EHUko Nor ikertaldeak egindako azken ikerketaren arabera, euskarazko hedabideek eta elebidunek kultur paisaia ezberdinak erakusten dituzte. Datuetan oinarritu dira ondorio horretara heltzeko. Eta datuetan oinarritu dira, betidanik esan izan duguna baieztatzeko: hau da, erdaretan eta euskaraz sortzen diren munduak, elkarri bizkarra emanda bizi direla.

Hedabide elebidunetan, euskarak duen espazioa behin baino gehiagotan ikertu izan da eta herrietako jai eta bitxikeriez harago, kultura orrietara bakarrik mugatzen da euskaraz sortzen den mundua. Kultura orrietan, musikariei eskaintzen zaizkie orri gehienak eta euskararen eremuan egiten diren aurrerapen, kanpaina eta aldarrikapenei.

Audientziak/irakurleak tantaka kontatzen ditugun garaiotan, komunikabideek egiten dituzten apustuak ondotxo neurtuak dira. Euskaraz bizi dugun mundu hau, jada, politikoki zuzena da, onarpen maila handia dauka baina, aldi berean, oso deserosoa da. Edo, beste era batera esanda, ez da behar beste errentagarri. Euskaraz sortzen den munduak baino beste errealitate askotarikoek askoz gehiago saltzen dute. Hortik ondorioztatu dute Nor ikertaldekoek, Euskal Herriko komunikabideak, batez ere elebidunak, kanpoko kulturaren zabaltzaile direla, bildutako kultur edukietatik %40,9 kanpoko kulturgileei buruzkoak direnez gero.

Modan dauden kultur hapenning-ak dira, bereziki, gure pantaila eta orrietan lurra hartzen duten joerak eta erreferenteak. Eta euskaraz dihardutenen artean aintzatesten den jarduna, areago da, ikertzaileek bataitatu duten bezala, kultura hilari buruzkoa. Hautsik arrotzen ez duena.

Ikerlanetik ondorioztatu den puntu garrantzitsuenetakoa da, badela publiko potentzial bat ez dena jasotzen ari euskal kultura, ez zaiolako ematen. Eta argi dago, transmititzen ez den kultura, ezin dela hautatu.

Indartu beharrekoa da, beraz, herritarrok kultura jasotzeko eta kultura horretan parte hartzeko daukagun eskubidea aldarrikatzea. Oinarrizko eskubidea eta unibertsala baita. Gure kultura bere osotasunean jasotzekoa, eskaintzen zaizkigun medio guztietan, galbaherik gabe.