Bizimodu garaikideak planetan eragiten dituen ondorio atzeraezinen gaineko albistea eguneroko mantra dugu. Klima aldaketaren arrazoiak asko dira, baina datuek diote etxebizitzetako ohiko funtzioen energia gastua larriena dela. Horregatik eraikuntza legediak geroz eta zorrotzagoak dira energia gastua murriztu dezakeen edozein alternatiba bultzatuz. Azken urteetan, energia berriztagarrien loraldian, biomasa energia agertu da indar-tsu merkatuan, ohiko erregai fosilaren erabileratik aldentzen den energia, egur zerrauts prentsatuek (pellets) aukera garbiago edo berdeago eskaintzen dutelako.

Orozkoko Udalak proposamen aurrerakoia garatu du Zubialde auzoko Hegoalde egoitza urbanizazio berrian. Urbanizazioaren behar eta egokitzapena zalantzan jar-tzekoa izan badaiteke ere, ez gara proposamenaren beharraren zilegitasunean arituko, baizik eta energiaren ikuspegitik aurkezten duen berritasunean. Urbanizazioaren etxebizitza, ikastola eta udal-kiroldegiaren ur berotze eta berogailuen energia biomasa galdara zentral baten bidez ebatzi da. Orain arte biomasa galdara etxebizitza bakanetan eta indibidualki erabilia izan da gure artean, baina modu kolektiboan planteatzeak egoera onuragarriagoak ekar ditzake energia aurrezpenari dagokionean.

Orain arte biomasa galdarak etxebizitzaren espazio bat okupatu du, baina Orozkoko planteamenduan galdara zentrala ekipamendu bilakatzen da urbanizazioan txertatua. Ur-biltegiak edota elektrizitate transformadoreak bezalako hainbat ekipamendu mendietan aurkitu ohi ditugu eta hirietako bizimodua baimentzeko beharrezko funtzioak betetzen dituzte. Funtzio praktikodun ekipamendu hauek ez dira mimoz tratatuak izaten, soluzio estandar eta merkeeneko arkitekturaz jantzi ohi direlarik, eta horregatik azpimarragarria da Orozkoko ekipamendu berdearen etsenplua.

Paisaia begetala Orozkoko biomasa galdaren zentralak arkitektura berezia du, tximiniadun eraikina ongi tratatua izan delako berez integra-tzen zailak diren elementuekin jolastu delako. Bolumenaren presentzia txikitzeko, eraikina paisaia begetala bihurtu da, eraikina lurrean jaiotzen den maldadun estalki bat bilakatuz. Alde batetik begetazioz estalitako aurpegia agertzen badu, bestaldean fatxada egur enborrek osatzen dute, barnealdearen oinarrizko lehengaiaren adierazgarri. Egur enborrek irudi leuna agertzera laguntzen dute eta eraikuntza sistema erraz eta merkearen bidez lortu da. Baina ekipamenduak duen elementurik deigarriena tximiniak dira, gorputz kurioso eta eskultoriko batean ezkutaturik. Tximinien gorputz honek eraikinari identitate propioa eskaintzen dio, ekipamendu berdearen balizko arkitekturaren agerbide.