Aurreko astean talde honetako egunkari batean artikulu bat argitaratu zen, gaztelaniaz, jakina, euskaraz dagoen hitzik zailena zein zen azaltzen zuena. Jakin-minez irakurri nuen konprobatzeko artikulugilearen iritziz euskarazko hitzik zailena "zartagina" zela. Ondo ulertu duzue. Hitzaren zailtasuna ortografian, fonetikan eta erabileran omen datza. Artikuluak euskararen gaineko topiko zahar guztiak bildu (zaharra, ederra, aberatsa, zaila...) eta berri batzuk gaineratzen ditu, tartean hizkuntzaren sakontasunari buruz. Euskara oso sakona omen da. Nik ere ez dut ulertzen. Beharbada idazlearen asmoa euskara goraipatzea zen edo euskara erdaldunei gerturatzea, baina emaitza destainatik hurbilago dago, nire ustez. Artikulua Coimbrako egunkari batean agertu izan balitz, agian ulergarriagoa litzateke, baina euskaldunen kopuru handiena duen lurraldean plazaratu zen. Egongo da hortik artikulua irakurri duen euskaldunen bat (euskaldunek gaztelaniaz irakurtzeko duten ohitura irmoari jarraituz) kexaka eta mespretxuka, bere etxean ez dela inoiz zartagina esan, kutxera, padera edo zartena baizik, hori euskara batua dela. Egongo da hortik, euskaraz ez jakin arren, euskarazko hitzekin bere gaztelania apaindu nahi duen baten batek esanez "saca la zartagina para hacer el sofrito", harro euskaraz dagoen hitzik zailena erabiltzen badakielako. Horri buruz idatzi berri du Fernando Reyk Unique in the world, euskal herritarrak la hostia gara (II) artikuluan. Baina zer jakingo du Fernando Rey horrek? Nor da? Orain dela gutxi Bizkaiko Aldundiak "los vigilantes de la jaia" ekimena abian jarri du, asmo oneko ekimena, zalantzarik gabe, baina euskara berriro ere hitz-jokoak egiteko jostailutxoa baino ez dela garbi erakusten duena. Eta, azkenik, egongo da baten batek ingelesa ere tartekatuko duena edozein esaldi bro-z eta random-ez betetzeko (una zartagina random?), gure erakunde sofistikatuen ohitura irmoa ere badena, bide batez. Munduko hizkuntzarik zaharrena eta munduko poliglotenak. Laostia gara. Zartagina garbitu behar dut, barkatu.