Komiki-azokak gogora ekarriz gero, jende gehienari Getxokoa etorriko zaio burura, bera baita Euskal Herriko azokarik handiena, beteranoena eta ezagunena. Eta jendeak azoka horrekin lotzen duen irudia -bertan izan delako edo medioetan ikusi duelako- izango da stand mordoarena, jende andanarena, aurkezpen eta hitzaldi ugariena... Iaz geroztik Parrapean Komiki Egunak egiten dira, garai bertsuan eta bertatik gertu, Bilboko Santutxu, Begoña, Txurdinaga eta beste auzo batzuk osatzen duten Mahatserria deituriko inguruan (hortik azokaren izena). Parrapean, Getxoko azokaren aldean, apalagoa da; izan ere, euskal komikigintzari eskainia dago nagusiki. Bertoko eta bereziki euskarazko egungo eta atzoko obra eta egileei eman nahi zaie protagonismoa, eta hor datza bere xarma. Ekitaldi, informazio eta bestelako guztia euskaraz izaten da, gonbidaturen bat tarteko ezin denean izan ezik.

Aurten urriaren 24tik 31ra izango dira Parrapean Komiki Egunak, Begoña eta Santutxun. Baina egun horien aurretik ere egiten dira hainbat ekitaldi, girotzen joateko. Amaia Ballesteros komikigileak tailerrak emango ditu eskoletan, eta gaztetxoentzako komiki-lehiaketa ere egingo da. Eta, urriaren 19tik aurrera, hiru erakusketa irekiko dira, azokaren amaiera arte irekita egongo direnak: Marika Vila, Gregorio Muro eta Amparo Acarreguirren lanei buruzkoak, hain zuzen.

Harriet, aurtengo omendua Parrapean jaialdiak euskarazko komikigintzan nabarmendu den norbait omentzeko asmoa izaten du urtero. Lehenengo edizioan Joseph Camino idazle eta ohorezko euskaltzaina izan zen saritua, 1960etik 1970era argitaratu zen Pan Pin haurrentzako komiki-aldizkariaren sustatzaile nagusia. Uztailean zendu zen Camino, eta aurrerantzean bere izena izango du sariak. Aurtengo Joseph Camino Saria Gregorio Muro Harriet-i emanen diote. Komiki eta gidoigile emankorra izan zen Harriet, 80ko hamarkadan euskarazko komiki ugari egin zituen, batez ere Habeko Mik-en eta Erein argitaletxean: Justin Hiriart, Sorgin seinalea, Eguzkiaren izerdia eta Simon Besaluze sailak, Ion eta Mirka, Hontza, Hermes, Indianoa... Lan horietako asko hizkuntza anitzetan argitaratu ziren eta nazioarteko sari ugari irabazi zituzten. Animazioan eta zineman ere arituko zen gerora, gidoigile eta zuzendari. Sariaz eta berari buruzko erakusketaz gain, Murok Justin Hiriart-en berrargitaratzea aurkeztuko du eta bere animazio filmeen emanaldiak ere izango dira jardunaldien baitan.

Egitarauaren barnean hainbat ekimen nabarmendu daitezke: komiki aurkezpenak, emakumeak eta komikia gaitzat izango duten hi-tzaldi eta mahai-ingurua, Ainara Azpiazu Axpik gidatutako hainbat tailer, euskal komikien azoka edota hiru komikigilek parte hartuko duten Klasikoen Borrokak, besteak beste. Bere txikitasunean egitarau xumea baina polita, euskarazko komikigintzaren ispilu.