Ia 25 urte igaro dira Sergio Ruiz Sertx (ahotsa eta kitarra), Nestor Urdanpilleta (kitarra), Iñigo Beitia (bateria) eta Ibai Castro (baxua) elkartu eta musika talde bat osatzeko erabakia hartu zutenetik. Ordutik 9 lan kaleratu dituzte Eraso! izenpean, hamaika amets egi bihurtu, eta bizitzaz asko ikasi. Inoren lurretan izeneko euren azken lanean hori guztia islatzen saiatu dira, egungo gizarteaz hitz eginez eta hausnartuz. “Musikariok horretarako aukera dugu, mikrofono bat ematen baitzaigu pentsatzen dugun hori abesteko”, dio Sergio Ruiz taldeko abeslariak.

Horrela, gaur egungo teknologiak gizakiengan duen kontrola, guda zibilak eragindako kalteak edota egungo gizartean zinismoak duen garrantziaz ari dira 6 abestiz osaturiko lan labur honetan. “Normalean, pentsatzen duguna azalarazteko erabiltzen ditugu kantuak. Beste ba-tzuetan, jende gazteak gauza batzuk jakin behar dituela uste dugulako. Finean, inoren lurretan sentitzen gara askotan, baina gure identitateak ematen digu zentzua”.

EBOLUZIO NATURALA Inoren lurretan iraupen laburreko lana da, sei kantuz osatuta, beti rock metal musikari eutsita. Aurreko lanekin aldenduta, “eboluzio artistiko natural bat” eman dela argi daukate taldean. “Talde bezala, esparru jakin batzuen artean mugitu gara, baina beti saiatu gara disko ezberdinak egiten, eta uste dugu honekin ere lortu egin dugula”, kontatu du Ruizek. Hala, sei kantutan zehar orain arteko estiloak landu dituzte, baina beste batzuei atea itxi gabe. Izan ere, sekula ez dira genero bakar batera mugatu eta oraingoan ere horrela izan da. Kanta bortitzetatik pasatuta, erritmo lasaiagoak ere proposatzen ditu diskoak.

Gaztain estudioetan grabatu dute Inoren lurretan, eta lehen aldiz Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean aritu dira lanean. Oso pozik agertu dira lortutako emaitzarekin: “Eñautekin lan egitea izugarria izan da, lanaren emaitza borobildu du, kantuak beste ikuspuntu batetik ikusi ditu. Asko lagundu digu”, nabarmendu du Ruizek. Arratsalde bakar batean ahotsak grabatuta zituztela kontatu dute zarauztarrek. “Azkarra izan da grabazioa, baina, jakina, nahiko landuta eraman genituen kantuak”.

Azken lan honetan, ahotsak protagonismo handiagoa duela azpimarratu du Ruizek, baita lan egiteko moduak ere. “Guk lokalean grabatzen ditugu ideiak eta, gero, etxean lan-tzen ditugu. Etxeko lan handia egin dugu disko honetan. Lokalean egin beharrean, eta teknologia berriez lagunduta, lan azkarragoa eta borobilagoa egiten hasi gara”.

KOLABORAZIO UGARI Hainbat kolaborazio izan dituzte lan berri honetan Eraso! taldekoek. Adibidez,aspalditik ezaguna duten Zaloa Urain Kokein taldeko abeslariaren laguntza izan dute abesti batean. “Askotan komentatu izan dugu elkarrekin zerbait egiteko aukera eta, azkenean, Hodei beltzak kantuak berarengana eraman gintuen. Euskal Herriko ahots garrantzitsuenetariko bat da Zaloarena”, nabarmendu du Ruizek. Bere ustez, bien artean osatu duten bikoa ez da oso ohikoa Euskal Herrian.

Beste kolaborazio bat, baina kasu honetan ez abestietan, diskoaren aurkezpenean baizik, Aritz Mutiozabal kazetari, idazle eta musikariarena izan da. Disko hasieran hausnarketa sakona egiten du Mutiozabalek, taldearen ibilbidean eta disko berrian errepaso bat eginez. Besteak beste, Mutiozabalek aipatzen du “26 minutuko errusiar mendia” dela zarauztarren azken lana. “Taldearen ibilbidea hasiera-hasieratik ezagutzen du Aritzek, beraz, aurkezpen orria berari eskatzea ezin hobea izango zela pentsatu genuen. Txalotzekoa izan da egin duen lana”, aipatu dute taldetik.

Zuzenekoak eskaintzen hasia da jada Eraso!. “Kontzertuek bete egiten gaituzte”, dio laukoteak aho batez. “Aurrean duzuna zure musikaz gozatzen ikustea zoragarria da, droga gogor bat”. Bilbon izan ziren urriaren 13an, Satelite T aretoan, eta atzo Tolosako Bonberenean eman zuten kontzertua. Hurrengo hitzordua azaroaren 17an izango dute, Barakaldoko El Mendigon, eta azaroaren 23an Iruñeko Infernuan. Bestalde, abenduaren 14an Amurrion joko dute, eta urtarrilerako ere badituzte hitzorduak jada: Donostian eta Oreretan, hilaren 4an eta 12an, hurrenez hurren.