Gaurik ilunenaren desiraren odan murgiltzeko deia eginda, eta kantu bakoi-tzeko esaldi bakoitza taupada basati bilakatzeko euren asmoa iragarrita aurkeztu du laugarren lan luzea Nevadah taldeak: Outta time. Taldekideak garaiz kanpo sentitzen direla iragartzen duen lana, baina, ez dator edozein sasoitan: taldearen 10.urteurrena biribiltzen duen diskoa da, bilduma argitaratu eta hori aurkezten ariko baitira han eta hemen Ekhi Arrieta (ahotsa), Liher Arteaga (gitarra), Jon Agirrebeitia (gitarra), Anartz Ugarte (baxua) eta Pello Baños (bateria).
Nevadah 2014an Durangaldean sortutako taldea da, rock-and-rolla, garagea eta bluesa estiloak jorra-tzen dituena. 2016an lehen maketa argitaratu ostean, 2018an estudioko lehen lana grabatu zuten: We’re Coming to You. Urte hauetan, Euskal Herriko eszenatoki ugaritan erakutsi dute euren musika, aurreko abeslari Jon Agirrek taldea utzi zuen arte. 2021an, berriz, Arrieta abeslari modura sartu zen, eta hurrengo urtean euren hirugarren diskoa grabatu zuten: Still Goes On.
Lan berriagaz, baina, “heldutasuna” lortu dutela onartu dute Arriagabeitiak eta Arrietak: “Uste dugu heldutasun maila batera ailegatu garela lan honekin, ze dagoeneko talde bezala egonkortu gara, gure soinua aurkitu dugu. Orain arteko lanetan lortu ez dugun batasun hori nabaritzen da azken lan honetan”.
Arrieta ere, lan honekin “guztiz integratuta” sentitzen da taldean. Izan ere, aurreko diskoa grabatzeko zegoela sartu zen taldean, eta lehenengo urte horretan bere lekua topatzen ibili zela onartu du, bere ahots soinua eta estiloa bilatzen. “Oraingoan, baina, askoz ere erosoago ibili naiz, egoerari neurria hartuta, taldean erabat integratuta”, onartu du.
Eta, soinuari erreparatuta, emaitza “oso ona” lortu dutela uste dute. Ze, taldearen ibilbideak aurrera egin ahala, beraiek ere beraien soinurik “pertsonalena, gustukoena” aurkitu dute. Laborategian ibili direla horretan dio Agirrebeitiak, eta onartu du “zertxobait” esperimentatu dutela. Adibide modura, balada moduko bat osatu dutela dio, Mare izenekoa.
LAUGARRENA, ILUNAGOA
Arrietak baieztatu du badaudela kantu batzuk zeintzuk “ilunagoak edo sakonagoak” diren, bai letra aldetik bai musikalki. “Hala ere, aurrekoan modura, modu naturalean osatu ditugu kantuak, eta ez gara beti desberdintasuna bilatzen aritu”, kontatu du. Bereizketa modura, Agirrebeitiak dio gitarra aurreko lanean baino gehiago landu dutela azken honetan: “Perkusioa ere sartu dugu. Esperimentatu dugu apurbat, baina denbora aldetik justu ibili gara”
Soinu ilunagoak antzematen dira, baina rock-and-rollagaz jarraitu dute, Nevadahren estiloa mantenduz. “Gure estiloa hor dago. Nabaritzen da hasierako blues doinuak rock-and-rollerantz jo dutela gehiago, baita garaje edota soinu eskandinaviagoetarantz ere”, azaldu du Arrietak, eta Agirrebeitiak gehitu du “soinu australiarra” ere badutela.
Iturri askotatik edaten dute, eta beraien influentziaj nabariak dira beraien lanean: “Guk entzuten duguna islatzen dugu, baina lana rockeroa da oso. Gu rockeroak gara eta musika hori egin gura dugu”. Iturriengantik galdetuta, bakoitzak bereak dituela diote musikariek, baina orokorrean, taldean, rock eskandinaviarra, britainiarra, australiarra edota musika Estatu Batuarra entzuten dutela diote, azken herrialdearen kasuan, bluesari dagokionez. Zenbait talde aipatu dituzte, AC/DC edota Radio Birdman, kasu.
GARAIZ KANPO
Talde horiek dira, euren lan berriaren izenburuak esaten duen modura, “beste garai batekoak”. Outta time jarri diote izenburu, garaiz kanpo sentitzen direla oinarri hartuta. “Oraingo musika mugimenduan alde batera sentitzen gara, eta entzuten den musika ez dator bat gure infuen-tziekin. Denboraz edo lekuz kanpo sentitzen gara, baina adierazi gura dugu, hala ere, hemen jarraitzen dugula. Aurrera egiten, sortzen, errespetatzen, baina beti gure musikari ukitu retro bat ematen. Lan berri honen diseinuan ere nabaria da hori”, azpimarratu du Agirrebeitiak. Gehitu du, egiten duten musika lehenagoko musika jarraituz eta errespetatuz egiten dutela, hori eguneratuz edo gaurkotuz.
