Bere ibilbide oparoan zehar Harkaitz Canok saiakerak, nobelak, kritikak zein musika-letrak idatzi baditu ere, oraingoan, lan esperimental gisa, “idatzi ez den nobela bat” aurkeztu du. Bere azken lana, Silueta, nobela bati buruz idatzitako 31 kritika biltzen dituen liburua da, baina paradoxikoki, nobela bera ez dago idatzita. Hor dago jolas literarioaren muina: iruzkinen bitartez sortu eta birsortzen den nobela bat da, agerian baino gehiago iradokiz eraikia, eta egilearen ustetan “irakurlearen irudimenak osatuko duen puzzle ireki eta mugagabe baten antzera”.
Canok azaldu duenez, Silueta-ren ideia ez da berria, duela 15 urte inguru hasi zitzaion bueltaka proiektu honen hazia. Denborarekin mamitu, hoztu eta berriro berotu zen kontzeptua eta, azkenik. paperera salto egiteko unea heldu zela sentitu omen zuen. Egileak adierazi du askotan pentsatu duela zer gertatzen den nobela hutsean utzita, haren inguruan sortzen diren iruzkinak bakarrik existitzen direnean. Hau da, kritikak obra baten isla soilik diren, edo agian, obra bera ordezkatzeko gaitasuna ere ba ote duten. Horregatik, liburu honen helburua ez da nobela idaztea, baizik eta “nobelaren inguruko oihartzunak idaztea, eta horien bidez nobela irudikatzeko gonbidapena egitea”. “Liburuaren hedapena infinitua izango da, eta puzzlea irakurle bakoitzak osatuko du bere buruan”, azaldu du aurkezpenean.
Kritika
Ildo beretik, liburu hau kritikari egindako omenaldi moduan uler daitekeela nabarmendu du Canok. Bere hitzetan, kritika batek sortzaile baten ibilbidea alda dezake, norabidea eman edo zalantzan jar lezake, eta bera ere, bere ibilbidean zehar jaso dituen hainbat kritikek markatu dutela aitortu du. Batzuetan zauritu, beste batzuetan hauspotu, baina beti mugiarazi. Horregatik, Silueta ez da soilik nobela irakurri gabe nobela bat imajinatzearen esperimentua, eta literatura-kritikaren boterea eta funtzioa mahai gainean jarri nahi duen keinua ere bada.
Liburuan jasotzen diren 31 iruzkinek ez dute norabide bakarrik. Badaude aldekoak, kontrakoak, umorez bustiak, kaleko euskara darabiltenak, baita tonu intelektualagoz idatzitakoak ere. Askotariko ikuspegi horiek egiten dute liburu hau forma aldakor eta irekikoa, silueta baten antzera, hutsunez eta aukera berriz betea.
Sinopsiak dioen bezala, nobela mardul baten ordez iritsi zaigu Cano, esperimentazioan sakondu eta literaturaren mugak astinduz. Bahiketa baten istorioa dago atze-oihalean, baina irakurleak ez du istorioa zuzenean jasotzen. Esanda bezala, istorio horri buruzko iruzkin eta balorazioen bidez osatzen du faltan den kontakizuna. Bi nobela dira, beraz: idatzitakoa eta idatzi gabe dagoena; edo, agian, existitu ez arren irakurle bakoitzaren buruan existituko dena. Horrek galdera asko plazaratu ditu. Eraiki al daiteke nobela bat irakurri gabe? Aski al da haren oihartzunak entzutea nobela bizi izateko?, Canok nahiago izan du “galderak airean utzi, irakurleak erantzun ditzan”.
Aurkezpenean, egileak 32. iruzkina ere irakurri die bertaratutakoei, liburuan agertzen ez dena, lana bera amaigabea eta osatzeke dagoela azpimarratuz. Silueta Harkaitz Canoren seigarren nobela da, Fakirraren ahotsa argitaratu eta zazpi urtera iritsi dena. Bidean bildutako esperientzia literarioak, jasotako kritikek utzitako arrastoak eta hamabost urteko ideia baten heltze-prozesuak uztartzen ditu liburu berezi honek, literatura bera galdera bihurtu eta irakurleari erantzuna idazteko aukera eskainiz.