Larunbatean izan ziren Eusko Ikaskuntzako hauteskundeak eta bazkideen babesa jasota, hurrengo lau urteetarako berrituko dut lehendakari kargua. 2020an, zutabe hau bera baliatu nuen, eskerrak emateaz gain, Joxe Miguel Barandiaranen bustoaren aldamenean atera zidaten argazkiak nolako zirrara sorrarazi zidaten adierazteko. Lau urte ondoren, errespetuzko zirrara hura ohitura bilakatu zaidala esango nuke. Egunero egin baitzait hunkigarri Eusko Ikaskuntzak esku artean izan duen gai eta erabaki beharreko afera bakoitza.

Larunbateko ekitaldian, egindako bideari garrantzia berezia ematen saiatu nintzen. Eta Barandiaranen aldamenean ateratako argazki hartatik, erakundeak gaur duen egoitza berrira bidean, XIX. Kongresuaren harira bazkideek beraiek aitortutako lau lorpen ekarri nituen gogora: erakundearen irudi berritua, erakundearen kokapen diferentziala euskal gizarteari egiten dion ekarpenari dagokionean, gizarte kohesioaren alde eta euskal komunitate berriaren eraikuntzarako agertu dituen ideien argitasuna, eta lantaldearen sendotasuna.

Ideia hauek borobiltze aldera, aurreko astean Joseba Zulaika antropologoak bere liburuaren aurkezpenean egindako adierazpen bat ekarri nuen gurera. Euskaldunok auto-boikoterako joera dugula esan zuen. Egiten duguna egiten dugula ere, inoiz ez dela nahikoa.

Hitzok, hiru galdera eragin zizkidaten: euskaldunok hain asegaitzak ote garen; gure Euskal Herri honetan, bidea egin arren, beti ere egiteke dagoen bideari begiratzen ote diogun; edota, taldean egindako lana eta lortutako emaitzak aitortzen ez ote dakigun. Nago, hirugarrenarekin ditugula zailtasunak. Aniztasunean eta aniztasunetik egindako lan ona aitortzeak min egiten digula. Behin bazkide batek esan zidan, lehendakariak egin behar duen lana erakundea urrats bat harago eramatea dela. Eraman dugu, bada, erakundea, urrats bat harago 2020-2024 laurtekoan. Eta orain, prest, 2025-2028 laurteko berrian, beste urrats baterako pausoa entseiatzeko.

Eskerrik asko, bada, Eusko Ikaskuntzako bazkideei, agertutako konfiantzagatik, eta eskerrik asko, batez ere, urrats berria ere elkarrekin emateko prestutasuna agertzeagatik.