Distantzia hartu duten begiradek, askotan, garenari buruzko erradiografia zehatzagoa egiten dute, bertako soek baino. Joseba Zulaika (Deba, 1948) antropologo, pentsalari eta idazleak mende erdia eman du Euskal Herritik kanpo. Orain dela bost urte itzuli zen Renotik (Nevada, AEB) Getariara eta, Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editore zenaren eskariz, berak utzi zuen Euskal Herria eta egungoa ispilatuko zituen saiakera ondu du. Bere burua berreuskalduntzeko ibilbidean, euskaldunek aurrean dituzten arrakalak jaso ditu Aberriaren inpaseak (Alberdania) liburuan, eta gaur, asteazkenarekin aurkeztu du Zulaikak Donostian, Gorka Bereziartua eta Oier Etxebeste editoreen eskutik.
Euskal Herriko gizartearen zenbait kontu “ez atzera, ez aurrera” dabiltzala iritzi du Zulaikak, horien artean, naziogintza, euskara eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna. “Inpasea ez da utopiaren espazio bat”, esan du Bereziartuak, gerora gehitzeko, pentsalariak proposatu dituen inpaseak “etorkizuneko gizartea” beste modu batean irudikatzen hasteko moduak ere badirela. Horixe azaldu du Zulaikak, zeinarentzako Euskal Herria inpasean dagoela esateak, ez baitu adierazi nahi Euskal Herria krisian dagoenik, “konplexuagoa egin” dela baizik. Hain zuzen ere, etorkizunari begira, bera izatez “optimista dela” gaineratu du, eta alboratu egin du askok eta askok ahoan darabilten “oraindik dena egiteko dago” bezalako pentsamendua. “Euskaldunok auto-boikoterako joera dugu. Egiten duguna egiten dugula ere, inoiz ez da nahikoa guretzat”, esan du. Zentzu horretan, askotan gizartea gain hartzen duen etsipenetik ihes egin behar dela iruditzen zaio, etsipen horrek iragarpen auto-betetik asko duelako. Adibide bat jartzearren, euskararen egoera tamalgarria dela badiogu, bide egiten diogu errealitate horri.
Zenbait inpase
“Inpase hauek aberriarenak dira, baina nigandik hasten dira”. Subjektibotasunetik hasita ekin zion Zulaikak lan honi. Hain zuzen ere, euskararen afera izan zen burura etorri zitzaion lehena. Denbora honetan euskarak izan duen bilakaera “harrigarria” izan da. “Orain 50 urte putzura zihoan hizkuntza bat berpiztu egin da, edo gutxienez, ez dirudi hiltzera doanik”, uste du pentsalariak. Are gehiago, berea bezalako diskurtsoak “tabu” bihurtu direla dio, “larrialdian dagoela besterik ezin duzu esan”, hori baita diskurtso hegemonikoa. Halere, bere “ikerketatxo” propioa egin ostean, bere baikortasuna areagotu egin omen da eta, horri tiraka, diskurtso katastrofistak alde batera uzteko aldarria egin du, horiek kalterako baino ez direla argudiatuz.
Euskararekin amaituta, politika izan du hizpide gero. Horretan ere, bere belaunaldiarekin alderatuta, inpase bat bizi dela uste du. ETAren ondorengo garaietan, euskal gatazka bizi izandako belaunaldietan dago arrakala, aurreko guztia arbuiatu eta egoera berrira egokitu direnen artean. Joseba Sarrionandiaren naufragioaren metafora eta Antonio Gramscik porrotei buruz esandakoak baliatu ditu horretaz guztiaz hitz egiteko: “Gure belaunaldikoek gauzak askotan egin dugu porrot, baina subjektua berregin egin behar da eta horretarako porrotak eta inpaseak aztertu behar dira”.
“Zein denboratan bizi da euskalduna?, galdetu du Zulaikak. Eta berak eman du erantzuna, noski: askok iragan mitiko eta idealizatu batean bizi direla uste dute, baina errealitatea da, izatez, guztiak “egungo mundu kapitalista moderno honetan” bizi garela. Anakronismo horiek aztertzeko, Juan Sebastian Elkanoren mundu-biraren kasua hartu du eredutzat. Aldi berean, iraganeko “heroi”, “merkatari soil” eta “konkistatzaile eta esklabista” bailitzan deskribatu zuten bateko eta besteko ikerlari hainbatek. “Zu getariarra izanda, zein Elkanorekin geratuko zara?”, galdetu du berriro. Horra hor beste inpase bat.
Euskal kulturan sortzaileek bizi dituzten atakak aztertzeko garaian, berriz, Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) saiakera “modelikora” jo du. Ez hori bakarrik, Hondarribiko eta Irungo alardeen kasua ere aztertu du gizarteak bizi duen amildegiaz hausnartzeko. Antropologoaren ustez, Jaizkibel konpainiaren sorrerak hausnarketarako bide eman nahi izan zuen, konpainia Tradizionalak, ordea, “antagonismoaren” bidetik hartu zuen tradizioarekin amaituko zueneko “mehatxua”.