Maitasunetik gorrotora (eta alderantziz) pauso bat dagoela esaten da. Pauso hori, gainera, estuagoa izaten da, orokorrean, ama baten eta bere seme-alaben artean. Inkomunikazioa, rolen eraikuntza, espektatibak, hitzen gordintasuna… hainbat elementu izaten dira talkak eragiten dituztenak erlazio horietan, gehienbat nerabezaro eta heldutasunaren lehen urteetan. Donostiako Zinemalditik pasatu berri den 'Hemen bizi da maitasuna' laburmetraiak, ama eta alaba baten arteko tirabirak aurkezten ditu. Ainhoa Olasok eta Enara Garciak sortutako lanak babes eta kritika onak jaso ditu bertan.

Hemen bizi da maitasuna fikziozko laburmetraia da. Zine lan honen hazia pandemiak sortutako egoerak erein zuen Ainhoa Olasorengan. "Gidoia 2020an idatzi nuen konfinamenduan geundela. Banituen beste lan batzuk ere eginda, baina bizi genuen egoeran denbora gehiago izanda, paper zuriaren aurrean jarri nintzen". Behin ideia gorpuzten zihoala, Olasok ikaskide izandako Enara Garciari deitu zion proiektua garatzeko. Gidoi definitiboa esku artean izan zutenean (H)emen elkarteko Aukera Mentoretza lehiaketara aurkeztu ziren, eta aukeratuak izan ziren, beste lau proiekturekin batera.

(H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektorean murgilduta dauden emakumeei zuzendutako elkartea da. Proiektua aukeratua izan zenetik, egileak pozik eta gustura daude egindako lanarekin. Laburmetraiak Matixa izeneko neska gaztearen istorioa kontatzen digu. Bere nahia gurasoen etxetik alde egitea da. Bere amarekin daukan erlazioa oso estua da, momentu batean eztanda egiten duen arte. "Pelikularen ideia izan nuenean, argi neukan ama-alaben arteko erlazio intentsoez hitz egin nahi nuela. Orduan, istorio bat garatu nuen harreman horretan leherketa bat irudikatzen zuena". Zuzendari biak saiatu dira ulertzen teorikoki zelan eraikitzen diren ama eta alaben arteko harremanak eta horietan egon ohi diren elkarrekiko exigentziak. "Iruditzen zitzaidan amen eta alaben arteko intentsitate edo leherketa horren momentu epiko bat etxetik irteten garen unea izaten dela. Izan ere, urruntze horrek harremana alda dezake askotan". 

IKASKETA BIDEA

Pelikularen sorrera prozesua lehen momentutik azkeneraino gidatu izanak, esperientzia eta jakintza eman die Olaso eta Garciari. "Laburmetraiaren sorreran zine munduko hainbat profesionalekin lan egiteko aukera izan dugu. Lanaren aspektu bakoitzak bere zailtasunak ditu". Gidoiaren sorrera, hein handi batean, lan pertsonal bat izan bazen ere, "oso gustura egin nuen", Olasok dioenez. Gero eztabaidak eta zuzenketak etorri ziren. "Batzuetan prozesua zaila izaten da, zure istorioaren abokatua izan behar zarelako. Dena azaldu behar duzu, hau da, hau honengatik egin dut eta beste honek esanahi hau dauka". Ideia paperean dagoen unetik, irudi bihurtzen den momenturaino bide luze bat jorratu behar izaten da. "Kontuan izan behar da zer esan nahi duzun eta zein puntutaraino egiten duzun zure kontakizuna. Ez da erraza izaten hori justifikatzea".

Zuzendari lanetan bi izateak, gauzak zertxobait erraztu dizkie eta beraien arteko elkarlana "ezinbesteko" bezala definitzen dute. Zuzendari lana erabaki hautaketa eta negoziaketa etengabe bat izaten da arlo desberdinetan. "Proiektua garatzea, erreferentziak topatzea, zer gustatzen zaigun… pixka bat gidoiari sakontasun hori ematen asko gozatu dugu". Zine munduan murgilduta eta lanean diharduten beste profesional batzuekin lan egiteak asko lagundu die ere. "Pelikularen beste arlo batzuk gehiago kontrolatzen genituen, baina produkzio aldetik ez geneukan hainbesteko ezagutzarik eta asko ikasi dugu".

AURKEZPENA ZINEMALDIAN

Behin beraien zinema lana bukatuta, aurkezpen lanetarako erakusleiho ezin hobea izan dute Donostiako Zinemaldian. Kimuak sailean egon da ikusgai 'Hemen bizi da maitasuna'. Proiektu horren helburua zinemagile berriak bultzatzen saiatzea da, hautaketarako irizpide nagusia lanaren kalitatea izanez, ahalik eta ikuslego zabalenera iristeko duen gaitasuna ere kontutan hartuz. "Urtero Euskal Herrian egindako zazpi lan aukeratzen dituzte eta bat gurea izan da. Zinemaldian hainbat produktore eta zine munduko jendea batzen da eta gu bertan izan gara".

Laburmetraia jende aurrean aurkezten zuten lehen aldia izan da. "Urduritasun handia izan genuen, baina egia da Zinemaldia ezagutzeko beste era bat izan dela eta asko disfrutatu genuela. Uste dut orain gehiago kostatuko zaigula hurrengo batean aurkeztea", adierazi du Olasok irribarre batez. Harrerari dagokionez, sortzaileak pozik daude. Hurbilera begira Ainhoa Olasok eta Enara Garciak beraien lana toki desberdinetan aurkezteko helburua dute. Esaterako, Bilbon azaroan egingo den Zinebi jaialdiaren 64. edizioan egongo da film laburra. 57 film hautatu dituzte festibalerako eta horietako zazpi Euskal Herriko errealizadoreek sinatu dituzte. Olaso eta Garciarenak Aukera Sarirako izendapena jaso du, proposamen arriskatua delako.