Síguenos en redes sociales:

Jon Sarasua: “Euskararen ibilbide herren hau handia da ikuspegi unibertsaletik”

Munduko bost bazterretan egindako egonaldietako gogoetak bildu ditu Jon Sarasuak ‘Bost truke’ liburuan, hizkuntzen kudeaketaren eta gizarteko kezken ikuspuntutik

Jon Sarasua: “Euskararen ibilbide herren hau handia da ikuspegi unibertsaletik”Borja Guerrero

Kooperazio linguistikoaren bidea urratzen ari da Garabide elkartea, euskaratik abiatuta munduko beste hizkuntza gutxituetara heltzeko zubia eraikitzeko asmoz. Hala, Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) idazle, irakasle eta Garabideko kideari munduko txoko ugari ezagu-tzea egokitu zaio, batzuetan elkartearen ordezkari, beste batzuetan atzerriko erakundeek gonbidatuta. Ikusten eta entzuten duena idatziz jasotzeko ohitura oinarri, urtebetean egindako bost bidaiatako hausnarketak argitaratu ditu Bost truke liburuan (Pamiela). Kolonbiako nasa herriaren biziraupena, Ekuador eta Boliviako hizkuntza-aniztasuna, Kurdistanen erronka berriak eta Serbiako langile-mugimenduaren kezkak aurkituko ditu irakurleak bertan, Sarasuaren estilo arin eta zorrotzean aztertuta.

Urtebetean bost bidaia, liburu bat egiteko adina mami aukitu duzu hor...

Orain dela 10-11 urte dezente ibili nintzen Brasilen eta han, zerbait ikasten ari nintzela sentitzen nuenean, ikasketa hori partekatzeko ohitura hartu nuen, apunteen bidez. Orduko hartan liburu bat argitaratu nuen, Ertzeko zatiak, Brasileko lurrik gabeko mugimenduaren kontuak, indigenenak, gogoeta pertsonalak eta abar biltzeko. Geroztik jarraitu izan dut bidaietan apunteak hartzen, baina aurten gertatu zait urtebetean bost bidaia kon-tzentratu direla eta merezi zuen liburu bat osatzea, bidaien argazki moduan. Bost puntako izar bat bezalakoa da liburua, Kurdistan, Serbia, Andeetako hiru leku. Mosaiko horrek liburu bat osa zezakeela ikusi nuen.

Pasarte laburren bidez kontatzen duzu bidaietan ikusitakoa, egunerokoa balitz legez. Zergatik formatu hori?

Orain dela hamaika urte hala hasi nintzen idazten eta gustatu egin zitzaidan, gero Hiztunpolisa (Pamiela, 2013) ere estilo horretan egin nuen. Tartean sortu da jasokinak hitza, hori litzateke apunteak hartzeko modu bat, ibilbideari buruz jasotako parrafoak. Egunerokoa baino, testu laburrak dira. Zati bakoi-tzak gogoeta jakin bat du, hasi eta buka bertan egiten da. Batzuetan da ikusitako zerbait, beste batzuetan elkarrizketa bat... Esan didatenez, testu laburren teknika horrekin irakurketa erraztu egiten da, mosaikoaren estiloari esker herrialde bakoitzean egiten ari garenaren ideia bat lortzen da.

Apunteak norbere buruarentzat hartzen dira. Kasu honetan besteen eskura ipini dituzu, zein helbururekin?

Batetik, nik uste dut ematen dutela munduko ertz batzuetan gertatzen ari denaren berri. Herri indigenen hizkuntzekin gertatzen ari dena, Bolivia eta Ekuadorreko gobernuen kontraesan batzuk, Serbiako enpresa autogestionatuen gorabeherak... Munduko bazter batzuen tenperatura hartzeko testuak dira. Bestetik, nik badut Euskal Herrirako gogoetak egiteko ohitura. Euskal Herritik mundura bai, baina mundutik Euskal Herrira ere begiratu nahi izaten dut. Testu hauek beti egin izan ditut niretzat eta nire lagun zein lankideentzat. Jaso izan dudan oihar-tzuna izan da merezi duela gogoeta hauek beste batzuei ere zabaltzea.

Hitzaldi eta mintegietan parte hartu duzu eta aholkulari ibili zara munduko bost txokotan. Bueltan ere jasoko zenuen zerbait, ezta?

Nik ez dut zalantzarik, neu sentitzen naiz ikasle. Ikasle izatea bizitzan ez da inoiz amaitzen, ni atzerrira mugitzen nauena ikasteko gogoa da. Liburu honetan badira, neurri batean, aktibista baten apunteak. Baina ikasteko gogoz dagoen baten testuak ere badira.

‘Hiztunpolisa’ liburuak zeresana eman zuen. Behin Euskal Herritik kanpoko errealitateak ezagututa, orduan plazaratutako ideia batzuk kolokan jarri dituzu?

Ez hainbeste, nire ustez. Hiztunpolisa euskaltasunaren etorkizunari buruzko liburua da. Hemendik gure egoerari begiratuta edo mundutik Euskal Herria aztertuta, nik uste dut ondorioa antzekoa dela: Zail dagoela, gizartearen garapena kontraesanez beteta dago eta horren barruan hizkuntzen egoera daukagun korapiloetako bat da. Korapilo horretan beste batzuekin batera gaude eta ez gaude inola ere harrokerietarako.

Urruneko beste herri gutxitu batzuetako egoera aztertzeko orduan, euskaldunok ez ote dugu hangoa mitifikatzen, errealitatea benetan ezagutu gabe?

