Rockaren ekosisteman kokatzen badugu ere, estilo berri batean murgiltzen zegoela sentitu zuen Lide Hernando (1991, Donostia) abeslariak. Bere sustraietara itzultzeko gogoz, rock estilotik aldendu eta kantaera beltza duen ahots eta erritmoz beteriko proiektua abiarazi du. Proiektu pertsonala, beretik eta berarentzat egina, baina publikoari gozamenerako tartea emateko gogoz. Dioenez, barne iraultza baten fruitua da Bele.

Lehenengo eta behin zorionak proiektu berriagatik. Rocketik aldendu eta beste estilo batera salto egin duzu. Ezustekoa izan al da inguruekoentzat?

Denetarik egon da. Gertukoei ez die ezustean harrapatu, nahiko mugimendu logikoa iruditu zaie. Beste batzuek, aldiz, harriduraz hartu dute; hain justu, nire beste irudi bat zutenek edo Liher taldearekin lotzen nautenek. Batzuek bakarkako proiektu berri bat egingo nuela entzun zutenean, ohikoagoa den mugimendu bat egingo nuela uste izan zuten; alegia, gitarra akustiko bat hartu eta kantautorearen bideari ekingo niola. Dena den, Zerua irabazi lana ezagutzea ustekabea izan da horientzat.

‘Zerua irabazi’ lana aurkeztu duzu. Zer nolako harrera izan du abesti berriak?

Harrera polita izan du, niri behintzat, gauza onak esan dizkidate, eta sinetsi egin behar. Ausardia goraipatu didate; estiloz aldatu eta jendeak espero ez duena egitearen ausardia. Jendea hurrengo pausoak ikusteko gogoz dagoela sumatu dut eta hori ona da, badaukat eta zer erakutsi.

Proiektu berriaren aurkezpen bideoan urduritasuna eta beldurra sentitzen senituela aipatzen zenuen.

Horrelakoa naiz. Nire inguruan beti esaten didate burugogorrei kasurik ez egiteko, jendeak esaten duen horrekin ez itsutzeko. Azken finean, hori da gure publikotik nahi ez duguna, ezta? Baina asko pentsatzen dut jendeak esango duen horretan eta beti nahi dut mundu guztiari ondo iruditzea, frustrazio konstantea da. Oso txarto hartzen ditut kritika negatiboak. Izaerarekin lotuta joango da, baina baita emakumea naizelako. Gauza femeninoa da, gizarteak erakutsi diguna. Txintxoak eta onak izan behar gara; jendea asaldatu gabe eta izutu gabe. Horrelako aldaketek harritu egiten dute jendea, eta askok harridura ukatu egiten dute. Nire buruarekin borroka etengabean aritzen naiz batzuetan.

“Itxialdian Liherrerako melodia berriak sortzen hasi nintzen, eta orduan konturatu nintzen rocketik aldenduta nenbilela. Une hori izan zen berriz musika beltza berreskuratu nuena”

“Ona izan nahi dut, berdin du zehazki zertan, buruak biratu kaletik pasatzean”. Horrela hasten da ‘Zerua irabazi’ kanta. Aipatutakoaren ildotik doa?

Aurkezpen bideoan sentitzen nuen horrekin lotuta dago. Zintzotasunaren diktaduran sartuta gaudela kontatu nahi dut, beti zerua irabazi nahian. Txintxoak izan eta gauza onak egin. Ez dugu akatsik egitea onartzen, bereziki emakumeok, eta kanpora begira zintzoak izateko beharrizan etengabe horretan, gure benetako izaeratik gauza asko uzten ditugu bazterrean. Azken finean, inposatutako zintzotasun ideia horren menpe gaude, eta benetan ez garenaren jarrera inposatzen dugu. Halako zerbait transmititu nahi izan dut abestiarekin.

Beraz, ausardiaz kaleratu duzu Bele proiektua?

Barne iraultza bat da Bele; konturatu nintzelako musika beltzaren estilo hau egin nahi nuela eta proiektu hau aurrera eramateak poztasun handia ematen didalako. Egin nahi nuen eta egin dut. Lehenik eta behin, nik eta niretzat egindako proiektua da. Azkenean, hiru urte pasa dira. Hiru urte pentsatzen: nola atera, zer egin, nola egin, zein abesti aukeratu… Eta bestetik, prozesu pertsonal bat ere izan da, jende aurrean aldaketa bat emateko eta ikusteko.

Hiru urtez landu duzu. Mimoz sortzen doan proiektua da?

Mimo handiarekin egindako proiektua da Bele. Epemugarik ez dugunez, denbora dugunean joaten gara estudiora. Bertan, abesti bakoitza lantzen dugu guri ezin dela hobetu iruditzen zaigun arte, su txikitan. Hori bai, abestiren batekin kateatzen bagara, beste bati heltzen diogu, lehenengo horri arnasa emateko. Horrela, bueltan freskoago gaude ideia horiek libratu ahal izateko. Denbora izateak modu askean sortzeko aukera eskaintzen digu. Liher taldeko gitarra jotzaile Iñigo Etxarri eta biok ari gara sortzen. Abestiak estudioan egiten ditugu, instrumentu birtualak erabilita. Hala, digitalean sortutako instrumentuak nahi beste moldatzen ditugu. Asko esperimentatzen ari gara eta asko ikasten. Generoa biok ezagutzen dugu baina ez gara adituak, eta ez dakigunez ondo zein soinu erabiltzen den molde honetan, probatu egiten dugu eta gustatuz gero, aurrera egiten dugu. Horrek freskotasuna ematen dio musikari.

