Ukrainako gerra amaitzear omen dago. Badirudi Estatu Batuek plan bat dutela gerra maiatzean bukatutzat emateko, di-da. Trump presidente berriak Ukrainakoa hogeita lau ordutan konponduko zuela iragarri bazuen ere, egun gehiago behar izango ditu.
Plan horren arabera, laster Trumpek eta Putinek telefonoz hitz egingo dute, geroago Trump, Putin eta Zelenski elkartuko dira negoziazioaren xehetasunez eztabaidatzeko, apirilean su-etena egongo litzateke eta maiatzerako bakea. Niri errazegia iruditu zait dena, baina zer dakit nik, telefono-dei batekin gerra bat buka daitekeenik ez zait inoiz bururatu. Esaten dute Errusiak Krimea eta Donbass eskuratuko dituela, zera, eskuratuta ditu dagoeneko, baina modu formalagoan, Ukrainak NATOn sartzeko asmoak bertan behera lagako dituela eta, ordainean, Europako Batasunera etorriko dela 2030ean.
Esango nuke Estatu Batuek ez dutela plan hori Europarekin kontsultatu, zertarako, azken finean, nagusiak zerbait agintzen duenean, manukoak agindutakoa betetzeko daude. Protesta batzuk egongo dira beharbada, eta Ukraina berreraikitzeko egongo diren negozioetan parte hartzea eskatuko dute, hondarretan behintzat. Europak gas errusiarra erosi ahal izango du berriro? Ez dut uste, Trumpi muturra gehiago okertuko litzaioke.
Gerra maiatzean (edo irailean edo abenduan) bukatu bitartean, oso interesgarria izango da aurkeztuko diguten narrazioa, zeren orain arteko Putin deabruzkoaren irudia eztituko baitigute nola edo hala, Ukrainak zein Errusiak burututako gehiegikeriekin orri-pasa azkarra egingo da, eta aurrera. Inor ez litzateke harrituko hurrengo Nobel Saria, bakearena, jakina, Trump, Putin eta Zelenski jaunei emango baliete. Ez dakit, Trump berarentzat bakarrik nahi izango du. Funtsean badirudi Estatu Batuek ez dutela gerran diru gehiagorik xahutu nahi, eta Ukrainak uda bukaera arte baino ez duela dirurik. Eta baliteke idatzi dudan guztia ez gertatzea, edo kontrakoa. Nork daki laranja koloreko gizon horren eta ondoan dituen lagun aberats horien buruetan zer dagoen?