Niretzat zuzenekoak izango dira zer egiteko gai naizen erakusteko unea.