Bide guztiak omen doaz Erromara. Garai batean hala zen behintzat. Antzinako Erromak alde batera eta bestera galtzadak egiteari ekin zionean, inperioa bera baino luzaroago biziraungo zuten lerro batzuk marraztu zituen lurraren gainean. Hasieran ez genekien, baina Italiako hegoaldeko puntaren punta ezagutzeko egiten ari garen ibilbidea, erromatarrek zehazturiko Via Apia garrantzitsuaren kostaldeko “saihesbidea” da, Via Traiana izenez ezaguna. Eta gu opor original batzuk egiten ari ginelakoan, off the beaten track

Bari atzean utzi eta tarteka lerro urdin ilun bat bistaratzen utzi digun tren ibilbide motz baten ostean iritsi gara Polignano a mare izeneko herrira. Itsasoaren susmoa dugu, baina ez dugu ikusten. Motxila astunak ahalik eta arinen eramanez, kale artean hasi gara oinez, ehiza txakurren moduan gure usaimenari adi. Begiak itxiak, zentzumenak erne eta besoak zabalik, uste dut halako amets bat ez dela inoiz itzuliko. Eskuak eta aurpegiak urdinez margotzen nituen. Bat-batean haizeak bahituta zeru amaigabean hegan hasten nintzen. Volare, oh, oh, Cantare, oh, oh, oh, oh, Nel blu dipinto di blu. Felice di stare lassú.

Alberobelloko trulli-ak.

Alberobelloko trulli-ak. Eneko Eizagirre

Ikusgarria da Polignano a marek itsasoaren ertzean margotzen duen irudia, baina hala izanda ere ez da irteten nire barrenetik halako poesia hegalaria. Bertako seme kuttuna den Domenico Modugno-renak dira hitzak, mundu mailan famatua egin zuen Nel blu dipinto di blu (Volare bezala ere ezaguna) abestiaren hasiera da. San Remoko kantu jaialdia irabazi zuen 1958an eta geroztik ez da Italian parrandarik jende guztiak besoak zabaldu eta ahal bezain ozen Volare abesteko unerik gabe. Domenicoren eskultura batek, beso zabalik, itsasoaren eta bere herriaren edertasunaz gozatzera gonbidatzen gaitu.

Ezin zuten ertzerago eraiki, ez. Edo eraiki bazuten, amildu egin zen. Hau da hau azken zentimetrora arte aprobetxatu beharra! Hala dago Polignano a mare, itsaslabarren gainean eraikia. Kobaz beteriko kostalde koskorraren gainean daude etxeak, etxe guztiak talaiak izan nahian. Pentsa, mundu mailako jauzi txapelketa bat antolatzen dute bertan eta zuzenean etxe baten barnetik botatzen dira jauzilari ausartak. Hiriko alde zaharreko kale zurixketan paseatzean, labirintoan galduta doan arratoia bezala sentitzen zara, pozik bere horretan, eta gutxien espero duzunean balkoi bat agertzen da Adriatikoaren handitasuna miresteko parada emanez.

Domenico Modugnoren eskultura.

Domenico Modugnoren eskultura. Eneko Eizagirre

Aurrera eginez, Via Traiana zintzoki jarraituz, mahai-joko izena duen herrira iritsi gara. Ez da Risk, ezta Trivial ere. Monopoli da. Kartzelatik pasatu gabe eta sei kontatzeko beharrik gabe, bere kaleetan murgiltzea eta galtzea joko ezin hobea da. Zorua estaltzen duten harlauza zurixkek eta eraikinen harri eta margo zuriek freskotasuna transmititzen dute, baina eguzki izpiek ispilu horiek kolpatu ostean nire begiak itsutzen dituzte, zonbi baten gisan ibiltzea eraginez. Kale estuz osaturiko labirintoa hau ere, Cinquecento auto batzuk ea hiriaren horren barreneraino nola iritsi ote diren pentsatzen dut behin baino gehiagotan. Auto erdi abandonatu bat bazter batean. Gasolina gabe geratuko zen labirintoaren jolasetik ezin irtenda. 

Barnealderantz jo dugu, Traianori traizioa eginez. Ederki ordainarazi digu Marco Ulpio Nerva Traiano enperadore erromatarrak. Bere bide aitzindaria ez jarraitzeagatik, italiar penintsulan maisuak diren garraio publikoen arteko lotura eza pairatu baitugu. Esperantza batekin iritsi gara Alberobello-ko geltokira, -ea merezi duen, bestela…-. Eguzkia zeruan ezin gorago, gure motxilak inoiz baino astunagoak dira, tentsioa dago bikotea eta nire artean, koplaka arituko bagina bezala, purrusta bat beste purrusta handiago batekin erantzunez. Hona etortzearen ideia txarra (oso txarra) ea norena izan den darabilgu buruan Giangirolamo II-a plazan gure marmarrak itzali direnean. 

Monopoliko portu zaharra.

Monopoliko portu zaharra. Eneko Eizagirre

Pottokien herrixka liluragarri bat dirudiena agertu da gure aurrean, forma bitxiko eraikinez beteriko bailara batean. Trulli-ak dira, kono forma duten harri lehorrezko eraikin tradizionalak. Katalunian halako harrizko babesleku-etxolak ikusi izan ditut landa guneetan, artzainen aterpe xume izateko eraikiak. Hasieran helburu horretarako sortuak, orain dela mende batzuk bizileku tranpatiak bilakatu ziren, izan ere, Napoliko Erresumako zerga biltzaile ikuskariei iskin egite aldera, erraz deseraiki zitezkeen morterorik gabeko eraikin hauek ezin hobeak ziren populu xumearentzat eta horrela, ugaritu egin ziren. 

Gaur egun egoera guztiz bestelakoa da. Trulli-ak UNESCOk gizateriaren ondare izendatuta, herritarren poltsikoak xukatzen dituztenak dira orain etxeen jabeak, “hotel boutique” edo “xarmadun hotelak” han-hemenka zabalduz. Inperioak desagertu ziren bezala, artzainak ere desagertu egin dira inguru horietatik. Orain turistak dira enperadore berriak.