Ene seme-alaba maiteak: idatzi hau irakurtzen ari bazarete, jada zuekin ez nagoen seinale da. Eta zin dagizuet, niretzako egun handia dela. Bizitza guztian egin dudan lanaren emaitza zuen esku uzten baitut. Asko edo gutxi, daukadan guztia.

Bizirik nengoelarik, eta familia otordu zenbaitzuen ostean, sarritan fantaseatu izan zenuten, ni hil ostean jasoko zenutenaz. Beti bukatzen zenuten esaten, etsipenez bezala, ez zinetela aberastuko. Hori entzutean, egia aitortuko dizuet, gogaitu egiten nintzela. Jasoko zenuten hori ez zenekitela baloratzen iruditzen baitzitzaidan.

Bi obsesio izan ditut nire bizitzan. Obsesiotzat ulertuta, utzi behar nizuen horrek, ahalik eta baliorik handiena izan zezan ahalegindu naizela. Etxea eta kontu korronteko diru papurrak hor geratzen zaizkizue. Eta ez, horiekin ez zarete aberastuko. Baina horretaz gain, beste bi gauza uzten dizkizuet: ukigarria bata eta ez ukigarria bestea.

Ukigarrien artean aurkituko dituzue, zuen izenean utzitako kartoizko kaxa handi batean, nire bizitzan zehar idatzi ditudan liburuak. Hiruna ale. Nire kezkak, nire aurkikuntzak, nire pentsamendua… milaka orritan zehar zabalduta. Denbora hartzen baduzue, areago ezagut nazazuen. Ez dakizue zein zaila izan den liburu bakoitzetik hiruna ale gordetzea denbora honetan guztian zehar…

Eta ez ukigarrien artean, bi gauza uzten dizkizuet: batetik, euskal kulturaren gaineko ezagutza. Elkarrekin konpartitu ditugun antzezlanak, kontzertuak, ikuskizunak, kantuak, ohiturak… eta DA! Urteroko erromesaldia. Inork ere kenduko ez dizuen bizipena. Bestetik, uzten dizuet nik ere neure gurasoengandik jaso nuena, endaz etorri zaidana: euskara. Sehaska kantu izatetik, doktorego tesia defendatzeraino erabili duzuena. Nire obsesioa izan da hizkuntza hori zaintzea eta maitaraztea. Zuei utzi ahal izatea, niri utzi zidatena baino hobeto. Balio handiagoa izan dezan. Aberatsagoak izan zaitezten.

Herentzia honek gauza bat du ona. Ez dela xahutzen. Banatu ordez, partekatu egiten dela. Mendeetan egin den lez. Zuek ere, orain, herentziaren parte zarete. Horixe, nire obsesioa.