Zenbaitetan ulertezina den industria musikala ulertzen ikasteko ezinbestekoa den musika jaialdia bueltan da (70 bat hitzaldi eta 17 tailer). BIME musika jaialdi eta jardunaldiak hamar urte beteko ditu aurtengo edizioan, eta zenbait aldaketa ere badakartza. Hasteko, ez da egongo musika jaialdi handirik. Barkatu, egongo da, bai, baina ez orain arte bezala. Aurten jardunaldiak Bilboko Euskalduna jauregian izango dira, eta musika erakustaldia hirian zehar. Ez da egongo artista handiak ikusteko aukerarik, baina hiriko areto kuttunetan talde mordoa ikusteko aukera egongo da, jardunaldietatik hurbil, askoz eroso eta girotuago. Beste ekimen mordoa ere badago txertatua egitarauan: Campusa, Equity sariak, Start Up lehiaketa, Live DMA elkartearen urteurrena… Eta gaur egungo industriaren gorabeherez jabetzeko eta ikasteko, jardunaldiak, noski. Hemen ezinbestekoak diren lau gomendio.ç

Afo Verde-Sony Music Entertainment

Afo Verde.

Zelan heltzen da artista bat nazioarteko izar bilakatzera? Abesti onen bidez? Zortea edukiz? Kontaktuei esker? Biralizatuz? Bada, horiek guztiak, edo bat ere ez. Artista baten arrakastak lan asko dauka atzetik. Artistarena? Noski. Beste asko industria barnean mugitzen duen enpresarena, eta enpresaren barruan, A&R-arena. A&R-k "artist and repertoire" esan nahi du, eta historikoki artistak edo taldeak fitxatu eta garatzearen figura erantzulea izan da. Arte izugarria eratu da horren inguruan eta A&R ospetsu asko ere bai. Talentua usaintzetik, berebiziko erabakietan aholkatzea da euren lana, kolaboratzaileak gomendatzea edota diskoen abesti zerrenda erabakitzea. Afo Verde azken urteetako arrakastatsuena da, eta Sony Music Latin Iberiako CEO izanda hurrengo maila batera eraman du musika latinoa Bad Bunny, Camilo edo Rosaliaren tamainako artisten lanean laguntzeagatik. Ezkutuko lan hori balorean jartzeko aukera paregabea da Subterfugeko Carlos Galanek Afori egingo dion elkarrizketa.

Christine White-New Orleans Jazz & Heritage festival

Christine White.

Christine White.

Jakina da kontzertuak antolatzea ez dela lan erraza. Zuzeneko ekoizpen lana gogaigarria izan daiteke zenbaitentzat, eta edonor ez da gai aurrera eramateko. Bada, Christine Whitek 500 kontzertu kontratatu eta antolatzen ditu urtero! Nola? Eta ni gaztetxekoa antolatu ondoren, lehertuta? Bai, bai, New Orleanseko Jazz & Heritage jaialdiak 14 bat agertoki ditu, eta bereziki eskualdeetako artistetan zentratzen da, Louisianako komunitate kulturalak zaindu eta sustatzeko helburuarekin (batez ere, pairatu zuten urakanaren ostean). Noski, zonaldeko brass banden haizeen eta giro onaren laguntza izango du Christinek, baina katxeak negoziatu, bidaiak erosi, riderrak bideratu… Zelan egiten du 500 artistekin? Eta, batez ere, zelan egin urtero, burua galdu gabe? Bada, melomano amorratuek dakigunez, musikarekiko amodio eta zaletasun ikaragarriak laguntzen du, bai, baina baita hitzaldian azalduko dituen beste trikimailu askori esker ere.

Jonathan Finegold-Fine Gold Music

Jonathan Finegold.

Jonathan Finegold.

BIMEk lehen aipatutako hainbat ekimen paralelo izango ditu, Europako areto garrantzitsuenen elkartea den Live DMAk hamargarren urteurrena ospatuko du, European Music Export Exchange topaketek musikaren nazioarteko 20 aditu baino gehiago bilduko dituzte. Edizio honetako gai ardatzetako bat sinkronizazioa eta horretarako konposaketa espezifikoa izango da. Sinkronizazioa deitzen zaio zure musika iragarki edo zineman txertatzeari, eta horren medioz royalty-ak kobratzeari. Horretan, Jonathan Finegold estatubatuarra maisua da, eta bere enpresak sinkronizazioak lortzeko egiten du lan. Negozio oso bat dago horren inguruan, eta baita zuzenean horretarako konposatzeari ekiten diona. Ildo horretan dator ere Ady Harley eta Nerea Igualadorek egingo duten tailerra, zure audientzia eta diru sarrera digitalak kudeatzekoa. Edo Film Music Lab, zeinetan musikagileek eta zinema zuzendariek elkarrekin lan egingo duten, ekoizpen desberdinetarako musika originala konposatuz, eta emaitza zuzenean ikusteko aukera izango da.

Frankie Piza-Guzzu

Frankie Piza.

Frankie Piza.

Frankie Pizak undergrounda zein mainstreama gertutik bizi eta aztertu ditu azken hamarkadetan. Hala, musika garaikidearen historia hurbileko hainbat mugarrien parte izan da, hedabide ezberdinetan zabalduz edo aholkularitza artistikoaren bitartez. Tentaciones, Primavera Sound edo La Casa Encendida bezalako handiekin lan egiteaz gain, beste hainbat eratu ditu: Concepto Radio, TIU Mag aldizkaria, Red Bull Music Academyko Bamboleo saioa… Egindako ekintzailetza guztiak etengabe ihesean dagoen gaurkotasunean oinarrituta egon dira. Gehienetan publiko orokorrak eta prentsak errealitate musikalak baino denbora mantsoagoak maneiatzen ditu, eta asko galtzen dugu bide horretan. Horregatik, Frankiek abentura berri bat jarri du martxan Arnau Sabatérekin batera. Guzzu 3.0 komunitate musikala aurkeztu dute, jada iritsi den 3.0 webaren kultur transmisioaren forma eta alderdi berrietara bideratutakoa. NFTak baliatuz, merchandising digitala aurkeztu dute mundu osoko artista independente, zale eta bildumagileentzat. Etorkizuna orain da.