Askotxo idatzi da, dagoeneko, Euzkadi Buru Batzarra berritzeko lehen hautespen aldiari buruz. Ortuzarrek EAJren presidente izaten jarraitzeko nahia azaldu du. Militanteek, ordea, beste izen batzuk ere mahai-gaineratu dituzte eta horien artean, aipagarri, Aitor Estebanena. Medio gehientsuenetan jaso da, Estebanek erabaki beharko duela orain bigarren hautespen aldian EBBrako lehiatuko direnen zerrenda.

Badaukagu euskal happening-a. Adinkideak diren eta EAJren baitan talde berekotzat jo daitezkeen bi ahariren arteko ahari-topeka. Egin apustu!

Medioek karnata banatu dute. Hamabi urteko agintaldia nahikoa ez ote den, BBBko eta GBBko presidente ohiak ordezkatu ostean Ortuzarri ere bere txanda egokitu ez ote zaion, Estebanek atzera egin ezean Ortuzar-Esteban-en arteko buruz burukoak beharko duela… Dena, lehia terminoetan. Dena, gizonkoteen artean. Dena, nor baino nor gehiago.

Ez zait egokitu entzutea, ordea, presidente berriari militanteek eskatu asmo dioten lan-programaren gainekorik. Eta, are gutxiago, hautatua izango den presidenteak eskaini beharko lukeen diskurtsoari buruzko iritzirik. Alderdiaren beharrez harago, gaurko euskal herritarrei zer adieraztea duen xede, eta hauek nola erakarriko eta konbentzituko dituen.

Miren Amurizak, bere Pleibak liburua aurkeztean esan du, urte askoan aritu garela aurreko belaunaldiei gustatzeko moduan idazten. Eta horregatik egin duela lengoaia berria erabiltzearen aldeko hautua. Ideia hau jasota galdetzen dut, bada, EAJren presidenteak zein belaunaldiri gustatzeko moduan hitz egin behar duen. Zein nolako hautua egin asmo duen, gaurko eta biharko euskal herritarren beharrekin eta lengoaiarekin bat egiteko.

Ezaguna zaigu Pernando Amezketarraren ahariak talka-saioa nola irabazi zuen. Pernandoren aharia itsua zen eta ez zen mugitzen. Hori horrela, aurkariak, mugitzen ez zen Pernandoren ahariari irabazteko, atzera-karrera handiegia hartu eta talka-zelaia zedarritzen zuen lerroa zapaldu zuen. Plazakoen begietara legezkoa izan zen garaipena eta Pernandok apustua irabazi zuen. Baina Pernandok ondotxo zekien jakin ere, ahari harekin, jada, ez zuela beste plazarik konkistatuko.