Atzo, martxoak 8. Gaur, biharamuna. Azken hamarkadetan emandako gero eta urrats handiagoak gogoratuko dituzte batzuek, borrokan jarraitzeko urte berri bat irekitzen dela pentsatuko, besteok.

Lortu beharreko batzuk begi bistakoak dira; beste batzuk, ordea, ezkutuagoan gelditzen dira. Eta sistemak eragiten duen desorekaren ispilu argiak ez diren arren, emakumeak bere tasunetik egiten duen eguneroko lana gutxiesten dela eta bere eguneroko borrokan txikitua dela sentitzea dakarte.

Gizonezkoek esfera publikoan presentzia handia izateak, etxe askotan ondorio nabarmenak dituela ondorioztatu da: lan banaketa desorekatua, lidergoa eta publikotasuna maskulinitatearekin lotzea, bikotekidearen autonomia pertsonala mugatzea, etab. Irudi horri oso ohituta gaude eta onartzen den egoera da. Izan ere, publikotasunak etxekoen aldetik ere laguntza behar duela ulertzen baita.

Baina zer gertatzen da emakumezkoa denean esfera publikoan presentzia handia duena? Etxe askotan ez duela ondoriorik. Lan banaketak desorekatua izaten jarraitzen du, emakumearen lidergoa eta publikotasuna ez zaio emakumetasunari lotzen, eta emakumezkoari ez zaio bidea errazten publikoan lan egiteko behar duen denbora izan dezan, atsedena har dezan, edo lagunekin atera dadin…

Super-andrea dela esaten zaio. Hori da begirunearen zenita. Zeina, bide batez esanda, lortu duen publikotasunaren edo arrakastaren esklabu dela esatea bestekoa den.

Esfera pribatuan asko dago egiteko. Sukaldean nork egiten duen begiratzea besterik ez dago. Nork hartzen duen denbora erosketak egiteko, menua pentsatzeko eta mahaia atontzeko, besteak atseden hartzen duen bitartean. Nork gatzatzen duen janaria, eguneroko martxa ozpindu ez dadin.

Begiratu, bestela, emakumea etxeratzen denean, hitzaldi bat eman ostean, bilera luze batetik bueltan, etxean mahaia nork jartzen duen. Edo zertaz galdetzen zaion.

Historiak esan digu gizonezko handi baten atzean, emakume handiagoa egon ohi dela. Baina emakume handien atzean, oraindik, ez da mailako gizonik aurkitu. Etorkizunean ezagutuko al ditugu.