Bikingoek sinesten zuten mitologian Asgarth beraien jainkoen lurraldea zen. Alabaina, gizaki boteretsu haien mundua suntsitua izan zen Ragnarok izeneko guda batean. Baina ez betiko, bizirik iraun zuten jainkoek berriro eraiki baitzuten mundu ikusgarri hura. Horren urrun joan gabe, Euskal Herrian bikingorik gabeko Asgarth bat izan genuen, Añorgako bost musikarik osatua. Heavya sinesmen bezala izanez, eszenatoki ugari konkistatu zituzten. Ez ziren suntsituak izan, baina isilune luze baten ondoren, jainkoen mundu hura bezala, berriz berpiztu dira. Zeldatik du izena da 13 urte eta gero atera duten kanta berriak, gerora begira argitaratuko duten izen bereko diskoaren aurrerapen gisa. Eraberriturik datoz, bi kide berrirekin eta heavyaren indarra berriz publikoarekin partekatzeko gogoekin. 

"Urte hauetan guztietan itzultzeko gogoa beti izan dugu". Asier Enbil abeslariaren hitzek argi uzten dute taldea isilik zegoela, baina ez desagerturik. Lehen garaitik gitarrak berdinak izaten jarraitzen dute, Ander Cañas eta Unai Zabalaren eskuetan. Baina oraingo honetan bi kide batu dituzte taldera: Mikel Yarza, baxuan eta Etxahun Urkizu, bateria lanetan. Bi kide berri izatea aldaketa handia dela azaldu dute, izan ere, biak beste musika mota bat jotzetik datoz, "estilo gogorragoa, trash-agoa, eta hor ezberdintasun handi bat dago". Hala ere, taldeko kideentzat aldaketa nagusia boskoteak lortu duen heldutasun puntua da, ez baita berdina taula gainera 20 urterekin edo 40rekin igotzea, noski. Partaide guztiek beraien bidea egin dute urte hauetan guztietan eta bizipenek beste ikuspuntu bat lortzeko balio izan diete. "Horrek guztiak garrantzia handia du musika egiterako orduan ere. Argiago duzu zer nahi duzun eta zeren bila ari zaren. Eta azkenik, bilatzen genuena aurkitu dugu". 

ITZULERA ESZENATOKIETARA

Beraien itzulerako lehen kontzertua etxean eman zuten, Añorgako zinema zaharrean, pasa den maiatzean. Egun hartan bi sentimendu nagusitu zitzaizkien: ilusioa, alde batetik, eta urduritasuna, bestetik. Sentipen nahaste horrek eragina izan zuen abeslariarengan; "niri pertsonalki kostatu egin zitzaidan disfrutatzea. Baina, egia esan, jendearen aurpegiak ikustea eta gero beraiekin egotea pozgarria izan zen, nahiz eta urduritasun puntu hori izan. Ez nuen hasieran asko gozatu, baina behin adrenalina guztia askatu genuenean, oso gustura".

Bigarren garai honen hasieran, begirada atzera botaz gero eta lehenengoarekin alderatuz, aldaketak sumatu dituzte, agerikoa denez. Beraien buruarekiko exijentzia eta jende aurrean lan ona aurkeztearen presioa handitu egin da. "Egia da aurreko etapan gazteagoak ginela eta dena azkarrago zihoala. Agian, ez ginen kontziente zer egiten genuen. Baina, orain, adinarekin beste ikuspuntu bat daukagu. Erridikulua egitearen beldurra handiagoa da, kar kar kar", aitortu du Enbilek. Ez zitzaien, hala ere, erraza egin hasiera batean lehengo sentsazioak lortzea, urteek eragina izaten baitute eta ikasitakoa apur bat ahazten delako. "Bagenekien pixka bat zer sentituko genuen edo zer sentitu nahi genuen, baina ez da berdina hori pentsatzea eta gero eszenatokian bizitzea".

LEHEN GARAIA

Añorgako boskoteak 1997an hasi zuen bere ibilbidea musika munduan. Hamarkada bat iraun zuen denbora tartean hiru disko argitaratu zituzten. Zeldatik, hortaz, beraien laugarren lana da eta konfinamenduan zehar izan zuen bere hazia. "Zelda batetik eginiko diskoa izan da, bakoitzak bere etxean egin baitu. Lan handia egin dugu mugikorrarekin, ordenagailuarekin, eta horrelakoekin, eta taldeko bakoitzak etxean bere 8 pistekin". Ibilbide hasieratik publikoaren babesa izan zuen Asgarthek. 1999an, entzuleen saria irabazi zuten Euskadi Gazteako IX. Maketa Lehiaketan. Jarraitzaileen leialtasuna mantendu egin da, nahiz eta 13 urte isilean egon diren. Frontman gipuzkoarrak azaltzen duenez, "heavy jarraitzailea, orokorrean, oso fidela da eta guk gure publikoa beti izan dugu. Txikiagoa edo handiagoa, baina jarraitzaile oso fidelak". Garai berrietara ere moldatu behar izan dira, sare sozialek leiho berri bat irekiz entzuleekin duten harremanean. "Gaur egun edozein iruzkin edo edozein iritzi zuzenean heltzen zaizu sare sozialen bidez. Jendearen emozio hori irakurtzen dugu eta ikusten dugu eta gozada bat da".

Asgarth taldeak aro berri bati ateak zabaldu dizkio, gogo eraberrituekin. Argi utzi dute ez dela remember edo omenaldi bat, geratzeko itzuli dira. Bi urte itxaron behar izan dute, pandemia egoerak normaltasun bat lortzeko zailtasunak jarri baititu. "Gure helburua musika egiten jarraitzea da eta disko berriaren aurkezpenarekin zein datorren udan ahal dugun leku guztietan jotzea. Hainbeste bota dugu faltan, nik uste, orain indar eta gogo itzela dugula", kontatu dute. Abenduaren 10ean Doka-n (Donostia) joko dute, 17an Azpeitiako San Agustin Aretoan eta ondoren, Gasteizen ere izango dira orain arte itxita dituzten kontzertuei dagokienez.