Sentsazio arraroaz jaitsi dut autobuseko azken koska. Ez da zorabioa, ez da gorputz txarra. Azken orduetan gertaturikoa ondo ez ulertu izana da, zentzumenen lapsus baten modukoa. Gaua zen eta leihoetatik ez zen ezer ikusten, nire aurpegi nekatuaren isla soilik. Afaria ekarri digute erretilu batean, hegazkinetan bezala. Ura bere lekuan mantentzen zen, edalontzian bare. Motorraren burrunbaren kilimak nabari nituen, baina geldi geundela egingo nuke apustu. Iritsi berritan nire kezkak azaldu dizkiot izebari. “Che, ez dituzu Panpako zuzenguneak ezagutzen”, bota du berezkoa duen graziaz. 

General Achara iritsi gara nire sustrai urrunen bilaketa bidaia honetan. Izeba eta lehengusina batzuen etxean geratuko gara. Bueno, egia esanda ez dira ez izeba ez lehengusinak, baina etiketa hori erabiltzen du nire amak familiako guztientzat. Bere adinekoak direnak nire izeba-osabak dira, nire adin ingurukoak, aldiz, lehengusuak. Familia kontzeptua (distantzien kontuak bezala) modu ezberdinean ulertzen dute Argentinan, eta hori behin baino gehiagotan ikusiko dugu. Esaterako, eurek harro diote familian behin sartuta ez zarela inoiz irteten, eta ez da txantxa. Izebaren etxean, besarkaden eta muxuen zirimola luzea iritsi da, iskin egin ezin zaion protokoloa. Maitekiro besarkatu dudan azken pertsona barrez hasi da. Agurtzera etorri den bizilaguna omen da. Urte askoan!

Argentinako mapari begira ezerezean galdua dagoen puntu bat besterik ez dela badirudi ere, General Acha pasoko lekua da. Buenos Aires hiriburua eta Barilocheko eski estazio ingurua lotzen duen errepidearen bide erdian dago. 1.700 km-ko errepidea, Donostiatik Pragara bezala. Autoz egiteko astakeria bat guretzat, bide luzexka bat besterik ez argentinarrentzat. Behin errepideko distantziei buruz hitz egiten, ‘a un mate de distancia’ (mate bateko distantzian) esamoldea erabili zuten nire lehengusuek. Mate infusioa zupatzen litro bateko ur termo batek irauten duen gutxi gorabeherako denbora da, ordu bat inguru, alegia. Batzuetan pentsatzen dut matea edaten jarraitzeagatik bide luzeagoak hartzen dituztela nahita.

Epecuénen utzitako autoa.

Epecuénen utzitako autoa. Horacio Fernandez / Wikimedia Commons

Familia ezagutzen jarraitze aldera, auto-stopari ekiteko asmoa dugu, aurrez Argentinan erraz eta emaitza onekin egin dugun bezala. Ez gara ohartu baina, dagoeneko familian sartuak gaude, eta ez digute hain erraz alde egiten utziko. “Ezagun batek gerturatuko zaituzte”, esan digute, herriko plazara jaisteko eskatu izan bagenie bezala. Gauza da nire familiari buruzko apunteetan (amak Excel taula bat sortu dit, imajina zenbat kide agurtu behar ditudan) hurrengo puntua Carhué dela, 200 km-tara dagoen herri bat. Carhuéko osabarekin bide erdian topatzea hitzartu omen dute eta modu horretan ez duela inork bidaia luzerik egin beharko esan digute irribarre batekin eskuko ur termoa astinduz.

Ibilbidea horrela labur daiteke: termo bat, hiru pertsona eta lau bihurgune. Lau bihurgune diodanean, bolantea lau aldiz mugitu behar izan duela esan nahi dut. Hauek dira hauek errepide zuzenak. Ezer aldatzen ez den paisaia surrealista. Soilik bi dimentsiotan gauzatzen den mundua. Itzalitako telebista bati begiratzea bezain aspergarria gidatzeko, baina era berean, begirada erakartzen duena, uneren batean zerbait desberdina agertuko denaren esperantza pizten diguna, baina inoiz ez dena agertzen.

Paisaia surrealistatik, leku surrealistara. “Hemen geratu gara, Macachinen. Etxean bezala sentituko zarete”. Ironia zen ala ez ulertu gabe, autotik atera eta hortxe agertu da parez pare Hotel Euzko Alkartasuna jartzen duen eraikin handia, bere ikurrin, lauburu, zazpiak bat armarria eta parafernalia guztiarekin. Etxean bezala sentitzen naiz bai, zehazki Miarritzeko souvenir denda baten atarian.

Epecuéneko hiltegi zaharra.

Epecuéneko hiltegi zaharra. Mauricio V. Genta / Wikimedia Commons

Euskal aztarna nabaria da Argentinan oro har eta bereziki lautada zabal hauetan. Etorri berriei elkar laguntzeko sare moduan sortuak hasieran, kirol eta kultura elkarte garrantzitsuak bilakatu ziren Euskal etxeak. Beraien unerik loratsuenak atzean utzi bazituzten ere, kirol instalazio bikainak mantentzen dituzte, baita hipodromo bat ere Macachineko kanpoaldean. Bertara iristea erraza da, plazatik irten eta dena zuzen. 

Beste mate bat hartzeko tartea gidatuta, Carhuéra iristear ginela nire osabak bihurgune bat egin du (bihurgune bat!) eta herri turistiko batera eraman gaitu. Herri hartatik geratzen den apurretara hobe esanda. Villa Epecuénen gaude, izen bereko urmaelaren ertzean kokatua. Hain ertzean, hain ertzean, urak herria irentsi egin baitzuen uholde batean. Geroztik kuxkuxero andana erakartzen dituen herri turistiko fantasma bat da, distiratsua zenean bezala iluntasunarekin erakartzen duena.

Etxera bueltan, errepide bazterrean geratu gara une batean. Paisaiari begira autobuseko zorabioak hor jarraitzen duela ohartu naiz, baina mate bat eskuan eta osabarekin berriketan, aurrez ikusten ez nion zerbait nabari diot mundu lau honi. Relindo.