Higiezinena agentzia baten erakusleihoan letra larriz irakurri daiteke: luxuzko etxeak salgai. Irudian banakako etxebizitza berri bat ikus daiteke, ordenagailuz egindako render errealista batekin ilustratua. Marrazturiko etxebizitza hiri baten aldirian dago, dentsitate baxuko auzuneren batean eta zentrotik urruti. Kokapenaren zehaztapenak ez du ordea lekukotasunari buruzko informaziorik eskaintzen. Edozei n leku izan daitekeela, alegia -posmodernitatearen ikurra-. Etxeak berdegunea du eta egun eguzkitsua ageri da irudian, idilikotasunak erosteko gogoa piztuko duelakoan -pentsatuko zuen marketing profesionalak-. Amerikar ametsaren iruditeriarekin ari da jolasean, non etxe indibiduala eta lorategi txiki bat “edozein amerikarren bizi-helburua” den -eta euskaldunena?-.
Akaso orduan, etxebizitza-arkitektura jakin bat bizitzaren biderapen arrakastatsu batekin lotzen dugu, arkitekturak arrakastaren erakustaldiaren papera hartzen duelarik. Oraindik gure artean eta XXI. mendean -jasangarritasunaren erronka gainean duen aroa-, banakako etxebizitza eta bizimodu suburbanoa luxuaren kontzeptuarekin lotzen al dugu?
Kuriositateak piztuta, Euskal Herrian sona duten etxebizitza sustatzaileen web orrialdeetan luxuaren inguruko etxebizitzen bilaketari ekin diot. Irudietan, bilaketaren bi irudi. Luxuzko etxebizitza: etxe berria, etxe zaharberritua edo memoriaz jositako etxebizitzarekin lotzen dute? Etxebizitza-sustatzaileen lanak ikusita, oraindik ere, etxe berriak irabazten duela esango genuke, ekonomikoki errentagarriagoa delako, baina ezberdintasun batekin: hiriguneetak zentruetan kokatzen dira.
Landa-ingurune eta berdegunea utzi, eta luxua testuinguru urbanoan dago -etorkizuna urbanoa dela abisatzen digute-. Autoaren menpekotasuna, bizilekuaren kokapenagatik egunero garraiatzeko beharra ez izatea, egunero garraia-tzeari bizi-denborarik ez eskain-tzea, luxua kontsideratzen dugu. XXI.mendean, hiriak geroz eta handiagoak diren garaian, lanera edo eskolara oinez joateko bizilekua izatea, km0-ko bizitza bat gauzatzea benetako salbuesp eta ena da. Hortaz, beste gerturapen bat definitu daiteke: luxua batzuek soilik izan dezaketen zortedun egoera batekin lo-tzen dugu, bizi-kalitate on baten adierazle.
Hollywood-eko aktoreen etxeak, argazki lapurtu batean sekulako etxetzarrak irla baten erdian agertzen direnean, futbolarien “diseinuzko” etxeen argazkiak erakusten dituztenean, edo Hola aldizkarian aberatsen etxeak aurkezten dituztenean, luxua baino, diruaren erakusketa lizuna ematen da. Luxua aberastasunaren erakustaldia baino gehixeago da, garestia den oro ez dugulako luxutzat jotzen. Aberatsen etxebizitzetan espazioen izaeran handitasunak domeinatzen du, ez kalitateak. Arkitektonikoki gehienak oso pobreak dira, aberastasunaren erakustaldi inkultu baten irudikapena dira arkitektoon begiradapean. Material garestiak non-nahi, kontzeptu argirik gabe; handiegiak, hutsak eta hutsalak diren espazio desproportzionatuak dekorazio ariketek lausotuak.
Garai batean etxebizitza-luxua handitasunarekin eta metro karratu askorekin lotzen bazen ere, etxebizitza-sustatzaileen web orrialdeek zerbaitetarako balio badute, hori kontrajartzeko da. Etxearen tamaina baino, etxebizitzaren kokalekua -hiriaren erdigunean- eta ikuspegi onak izatea ezinbestekoa dira luxuzkotzat jotzeko. Bizimodu-eredu bat saltzen da: urbanita eta independentea. Zerbitzua izatea atzean utzi den luxua da, hiriko jatetxeetan bazkaltzea askoz in baita delako luxuaren irudikapenean.
Kaletar langileen etxebizitzetan, luxua etxearen ezaugarri xeheetan dago. Arropa gordetzeko gela bat izatea adibidez. Edo goizeko argiarekin balkoi txiki batean gosaltzeko aukera izatea. Egurraren imitaziozko zoruaren garaian gaudelako, egurrezko tarima batean oinutsik ibiltzea ohiz kanpokoa kontsidera-tzen dugu, luxua hortaz.
Bestalde, garai batean aberatsen etxebizitzetan zeuden zenbait elementu espazial demokratizatu eta, beraz, normalizatu egin ditugu. XIX. mende hasieran komuna etxebizitza barnean izatea aparteko egoera bat zen, ura eta saneamendua izatea bezalaxe, edota logela nagusian komun pribatu bat izatea.
Aberatsen etxeek sortzen duten ikusmiragatik, ez-ohikoa ohikotasunera eramateko esfortzua egiten da -arkitekturan eta beste alorretan berdin- . Bitxikeria bezala, igerilekuarekin dugun fijazioa aipatzekoa da. Gure klima kontuan izanda ere, igerilekuak luxuzko egoera batetara garama-tzalako, sinbolo bat bailitzan. Igerileku handi bat egiterik ez, baina plastikozko igerileku puzgarriek hutsune hori bete dutela esango nuke.
Laburbilduz, luxuaren ideia zabalarekin aurkitu gaitezkeela, ezina da irudi bakar batean laburbiltzea eta salgai egotea.