Izotz eta Alboka taldeetan aritu den Xabi San Sebastian musikariak (Donostia, 1967) Betazalak deituriko bakarkako bosgarren diskoa argitaratu du, Belarri ekoiztetxearen laguntzaz. Folk kantautore baten disko gisa definitu du San Sebastianek azken lana. Gitarra akustiko, biolin, txelo, kontrabaxu, eskusoinu, piano eta bateria soinuekin, hamar abestiz osatutako diskoa ondu du. 

Zergatik ‘Betazalak’ izenburua?

Kantu guztiak ia bukatuta zeudenean buelta dezente eman nizkion izenburuari. Azkenean, nire bost urteko semeari galdetu nion zer jarri beharko nukeen eta hark “begi-zabal” esan zidan. Hortik tira eginda, Begizabal deitzea ideia ona iruditu zitzaidan. Izan ere, badaude kantu asko ikuspegi kritikoarekin eta errealitateari begiratu nahi diotenak; orduan, betazala da ikusi eta ez ikustearen arteko muga hori.

Ba al dago diskoan horren inguruko erreferentziarik?

‘Betazalak’ hitza bera ez da aipatzen baina kanpora begiratzeko kontzeptu hori askotan agertzen da, baita barrura begiratzekoa ere. Betazalak irekita kanpoan daukaguna ikus dezakegu eta betazalak ixterakoan barrukoa ikusten dugu. Biak beharrezkoak direla uste dut.

Zein influentzia dago disko honen atzean?

Musikaltasunetik nik uste dut nahiko folk anglosa-xoia entzuten dela diskoan. Muinean, Xabier Lete dagoela esango nuke. Duela bizpahiru urte Leteren Loreak eta Zauriak ikuskizunean egon nintzen. Bertan, Leteren kantak abesten egon nintzen eta barruan sartu zi-tzaidan bere kantagintza, eta diskoan antzematen dela esango nuke: bere begirada kritikoa, bere gordintasuna…

Aurretiaz, beste hainbat artistekin lan egin duzu. Esperientzia horiek, nolabait, diskoan nabari direla esango zenuke?

Noski baietz, esperientzia guztiak barruan daude eta kantak sortzerakoan ateratzen dira. Alboka taldearekin, adibidez, euskal musika tradizionalaren muina lantzen genuen. Alboka taldearen diskoa bezala, disko hau akustikoa da, egurrezko eta haragizko diskoa da, plastiko gutxikoa, autotune eta elektronikarik gabekoa.

Oro har, erritmo lasaiak biltzen dituzten abestiez osatuta dago diskoa. Entzuleari helarazten diozun mezua ulertzen edo sentitzen lagun-tzen dio?

Baietz esango nuke. Hitzak erdi-erdian daude disko honetan eta horri garrantzia eman diot: hitzari eta ahotsari, hain zuzen. Horren inguruan beste guztia eraiki dut; hala ere, badira kantu batzuk erritmikoak direnak .

Adibidez, ‘Andresi’ kanta zure birraitonan oinarrituta dago. Zer eragin izan du zugan abesti hau sortzeak?

Nolabaiteko zor bat kitatzea izan da. Ez guztiz, nik nire birraitona Andresen hezurrak aurkitu nahi baititut, baina, bitartean, hemen dago kanta. Andres anarkista zen, gerran atxilotu, Santoñako El Dueso espetxera eraman eta han desagerrarazi zuten. Horren inguruan ikertzen ibili naiz. Aranzadi Elkarteak eta Gogora Institutuak txosten bat bidali ziguten, batez ere frankistek egindako dokumentazioarekin. Asko harritu ninduen zerbait zegoen bertan: hiltzerakoan bere jabetzak zeintzuk ziren zehazten zuen dokumentu bat zegoen, eta horrekin hasten da kantua: Trenbideko langile txartela, bizarra ken-tzeko bi aitzur, txiskeroa…

‘Ardi gosetua’ abestian John Miltonen ‘Lycidas’ poemari egiten diozu erreferentzia. Zergatik hautatu duzu poema hori?

Disko hau argitaratu aurretik zuzenekoetan abesten nuen. Alan Mooren komiki batean topatu nuen poema. Indar asko zuela iruditu zitzaidan, hortaz, euskaratu nuen eta kontzertuetan jo ondoren ohartu nintzen hitz bat gaizki itzuli nuela: The hungry sheep are not fed zioen letrak, eta nik “fed” horren ordez, “red” ulertu nuen; alegia, gose ziren ardiak ez zirela gorriak. Grabatzerakoan horren kontziente nintzen, baina horrela gustatzen zait, misterioa ematen diolako. 

Nola sailkatuko zenituzke diskoan jorratzen dituzun gaiak?

Orokorrean, poesia politikoa da. Batzuek barrura begiratzen dute, besteek ingurunearen argazki moduko bat egiten dute. Garaiak nahiko nahasi ikusten ditut gaur egun, beraz, garrantzitsua da kanpora begiratzea, betazalak irekita eduki eta errealitatea den bezala begiratzea, baina ezinezkoa da denbora guztian horrela begiratzea. Oso garrantzitsua da, adibidez, Palestinan hiltzen ari diren guztiei begiratzea, baina ezinezkoa da eguneko 24 orduak horri begiratzen egotea. Noizbehinka begiak itxi behar dira, barruko berotasunari begiratuz, bestela erotuko ginateke. Oso presente eduki dut diskoa egiterakoan Antonio Gramsci italiarraren esaldi famatu bat: Arrazoiaren ezkortasunaren aldamenean borondatearen baikortasuna. Garrantzitsuak dira biak: arrazoiarekin gauzak epaitzea eta aztertzea, baita begiak ixtea eta barruan daukagun motorraren berotasuna sentitzea ere. 

Oro har, abestiak nahiko hunkigarriak dira. Zer da horien bidez helarazi nahi duzuna?

Gauza bat gertatzen zait Xabier Leteren ikuskizuna egin genuenetik. Kontzertu bakoitzean hunkitzen nintzen eta negar egiten nuen. Geroztik, nolabaiteko iturri bat ireki zait eta orain kontzertu guztietan badago momenturen bat non zirrarak gainezka egiten didan.