Eta, hori guztia, zazpi kantutan jaso dute. Eta, kantuak egiterakoan mezu bat bidaltzen dela jakitun, gizarteari erreparatu eta zenbait jokabide islatu dituzte. Hala, gaur egungo gizartean horren presente dagoen zerbait galdu izanaren edo galtzearen beldurraz hitz egin dute Oin ez kantuan, leku guztietan egoteko behar horretaz, alegia. Hoppeless Generation abestian, esaterako, gizartea islatzen dute, baita Lastring home kantuan ere: “Eromena islatzen dugu. Artalde baten modura bizi garela diogu. Ze, egunerokotasunean, lanera joan, berandura arte lanean ibili eta etxera trenean burumakur bueltatzen gara”. Eta, guzti horri aurre egiteko musika erabiltzen dutela dio Arrietak: “Profesionalki gure beharrak ditugu, baina musika gure dosia da, motibatzeko era bat”.
Iazko irailean hasi zuten disko berriaren sortze prozesua, abuztuan, Bilboko jaietan, pandemiaren ostean argitaratu zuten Still Goes On lanaren azken kontzertua eskaini eta gero. “Zerbait berria” egiteko ideia izan, eta “ti-ta” batean hori sortzen hasi ziren, konstantzia mantenduz.
Zazpi dira aukeratu dituzten abestiak, baina gehiago ere izan dituzte. Hala ere, diskoari batasuna emateko asmoz, zazpi izan dira aukeratuak. “Zentzu oso bat eman gura izan diogu diskoari, eta, nahiz eta kantu bakoitzak bere ukitua duen —batzuk ilunagoak dira, beste batzuk mugituagoak—, euren artean lotu ditugu, emaitza on bat bilatuz”, azaldu du Arrietak.
Aurreko diskoetan legez, oraingoan ere ingelesez kantatzen dituzte abesti gehienak, baina euskara era aurki daiteke diskoan. “Oraingoan kanta bakarra da euskarazkoa: Oin ez. Gure influentziak kanpoko musikariak eta taldeak diren heinean, inspiratzen gaituen hori egiten dugu, ingelesez abestea, kasu. Baina, euskara presente izan gura izan dugu”, esan du Arrietak. Inegelesez “era naturalean” kantatzen dutela dio Agirrebeitiak, eta azken urteetan euskarari bere balioa eman diotela ere bai: “Bagoaz pixkanaka euskaraz abesten, ze euskaldun sentitzen gara eta gure hizkuntza zaindu behar dugu”.
Iruñako Sound of Sirens estudioan Julen Urzaizekin grabatu dute laugarren diskoa, “zeozer freskoagoa” bilatzen zutelako: “Zerbait freskoa izatea nahi genuen, eta lehenengo aldiz grabatu dugu Julenekin. Horrek ez du esan nahi aurrekoek ez gintuztela konbentzitu, ez, baina belaunaldi berriekin lan egin gura genuen, hasten ari den jendearekin lan egin, eta Julenekin oso gustora geratu gara”. Hain gustura geratu dira ze, Urzaizi “alkimista musikala” deitzen dioten: “Oso babestuta sentitu gara, gurekin buru-belarri ibili da lanean. Berarentzako ere erronka bat izan da, esperientzia polita”
GRABAKETA, ZUZENEKOEN PARE
Gainera, oraingoan, musikari guztiek elkarrekin grabatu dute lan osoa, une berean, grabazio estudioa zuzeneko eszenatokia balitz bezala: “Zuzenean egongo bagina bezala grabatu genuen, naturaltasun horri garrantzia handia emanez. Erronka izan da, bai guretzako, bai Julenentzako, denok lehenengo aldiz grabatu baitugu horrela. Eta, uste dugu, azken produktuagaz denok oso pozik geratu garela”.
Ekainaren 20an argitaratu zuten lana, eta dagoeneko jaso dituzte lehenengo iritziak. “Positiboak” izan direla diote, baina oraindik ere entzuleek denbora gehiago behar dutela uste dute: “Lehen iritzia positiboa izan da, baina egia da oraindik ez dela denbora asko egon diskoa barneratzeko. Argitaratu bezain pronto hasi gara lana erakusten, aurkezten. Biragaz hasi gara, eta pare bat kontzertu daramatzagu. Momentuz, erantzuna oso ona izan da, baina oraindik jendea produktua dastatzen ari da”.
Kontzertu pilo bat dituzte aurreikusita, eta horretarako “gogotsu” daude taldekideak. “Ona da lana egindakoan hori jendeaurrean erakutsi eta oholtzara igotzeko aukera izatea. Dagoeneko lau kontzertu eman ditugu, eta ilusioz beteta gaude, gogotsu. Diskoa grabatuta, zuzenekoetara begira jartzen gara denok: hainbeste aldiz entzun, dastatu, ukitu dugun amaierako produktu hori erakusteko gogoz. Izan ere, zuzenekoak dira gehien disfrutatzen ditugunak”.
Hala, duela hamar urte espero ez zuten unera ailegatu dira: hamar urtez musika sortzen eta oholtzetan hori erakusten ibiltzera. “2014ko irailean hasi genuen bidea, lagunartean, eta ohartu orduko hamar urte pasatu dira. Ez genuen onaino ailegatzea espero. Lagun artean hasi ginen, entseatzen, musika jotzeko lokalera barikuetan joaten”. Ez zuten musika talde bat sor-tzeko asmorik ere ez, baina 2015ean Bilbon lehen kontzertua eskaini ostean, aurrera egiten hasi, eszena horri gustua hartu eta lanean diraute, aurrera begirako bidean atzera begirako “ukitu retroa” emanez pausoak ematen.