Ryanair hegazkin-konpainia ustez merkearen nagusiak “komunista zoroa” deitu dio Espainiako Erresumako ministro bati, konpainia horri, eta beste batzuei, isuna jarri baitzitzaien esku-maletak kobratzeagatik, mendekotasuna duten pertsonei edo adingabeei laguntzeko ondoko eserlekuak erreserbatzeagatik eta beste jardunbide susmagarri batzuengatik. Irain bikoitza (komunista iraina bada, behintzat) bizi dugun garaiarekin ondo baino hobeto ezkontzen da, “zoro” hitza erabiltzea osasun-adimenaz arduratzen direnen artean kezka sor daitekeen arren. Gobernu espainiarreko beste ministro batekin arazoak ditu Ryanairreko nagusi xelebreak: aireportuak erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa gehiegi iruditzen baitzaio Michael O’Leary jaun eta jabeari. Gobernuek, erkidegoek, aldundiek eta udalek, turismo santuaren izenean, tokian tokiko hegaldiak sustatzeagatik xahutzen dituzten pizgarriak ez omen dira nahikoak, antza.
Ryanairreko ugazabak mehatxuak zabaldu ditu, jakina: araurik gabeko merkatu librearen aldarrikapena egin ondoren, iragarri du txartelen prezioak igoko dituela (bezeroek ordainduko dute isuna) eta hegaldien kopurua jaitsi aireportu-tasak garestitu direlako; badirudi berea merkatu librea dela, bai, baina aireportuen jabeena ez. Betikoa: enpresetako nagusiek “askatasuna” nahi dute, baina gauzak okertzen direnean, estatuen eta erakunde publikoen laguntza eskatzen dute oihuka hileta zaharretako erostariak edo gaur egungo drama queen kexatiak izango balira bezala.
Txarrena da (bizi dugun garaia, berriro ere) jende asko patroiaren alde aterako dela, munduko eskubiderik garrantzitsuena merke edo bidaiatzea baita, eta ministro zoro komunista horren kontra, ministroak esku-maleta dohainik atera nahi badu ere. Logika aspaldi desagertu zen gure artetik. Egia esan, goikoek behekoak menderatu edo limurtzeko beti erabili izan dituzte tresna sofistikatuak (erlijioak, demagun), baina oraintxe bertan pozoia (albiste faltsuak eta abar) eta eztia (merke-merke erosi) nahasiz lortzen ari denak ez du konparaziorik: nagusia bezala izatea da guztion ametsa, utikan komunista zoroak!