GEOGRAFIA, historia, kultura, mitologia, sinbologia…. Askotariko euskal gaiak ezagutu eta ikasteko euskarria da Zenbat dugun kontatzeko! mapa ilustratua. Euskarri koloretsuak euskara eskolatik at lantzeko tresna izatea du helburu, beti ere, era ludikoan. Zazpi probintziak irudikatzen dituen marrazkiarekin batera, inguruan badira tresna zukutzeko galdera sorta, enigma eta ezkutuko jolas arinak. Celine Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko koordinatzaileak azaldu ditu maparen nondik norakoak eta xedeak. 

Lau elkarteren artean aurkeztu duzue egitasmoa. Nola sortu zen ideia?

Duela pare bat urte asmo batekin bildu ginen lau elkarteetako koordinatzaileak: nahi genuen sortu euskarri bat euskaraz, noski, eta haurrek etxera eraman zezaketena. Helburua zen haurrek euskara eskolatik kanpo erabiltzea eta etxeetara eramatea.

Horrela sortu zenuten ‘Zenbat dugun kontatzeko!’ mapa ilustratua. Laburbilduz, zertan datza euskarria?

Euskal Herriko mapa bat da, ilustratua eta ludikoa. Ikasi eta jostatu, biak egin ditzakete haurrek. Mapa baliatuko dute eta euskara eta euskal kultura ezagutaraziko dituzte. Batetik, mapari esker, haurrek Euskal Herriko geografia ezagutu dezakete. Bestetik, bere historia eta kultura ere ezagutu ditzakete. Horregatik mapa bat; izan ere, mapa batek gauza asko kontatu ahal ditu. 

Kultura, historia, geografia… Zein toki aurki di-tzakegu mapan?

Batetik, noski, leku enblematikoak: Amaiurko gaztelua, Gaztelugatxe, Abadia, Erriberriko gaztelua, Gasteizko katedrala, Arantzazu… Eta, bestalde, probintzia bakoitzaren berezitasunak azpimarratu ditugu. Leku ezagunak eta ez hain ezagunak aipatu ditugu, helburua ere badelako Euskal Herria ezagutaraztea. Elkarte historikoak ere aipatu ditugu: Begiraleak dantza elkartea, Kaskarotak inauteriei lotuak… Probintzika antolatuta dago mapa, eta lurralde bakoitzaren sinboloak eta elementuak kokatu ditugu. Probintzia bakoitzeko hiriburuak kokatu ditugu, eta baita jaietako pertsonaiak ere. 

Horrez gain, zenbait elementu jostagarri erantsi dizkiozue mapari?

Maparen inguruan badira jokoak. Galderak, hitz ezkutuak, enigmak… eta erantzun guztiak mapan dira. Mapa begiratuz eta aztertuz aurki daitezke erantzunak. Esaterako, haurrek mapan aurkitu behar dituzte mitologiako pertsonaiak. Helburua ere bada gurasoekin batera aritzea, guraso eta haurren arteko trukaketa ahalbide-tzea. 

Pertsona bat maparekin Lorentxa Saragueta

Erantzunak mapan bertan daudela aipatu duzu. Erantzunak beste nonbaiten aurki daitezke?

Bai. Ez badituzte erantzunak aurkitzen, QR kode bat dago maparen gainean eta bertan klikatuz Euskal Kultur Erakundearen webgunearen lotura batera bideratzen ditu haurrak. Gurasoek nahiko balute, web orri horretan informazio anitz dago urrunago joateko euskal kultura ezagutzeko. 

Aipatu duzu etxean lantzeko dela. Eskolan ere landuko da?

Mapa euskara ikasten duten 10 urteko ikasle guztiei banatu zaie; guztira, 1.300 ale banatu dira. Horrez gain, ikasgela bakoitzean ere mapa bat jarri da irakasleekin landu ahal izateko; izan ere, mapa tresna pedagogikoa ere bada euskal kultura lantzeko: historia, geografia… gauza aunitz landu ahal dira mapa horri esker. Helburua da urtero banatzea 10 urteko ikasleei mapa bana.

Gai ezberdinei lotutako kontzeptuak biltzen ditu mapak. Nolakoa izan da edukiak aukeratu eta antolatzeko prozesua?

Elkarlan luze baten emaitza izan da. Lana banatu dugu, eta gero baieztatu elementuak baieztatu ditugu gure artean, ditugun ezagutzen arabera. Ikerketa lana ere egin dugu, noski. Bestetik, Euskal kultur erakundeak ere eman dio begirada bat eta baieztatu du informazioa zuzena dela; izan ere, haiek dira kulturaren zaindariak. Halere, ez dugu dena sartu, ezin baita dena sartu. Hautuak egin dira. Dena den, mapa ez da finkoa eta beti garatu ahalko da, moldatu; ez da bere horretan geratuko. 

Prozesuaren zein alderdi azpimarratuko zenuke modu positiboan?

Oso polita izan da elkarlanean aritzea. Bakoi-tza gure zokotik ari gara eta biltzean izan da trukatze polit bat gure artean. Ohartu gara erronka berberak ditugula: euskararen garran-tzia nabarmentzea eta euskara eskolatik kanpo eramatea. Hori da lau elkarteon lehentasuna. Helburua ere bazen euskal kultura hedatzea, eta pozik gaude emaitzarekin.

Alderdi ludikoa indartu nahi izan duzue. Zergatik da garrantzitsua?

Nahi genuen mapa izatea polita, ilustrazio landuekin, gelak apaintzeko modukoa eta jostagarria. Haurrak jokatzen ahal dira maparen eta amesteko aukera ematen die. Ikasteko ez ezik, irudimena lantzeko tresna ere bada.

Zer lor daiteke mapa ilustratu honen bidez?

Bideak sortu ditzake; historia, kultura, inauteriak, mitologia…. Mapa gai asko lantzeko bideak ireki ahalko dituen euskarri bat da. Geletan eta etxeetan erabiliko dute, eta euskaraz. Helburua euskara eta Euskal Herria ezagutaraztea da, eta euskaraz aritzea.