Baietz esango nuke, baina nire testu hauetan mitifikazio gutxi dago. Nire jokabidea izan da haiekin berdinetik berdinera komunikatzea, haien adiskide eginaz, askotan haien etxeetan lo eginaz, martxan dagoen jendearekin komunikazioa sortu nahi izan dut. Berdinetik berdinerako komunikazioan mitifikazioa erori egiten da. Gu ahalegin-tzen gara hango egoerak pixka bat (eta azpimarratu nahi dut pixka bat) hobetzen edo humanizatzen, beti apaltasunetik. Zentzu horretan asko dugu elkarrengandik ikasteko. Etengabe aritu behar dugu gure ametsak doitzen, errealitatera egokitzen. Gure txikitasun horren aldarrikapen bat ere bada liburua.

Liburuan sarri aipatzen da, Andeetako edo Kurdistaneko hizkuntzen kasuan, erabileraren kezka. Hain zuzen, euskararekin ere bada buruko min hori.

Euskarak 50 urteotan egin duen ibilbidea ez da hutsala. Arazo asko baditugu ere, munduan badugu funtzio bat. Egindako ibilbide erdipurdiko edo herren hau, ikuspegi unibertsaletik begiratuta handia ere bada. Hori eredugarri bihurtzen ari da ez bakarrik Andeetako indigenentzat, baita kurduentzat ere, eurena munduko hizkun-tza minorizatu handiena den arren. Zubigintza hori etorkizunean oso baliagarria izan daiteke, betetzeko daukagun funtzioa izan daiteke. Hartzeko eta emateko, norabide bietan izan behar du. Bestetik, erabileraren kasuan bezala, egia da arazo komun batzuen aurrean gaudela. Erabilera gakoa da kasu guztietan. Bakoitza, hori bai, momentu desberdin batean dago, ezin da parekatu kurduen egoera, kitxuena eta gurea. Badaude arazo komun batzuk baina uste dut garapenaren erpin desberdinetan gaudela eta horregatik ikas dezakegu elkarrengandik.

Liburuko pasarte batean, Andeetan, taxilari batekin hitz eginda konturatzen zara gobernu eta ekintzaileen asmoetatik urrun dagoela herritar askoren gogoa. Euskal Herrian ere halako zerbait gertatzen dela uste duzu?

Bai eta ez. Euskararen inguruko motibazioa, bizi gogoa, egon badago. Beste kontu bat da zer zailtasun dauden eta zer ibilbide egin den; espero zen horretatik gauza batzuk ez dira uste zen bezala gertatu. Nik ez nuke esango euskararen inguruko motibazioa ahula denik. Euskal Herrian nahiz Bolivian, ikasgai bera atera dezakegu: Begiratu behar zaio gaian sartuta dagoen eta gogoetan dabilen geruza aktibista horri, baina galdetu behar da, era berean, beste geruzetan, kontraesanak bilatu, egia handietatik ihes egin eta errealitatearen konplexutasuna ikusi.

Euskal Herrian zein kanpoan ikusi duzuna aintzat hartuta, zein izan liteke herritarrak motibatzeko giltzarria, euskararen atxikimendua areagotzeko?

Halako kezkak Hiztunpolisa liburuan jorratu nituen. Adibidez, daukagun zailtasunetako bat motibazioaren erreprodukzioa dela uste dut. Etorkizuneko belaunaldiek, hautaketaren itsaso zabalean, zergatik hautatuko duten euskaraz bizitzea, zein diren horretarako motibazio iturriak. Erronka asko ditu euskarak, dentsitate handiko guneak sortzetik hasita.

Euskararekin alderatuta, normalizazio prozesuan atzerago doazen hizkuntzak aipa-tzen dituzu Bost truken. Nahi zenuke bide arrakastatsuagoa egin duten hizkuntza gutxituetako errealitatea ere ezagutu?

Bakoitzak indar mugatua duenez, nire kokapena da munduko hizkuntza batzuei begiratzea eta haiekin zer parteka dezakegun aztertzea. Gainera, estatu gabeko hizkuntza izanik, hizkuntza biziberritzen ari direnen liga txikia da eta oso hizkun-tza txiki gutxi gaude munduan bide hau egiten. Beti dago besteengandik zer ikasia, baina niri interesatu izan zaidan zubigin-tza gehiago da kontinenteetan galera bizian sartzeko puntuan dauden milaka hizkun-tza horietako batzuetarakoa. Hortik ere asko ikas liteke.

Bidaia laburrak egiten dituzu. Herrialderen bat luzaroago eta sakonago aztertzeko gogoz geratu zara?

Bai, gogoa beti ematen dizu itzultzeko eta han dezente gehiago bizitzeko. Baina hemen norberak ere baditu hautuak eginak, familia eta lan aldetik. Gure sakon-tzeko modua, Garabideren kasuan, urteen ondorio da, urtero-urtero hangoekin komunikatu, bidaien bidez ezin bada Internetez edo haiek hona gonbidatuz. Urteen poderioz, herrialde bakoitzeko mapa egiten goaz eta hori ere bada aurrera egiteko modua. Garabiden iraupen luzeko harremanak lantzen ditugu, elkarrekin epe luzeko konpromisoa hartuaz.

Bidaiak egiten jarraitzen duzu. Badarabilzu buruan beste liburu bat idazteko asmoa?

Nik jarraituko dut apunteak hartzen. Esate baterako, azkena Brasilen egon naiz eta ez dut apunterik hartzeko astirik izan, baina agian hurrengoan bai. Azken hamar urteotan nik ia urtero bidaiatu dut eta Bost truke liburuan azken urtekoa baino ez dut sartu. Hau da, apunte guztiak ez ditut argitaratzen. Nik ikasten jarraitu nahi dut, ba-tzuetan apunteetan geratuko da ikasketa hori, beste batzuetan ez. Iruditzen zaidanean liburu bihurtzeko zerbait osatu dela, ez dut baztertzen argitaratzea.