Oraindik ez dira entseatzen hasi; kontzertuak 2024an hasiko dituzte. Iratxe Etxeandia

Nolatan piztu zaizu aldaketarako grina?

Rocka gustuko dut, baina inoiz ez da izan nire generorik gogokoena. Etxean betidanik abestu dut soula, aramby, gospela… Orokorrean, musika beltza. Eta itxialdian denbora libre gehiago nuenez, askok bezala, Liherrerako izango ziren melodia berriak sortzen hasi nintzen. Sortze prozesu horretan konturatu nintzen rocketik aldenduta nenbilela eta entzuten nuen musika ez zela rocka. Une hori izan zen berriro ere musika beltza berreskuratu nuena, nire sustraietara itzuli nintzen unea.

Noiztik eta nondik datorkizu musika beltzarekiko zaletasuna?

Txiki txikitatik datorkit, eta ez gurasoek musika hori asko jartzen zidatelako. Umetatik arreta deitu didate emakume beltzen ahotsak kantatzen, Aretha Franklin, Stevie Wonder eta Whitney Houstonenak, adibidez. Ahots askeak dira, ez dira konpasetara kokatzen eta aldakorrak eta bihurriak iruditzen zitzaizkidan. Txikitatik hasi nintzen beraiek bezala abesten, hauek imitatzen eta konturatu nintzen nire estiloa imitazio horretatik zetorrela.

Eta musika beltzari dagokionez, zein bilakaera izan du umetako Lide horrek Bele jaio den arte?

Txikitatik antzeratzen hasi banintzen ere, soul estiloan murgildu nintzen. Hastapenak piano jotzaile batekin kalean kantuan izan ziren. Noski, aurretik aipatutako abeslarien bertsioak kantatzen nituen eta garai hartan ez nuen pentsatu ere egiten sortzea posible nuenik. Orduan, Liher taldearekin hasi nintzen eta 2020an, itxialdian, ahaldunduta sentitu nintzen horrelako musika sortzeko. Gainera, Euskal Herrian gutxiago entzuten da estilo horrelako musika, eta, are gutxiago, euskaraz. Horrela konturatu nintzen ez zitzaidala saiatzea axola. Ausardiaz sentitu nintzen eta aurrera egin nuen.

Liherrekin topera zabiltzate kontzertuak ematen. Nola uztartzen dituzu bi proiektuak?

Hala da, orain kontzertuak ematen gabiltza eta hala jarraituko dugu. Erraza egiten zait bi proiektuak uztartzea; leku ezberdinetatik sortzen dira eta gauzatzea ere oso ezberdina da. Liher bertakoa da, banda bat lokalean, distortsioa, jo eta jo eta oihu egin. Bele, aldiz, estudioan sortu dugu eta ez dugu instrumenturik jotzen, dena modu digitalean sortzen dugu. Ez ditut nahasten. Badago abestiren bat, aldatzen den instrumentuaren arabera, Liher izan daitekeena, baina bestela, niretzako arazo bakarra denbora falta da.

“11 abesti inguru bilduko ditu Bele proiektuak. Musika afro amerikarrean kokatzen da dena, beti ere, gaur egungo pop urbanora ekarrita”

Eta zer aurkituko dugu Bele proiektuan?

11 abesti inguru izango dira, oraindik zehazteke daudenak. Musika afro amerikarrean kokatzen da dena, beti ere gaur egungo pop urbanora ekarrita. Baina badaude soul estiloko baladak, ukitu latindarra dutenak edo dancehall estilotik gehiago edaten dutenak, baita aramby azkarragoko abesti dantzagarri batzuk ere.

Eta nola ikusten duzu euskal kulturaren ekosisteman emakumearen papera.

Hobetzen doala argi dago. Gero eta gehiago gara eta askotariko musika egiten dugu. Ez daude emakumeak rockean bakarrik. Reggaetonean, proiektu eta talde elektronikoetan, popean... Denean gaude eta ondo hartzen ari da jendea orokorrean. Nik bederatzi urte inguru daramatzat ekosistema honen parte izaten. Ez nago nekatuta, alderantziz, oso pozik eta gogotsu nago.

Nola eta noiz iritsiko zaizkigu abestiak?

Laster bigarren abesti bat kaleratuko dugu bideokliparekin, eta urtea amaitu aurretik beste batek ere ikusiko du argia. Euskarri fisikoa atera edo ez, erabaki gabe daukat. Diskoak gero eta gutxiago kontsumitzen dira eta ez dakit musika estilo honetako binilo zalerik dagoen, beraz, galdetu egingo dut eta aurrerago erabakia hartu. Printzipioz abesti guztiak 2024ko hasieran egongo dira entzungai.

Eta kontzertuak? Taldea prest al dago?

Ilusioa bezain beste beldur daukat. Taldea existitzen da, baina oraindik ez gara entseatzen hasi eta kontzertuak 2024an hasiko dira. Oso gogotsu nago kontzertuetarako, baita beldurtuta ere. Orain arte egindakoarekin alderatuta, oso ezberdina izango da Beleren zuzenekoa. Musikariok entzungailua eramango dugu eta tempoa egongo da soinu batzuk ziztu bizian igoko direlako, argiak ere indartsuak dira, garrantzia berezia izango dute eta dena askoz elektronikoagoa izango da. Gainera, instrumentu gabe egongo naiz eta performance guztia egin beharko dut gitarra baten atzean ezkutatu gabe. Dantzatzeko gogoz nago eta jendearen harrera ikusteko ere gogoa daukat. Niretzat ia guztiaren helmuga kontzertua da, kontzerturik gabe ez nuke egingo. Izugarri disfrutatzen dut.