Aita, aita, begira, itsasargi bat! Ikaragarria da haurrak zeinen azkar hazten diren. Egun batean katuka ibiltzen ikasten ari dira eta konturatzerako korrika dabiltza alde batetik bestera. Gaitasunak eta abileziak pilatuz doaz eta zaila egiten da batzuetan euren progresioa zein adarretatik garatzen ari den jakitea. Hiru urteen langaren bueltan dabil etxeko seme nagusia eta nik dakidala gezurrak esateko behar den trebezia ez du garatu oraindik, zorionez. Horrexegatik, gaur-gaurkoz eta abilezia hori garatu duela ohartu artean, esaten duena sinetsi egiten dut.

Aita, aita, begira, itsasargi bat!

Sormena ere bere bidea egiten ari da umearen burmuin gaztean, baina oraingoz ez da irudimena hizketaldi luzeei edukia ematen diena. Bere berriketaldiak egunerokotasunean ikusten dituen gauzen laburpen, moldaketa eta moztu eta itsatsi istorioak izaten dira. Ikusmena bai, hori bai duela zorrotza, eta nire semeak zaldi bat ikusi duela badio -aita baten tonu harroan diot hau- benetan zaldi bat ikusi duelako da. Beste gauza bat da aipatu duen zaldi hori agian ez dela guk uste duguna. Posible da zaldia oso urrun egotea -a ze bista-, astoa edo beste antzeko animalia bat izatea -hiru urte dauzka, akatsa onargarria da-, edo gure ondotik igaro den autokarabana bateko irudiz jositako atzealdean dagoen Kataluniako astoaren pegatina bat ikusi izana -astoaren akatsa berriz eta a ze bista beste behin!-. Hala ere itsasargia entzun dudanean, bekaina okertu dut. Itsasargi bat hemen?

Aita, aita, begira, itsasargi bat!

Behe-laino itxia furgonetaren muturrarekin irekiz goaz maldan gora, poliki-poliki. Errepideari eta aurrean bat-batean agertzen diren forma lausoei adi-adi noa, nire ezpainek automatikoki abesti bat ahapeka kantatzen duten bitartean -Maite ditut maite, gure bazterrak lanbroak…- Tarteka laino sendoak ahulgune batzuk izaten ditu eta inguratzen gaituen paisaiaren zipriztin batzuk erakusten dizkigu. Suitzako Grisonia kantonamendua atzean uzteko azken bihurgunea egin dugula dio GPS-ak, eta sinetsi beharko diot. Nire semeari aldiz zaila egiten zait oraingo honetan sinestea. Alpeetan murgilduak gaude, ze itsasargi eta ze marrazo hegalari?

Oberalpass-eko itsasargi gorria, paisaia ederraren erdian.

Aita, aita, begira, itsasargi bat!

'Oberalppass. 2046 m' jartzen duen seinalea agertu da gure muturren aurrean. -Ikusi, ikusi- esan diot semeari ahalik eta tonu hezitzaileenean- itsasoa oso urrun dago, gauden lekutik lehen itsasargira kilometro mordoa daude...-. Zerua zabaldu egin da, eguzki izpiek nire begirada erakarri dute, eta bai, hortxe agertu da, kolore gorri biziko hamar metroko itsasargia.

Aita, aita, begira, itsasargi bat!

-Bai, bai, seme, ikusi dut.- Ez dakit zer den, nire semeari arrazoia duela onartu behar izateak edo lainopean gidatzearen tentsioak, baina jota nago eta lekuan bertan aparkatzea erabaki dut. Behe lainoa argitzen ari da, baina guztiz baretu bitartean entzumena da ikusmenaren ordez inguruari buruz informazio gehien eskaintzen digun zentzumena. Txistu berezi batek bete du paisaia itsua. Semeari begirada piztu zaio -Aita, aita, trena!-. Mendi puntan ginela esan behar nion, trenek ez dituztela mendiak igotzen eta ez dela posible eta halakoak, baina isilik egotea erabaki dut. Lainoa joan arte ez dut irakaslearena gehiago egingo.

Aita, aita, begira, itsasargi bat!

Suitzan dena da posible. Bi mundu gudetan beste aldera begira egoteko gai izan den eta oilasko bularrak bisiguaren prezioan saltzen dituen herrialde batean, dena da posible. Minutu gutxiren bueltan behe lainoak aspaldiko kontua dirudi. Hanketako giharrak luzatzera atera gara autotik eta gauza bera egin dute treneko bidaiariek, bilbotarrak Zazpikaleak tren geltokitik irteten diren naturaltasun berberaz. Aldea zera da, Orhi mendiaren puntaren garaiera berean gaudela eta alde batera eta bestera teleferikoak ageri direla. Glacier Express tren famatua bertatik igarotzen da, besteak beste Zermatt eta Saint-Moritz bezalako herri turistiko ospetsuak lotuz.  

Glacier Express tren ezaguna igarotzen da mendi artetik.

Glacier Express tren ezaguna igarotzen da mendi artetik.

Aita, aita, begira, itsasargi bat!

Paisaia ederra da, mendi garaiez inguraturiko Oberalpsee lakua dugularik ondoan. Hala ere, nire begirada dorre gorrira desbideratu zait, etxerako bidea nahi duen marinel baten moduan. Semea korrika doa itsasargia gertutik ikustera. Ni bere atzetik, lekuz kanpo dagoen objektuaren misterioa argitzera. Panel handi batek nire jakinmina asetu du. Hemen, Suitzaren bihotzean, Europa erdialdeko historian berebiziko garrantzia izan duen Rhin ibaiak bere lehen ur tantak biltzen ditu. Han, Herbehereetan, zortzi herrialdetatik jasotako urak bilduta, Ipar itsasora isurtzen ditu. Bada, Ipar itsasora askatuak izan aurretik, urte luzez Hoek van Holland kostaldeko herrian itsasargi batek agurra ematen dien ur tanta guztiei. 2010etik aurrera, ur tantek bere ibilaldia hasten duten lekuan bertan itsasargiaren erreplika bat dago, egin beharreko bidea argitua izan dezaten hasieratik amaierara.

Aita, aita, begira, itsasargi bat mendi puntan!