Potxokak eta itsasoak ez dute erlazio handirik hasiera batean, behinik behin. Mendian libre ibiltzen diren animaliak izaten dira normalean, larre berdeetan gora eta behera. Baina bada potxoka berezi bat, bakarra, olatu gainean dantzan ikus daitekeena. Ez da elezaharretako animalia bat, baina bai bihurtu da mito. Aritz Aranburu da bera: surflari zarauztar ezaguna, mundu mailako Championship Tour surf liga garrantzitsuenean sartzea lortu zuen lehen kirolari europarra eta taula gainean edonolako olatu desberdinak menperatzen saiatu den gizona. Azken hogei urteetan uraren inguruan bizitako abentura asko liburu batean bildu ditu orain, Javi Muñoz Pacotwo argazkilari eta adiskideak ateratako argazkiekin lagunduta.

124 orrialdetan bere alderik pertsonalena erakusten du, azken bi hamarkadetan Javi Muñozek bere kamerarekin betikotu dituen momentuak ardatz hartuta. Izenburutzat lagun surflari batzuk jarri zioten ezizena aukeratu dute, bere hanka labur baina gihartsuak zirela eta: Potxoka. Olatu desberdinen gainean eta uretatik kanpo ere izandako bizipenak kontatzen dituen proiektua da. Pacotwok ideiatu zuen, gordeta zituen argazki bilduma batetik abiatuta. “Ideia honekin etorri zitzaidan, esanez publikatu gabeko argazki batzuk zeuzkala gordeta, eta ea zer iruditzen zitzaidan liburu bat ateratzea. Niri asko gustatu zitzaidan ideia, niretzat oso polita litzatekelako horrelako gogorapen bat izatea”, azaldu du surflariak. 

Bi lagunen arteko adiskidetasuna duela hogei urte sortu zen, argazkilariak Zumaia eta Getaria artean egin zion argazki saio baten ondoren. “Betidanik surf argazkilaria izan naiz aldizkari desberdinetan. Paperarekin oso maiteminduta nago eta inon argitaratu gabe zeuden argazki asko nituen gordeta; gehienbat ez nituelako sare sozialetan argitaratu nahi. Aldizkariak behin eta berriz begiratuz hazi naiz ni; argazkiak horrela kontsumitzea gustatzen baitzait” , dio Pacotwok. 

Argazkiak eta hausnarketak

Liburua lau ataletan banatu dute: Sustraiak, Bidaiak, Adrenalina eta Tehaupoo -Tahitiko olatu baten deitura-. Azken bidaia Karibeko uharte horretara egin dute eta esperientzia horrekin batera elkarrekin bizitako momentu desberdinak batu nahi izan dituzte. Biografia argazkitua edo argazkiz lagundutako memoria bezala definitu daiteke argitalpena, nolabait. Argazkilariak kontatzen duenaren arabera, hasieran bere ideia “liburu bisual bat” egitea zen, baina, era berean, Aranburuketa biek iruzkindua. Azkenean, baina, surflariak argazkiei buruzko hausnarketak idatzi ditu eta argazkilariak, berriz, liburuaren hitzaurrea egin du. “Bidea zabalik utzi diot Aranbururi nahi zuena idazteko”, aipatu du Pacotwok. Kirolari gipuzkoarrak bere pentsatzeko erak edo argazkiak ikusterakoan burura etortzen zitzaizkionak bildu ditu liburuan: “Oso lan pertsonala da, baina ez da oso biografikoa den lan bat ere, baizik eta puntu desberdinak ukitzen dituena. Uste dut denetarik daukan liburua dela”.

Aritz Aranburu eta Javi Muñoz, liburua aurkezten.

Aritz Aranburu eta Javi Muñoz, liburua aurkezten. Hannah Wurzinger

Bi lagunen arteko adiskidetasunak garrantzia handia izan du hasiera hasieratik, bai uretan eta baita uretatik kanpora ere, sormen lan luzea izan baita. Pacotworen arabera, argazkilariaren beraren eta kirolariaren artean konektatzen duten modua da gakoetako bat. “Aritz eta biok beti konpondu gara ondo, eta, olatuez gain, ondo ulertu dugu elkar surfaz haratago zeuden gauzetan: leku berriak ezagutu, kultura berrietan murgildu...”. Aranbururentzat liburua sortzen pasa duten denbora “oso bizia” izan da: “Denbora asko pasa dugu elkarrekin atzera eta aurrera. Alde horretatik oso garrantzitsua izan da bion arteko harremana. Gehienbat ikusi dugu ilusioarekin egin dugula lan. Uste dut making of guztia oso interesgarria izan dela”.

Sentimenen zirrara

Surfa ezagutzen ez dutenentzako edo inoiz praktikatu ez dutenentzako liburu egokia dela deritze egileek; izan ere, irudi ikusgarriak biltzeaz gain, kirolari batek erronken aurrean sentitzen dituen zirrarez hitz egiten du. “Sentsazioei buruz idatzi dut eta sentsazio horiek surfean zein bizitzako beste atal desberdinetan bizi ditzakezu. Ez da liburu tekniko bat; hortaz, ez zara surflaria izan behar liburua irakurtzeko. Nahiz eta ez aritu surfean, esango nuke gogoak pizten direla surf egiteko”. Argazkien indarrak ere asko laguntzen du argitalpenaz gozatzeko, eta hori da, azken finean, Javi Muñozek bilatzen zuena: irudiek zerbait transmititzea. “Niretzat surflaria elementu bat gehiago da osotasun baten barruan. Paisaia eta jarduera bateratzea gustatzen zait. Beti esaten dut nahiago dudala argazki on bakar batengatik ezagutua izatea, hamar argazki ohikorengatik baino”. Surf mundua eta Aritz Aranbururen ibilbidea barru-barrutik ezagutu nahi dutenek, hortaz, aukera paregabea dute bi lagunen artean sortutako Potxoka lanari esker.