Iñaki Betagarri bezala ezagutuko dute askok Iñaki Ortiz de Villalba (Gasteiz, 1971), Betagarri euskal ska talde mitikoaren ahotsa. Bada, Betagarriren agurraren ia urte eta erdira (2017ko Hatortxurock jaialdian esan zuen agur taldeak), talde berria osatu du gasteiztarrak: Modus Operandi.

Iñaki, baina, ez da talde honetako musikari ezagun bakarra: Vendetta taldeko Enriko Rubiños bateria-jolea eta Ruben Anton tronpeta-jolea batu zaizkio proiektura, baita Laurobako gitarra izandako Andoni Garcia Matxain, Izarorekin zuzenekoetan dabilen Julen Txiki baxu-jolea eta Luz de Putas taldeko Diego Martinez tronboi-jolea ere. Guztien agendak batzeko zailtasunak izan dituztela aitortu du Ortiz de Villalbak: “ordu txikitan aritu gara entseguak egiten eta ehunka kilometro pilatu ditugu elkarrekin egon ahal izateko”. Zailtasunak zailtasun, esku artean dute lehen diskoa, hamar kantuz osatua.

Gauza asko gertatu dira urte eta erdian, ezta?

Prozesu zaila izan da, bai. Betagarri bizirik zegoela, Habeas Corpusekin batera ari nin-tzen stoner-rock proiektu musikal bati itxura ematen. Grabaketekin hasiak ginen talde madrildarrak Riot Propaganda-ri berrekiteko deia jaso zuenean eta standby-en utzi behar izan genuen gure artekoa. Gauzak nolakoak diren... Handik gutxira, Betagarriren behin betiko agurra ere etorri zen. Disko berria grabatzen ari ginen, baina gure arteko elkarrizketa baten ondotik, onena agur esatea zela ondorioztatu genuen. Egia esan, ez zitzaidan asko gustatu agur esateko eduki genuen modua. Agur-bira baten aldekoa nintzen ni, baina azkenean Hatortxurock-eko kontzertuarekin esan genuen agur.

Proiektu rockero berririk ez, eta Betagarri gabe.

Horrelakoa da bizitza, bai. Betagarriren heriotza iragarri genuenetik, ordea, buruari bueltak ematen hasi nintzen, zer eta nola egin. Argi nuen Habeas Corpus-ekin batera hasitako proiektu rockeroaren ondoren, nire hurrengo saiakerak ska bidetik jo behar zuela. Nire etxean hamaika abesti eta melodia landuak nituen, eta horiei forma emateko jende bila hasi nintzen. Egia esan, dezente kosta zait nire filosofiarekin bat egiten duten musikariak aurkitzea. Estiloak nahastea izugarri gustatzen zait eta bidetik musikari ortodoxo askorekin egin dut topo: ska bai, baina punka edo hardcorarekin nahastu gabe. Zorionez, Andonirekin elkartu nintzen iazko maiatzean. Lauroba taldeko gitarra-jolea zen oraindik Andoni, nahiko rockeroa, baina ska estiloarekin ere bikain konpontzen da, aurretik Emon-en eta erromeria taldeetan aritu baita.

Andoni lehena, eta Vendettarrak ondoren.

Iazko maiatzean ekin genion Andonik eta biok abestiak hezurtzeari, eta uztailean Iruñeara joan nintzen Vendettaren San Ferminetako kontzertu batera, haiekin abestera. Kontzertua eta gero, parranda egin genuen elkarrekin, eta goizaldean, lagun baten etxeko balkoitik entzierroa ikusten ari ginela, buruan nituen asmoak kontatu nizkien Enriko eta Rubeni. Taldera batu zitekeen norbait ezagutzen zuten galdetu nien, eta hara non, haien burua prest azaldu zuten. Sorpresa handia hartu nuen, handik aste batera, goizaldeko ordu txikitan eta jai giroan esandakoa berretsi zidatenean. Hasiera batean, Vendettarekin batera uztartzeko asmoarekin batu ziren taldera, baina handik gutxira talde nafarrak ere etenaldi mugagabe bat egin behar zuela iragarri zuen. Kezka sortu zitzaidan ea proiektu berri honek eraginik izan zuen erabaki horretan, baina argi utzi zidaten ezetz.

Nolakoak izan ziren elkarrekin emandako lehenengo pausuak?

Oso sentsazio onak izan ditugu lehen entsegutik. Izugarrizko garrantzia du horrek, agenda arazoei eta distantziari aurre egiteko balio izan baitigu: Euskal Herriko toki batekoa gara bakoitza, eta Enriko eta Ruben Vendettaren agur biran erabat murgilduta daude. Zailtasunak zailtasun, argi genuen aurrera jarraitu behar genuela. Entsegu gela askotan izan naiz, eta badakit zer giro arnasten den. Bada, proiektu berri bat abiatzerakoan beharrezkoa den xarma hori sentitu dugu hasieratik, lan egiteko gogo itzela daukagu. Hasi eta gutxira batu zitzaigun Txiki, baxuarekin. Tronboiarekin Gonzalo Fernandez hasi zen, baina orainDiego Martinez ari da.

Eta dagoeneko esku artean dugu ‘Modus Operandi’ diskoa. Lehen singlea, ‘Gora gure biho-tzak’, Betagarri kutsuarekin dator.

