Egunotan iaz, 2023ko urriaren 7an, gertatu zena, Hamasen erasoa (1.200 hildako Israelen) eta oraindik amaitu ez diren ondorioak hizpide dira hedabideetan eta lagunen arteko solasaldietan. Ez dakigu egun hori “data historiko” moduan iltzatuta geldituko den Historia liburuetan, atal luze baten hasiera izango den edo oin-ohar bat baino ez beste data eta ekintza izugarrien artean. Zenbaketa makabroak zehazten digu Gazan 42.000 direla hildakoak, baina gutxi izango dira gerraren jainkoentzat Libanon orain dela gutxi beste zenbaketa makabro bat hasi baita, 2.000. Aditu bati irakurri diot Israelgo Armadak beste urtebete gutxienez aurreikusten duela Gazakoa, Gazako suntsiketa, ulertu dut, bukatu arte.

Palestina, Zisjordania, Libano, bilagailuen leherketak, Yemen, huthiak, Iran, Hezbollah, Siria, Irak, hildako gehiago hor eta han, zaurituak, jendea ihesean, misilak zeru guztietan. Geopolitika eta interesak jendearen gainetik, beti bezala. Orain badirudi Israelek mendekua hartu behar duela Iranek jaurtitako azken misilak direla eta: petrolio-industriaren kontrako erasoak, instalazio nuklearren kontra? Esaten da Israel Estatu Batuekin negoziatzen ari dela zer egin neurriko (neurriko?) mendekua hartzeko. Hauteskundeaz hitz egiten da: zein izango da kaltegarriagoa palestinarrentzat, Harris ala Trump? Agian hau irakurtzen duzuenerako beste eskailera-maila bat igo du munduak, igo dugu guztiok, hondamendirantz.

Atzera begira azken urteko kontu batzuek inozokeria dirudite 2024ko urriaren 7tik ikusita: su-etenak (su-eten bat, egia esan), negoziazioak, laguntza humanitarioa, Palestinako Estatuaren onarpena, Nazio Batuen adierazpenak, genozidio salaketak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian. Israelek inoiz baino oldarkorrago segitzen du; Israelgo Armadak Libano hegoaldean dauden kasko urdin irlandar batzuk mehatxatu ditu asteburuan.

Orain Libano hegoaldeko norbait sakelakoan mezu bat jasotzen ariko da: etxea utzi behar duela, bizi den herria bonbardatu behar dutelako laster. Teknologia berriek, gainera, gerra beldurgarriago bihurtu dute.