Singlea bada nahiko Betagarri style, bai, baina lehenengo diskoetako Betagarri, esango nuke. Gainontzeko abestiakoso bestelakoak dira. Enrikok bateria jotzeko duen modua, kolpeek, ez dute Betagarrirekin zerikusirik. Modus Operandik ez du saxofoirik, tronboiak eta batez ere tronpetak du garrantzia. Gitarrei dagokienez, ska izaten jarraitzen dute, baina ia neurri berean rocka ere bai. Gazteleraz abestutako Cantaré abestian hardcore bidetik goaz, adibidez. Betagarrin ez dugu inoiz haizezko metalik abiadura horretan jo, ezta nik abiadura horretan abestu ere. Badakit hasieran saihetsezina izango dela Betagarrirekin konparatzea,nire ahotsa Betagarrirekin lotzen delako. Modus Operandin ere ska egiten dugu, baina antzeko zertzeladak eduki ditzakeen arren, estilo ezberdinak ba-tzen dituen indar-metaketa berria da Modus Operandi. Diskoa ondo entzuten duenak ulertuko du esaten ari naizena.

Eszenatokietan dantzan ikusiko zaitugu berriz ere?

Urteak aurrera doaz? Ez dakit hainbeste dantza egiteko gai izango naizen, indarrak neurtu beharko ditut. Entseguak izerdi patsetan bukatzen ditut eta dagoeneko ez ditut 25 urte. Hala ere, ilusioa hain da handia, eta zuzenekoak hain bereziak izaten dira, ez dakit gorputzak nola erantzungo duen, baliteke adinaren kontua ahaztea? Argi dudana da gauzak orain egin behar direla, gerorako utzi gabe. Osasuna dugun bitartean, gauzak berehala egin behar dira, gaur. Inoiz baino musika gehiago dago gaur, internet bidez kantuak deskargatu, entzun eta hiru egunetara jendea badagoelako beste talde bat en-tzuten. Ez dago denbora galtzerik.

Errepertorioari buruz, zer aurreratu dezakezu?

Modus Operandi diskoan hamar kantu bildu ditugu eta horiek denak zuzenekoetan defendatuko ditugu, baina ez dira nahikoa, oraingoz, kontzertu oso bat betetzeko. Entseguetan ari gara dagoeneko abesti berriak lantzen eta horiek ere bukatu ahala joko ditugu kontzertuetan, hurrengo diskora itxaron gabe. Geureez aparte, zenbait bertsio prestatu ditugu eta jakina, Betagarriren baten bat ere joko dugu. Oso zuzeneko potentea prestatzen ari garela esango nuke.

Ez da musika talde ezberdinetako kideak proiektu bateratu batean ikusten ditugun lehen aldia. Luzerako al doa Modus Operandi?

Proiektu finkoa da, bai, eta luzerako doala esango nuke. Hala ere, ikusi beharko dugu proiektuak zer nolako garapena duen, jendearen erantzuna zein den? Baina bai, hau da momentuz daukadan talde bakarra, eta beste taldekide batzuk ere egoera berdinean daude. Beste proiektu batzuekin bateratu daiteke, noski. Nik Habeas Corpusekin hasitakoa taularatu nahiko nuke noizbait.

Izenari dagokionez, latineko esamoldea aukeratu duzue.

Buruhauste handiak izan ditugu taldearen izena erabakitzerako orduan. Gaztea zarenean gauzak ia konturatu gabe egiten dituzu, erabakia hartu eta aurrera. Gure adinarekin, ordea, konturatu gara bi aukera edukita milaka buruhauste izan ditzakezula: hau ona, baina hori ere, zergatik hau bai eta hori ez?Tartean Aktibistak izena ere proposatu genuen, baina azkenean Modus Operandi latinezko izena aukeratu dugu. Euskal izenetatik pixka bat urrun, nahiko nazioartekoa da eta maltzur konnotazio hori dauka. Batzuek esan digute, musika talde heavy baten izena ematen duela.

Durangoko azokan, Plateruenan, izango da Modus Operandiren aurkezpen ofiziala, abenduaren 7an.

Aurretik Iruñean egongo gara, abenduaren 1ean, euskararen egunaren harira. Baina bai, aurkezpen ofiziala Durangoko Azokan egingo dugula esan daiteke. Toki berezia da Azoka euskal artista gehienontzat eta ilusio handiarekin ari gara prestatzen zuzeneko hori. Jendearekin lehen hartu-eman potentea izango da Durango eta Baga-Bigan egongo gara, egunero, diskoak sinatzen. Hortik aurrera, Vianarocken izango gara abenduaren 22an eta Donostiako Intxaurrondon 27an. Ikusiko dugu zein den erantzuna.

Talde berria zarete, baina kideak beterano-beteranoak. Horrek izango du eraginik, ezta?

Jakina, gutako batzuk 25 urte daramatzagu mundu honetan eta badakigu zer den lohi artean ibiltzea. Urte hauetan, baina, zerbaitetan asmatu dugu eta berme hori gurekin daramagu zenbait asuntotan. Diskoetxeekin, adibidez, kontziente gara talde berri ezezagunek baino erraztasun handiagoak izan ditugula, baita kontzertuak lortzeko ere. Hala ere, orain herriak du hitza. Gu ilusio handienarekin irtengo gara plazara eta espero dugu bertan daudenek guk adina gozatzea. Eta lohia jan behar badugu, jango dugu.