Gehienok gogoratuko dugu eszena hura, Gone with the wind pelikulakoa. Scarlett O’Hara garai hartako kortse edo gerruntze bat jantzita eta bere atzealdean Mammy neskamea lokarriei tiraka, jantzia gero eta gehiago estutuz. Garai hartako emakumeek arnasa hartzeko zailtasunak izango zituztela pentsatu dugu askotan, haien gerri eta soineko estuak ikusita. Egunotan gogoratu ditut baita ere nire amaren garaiko emakumeek erabiltzen zituzten faja edo paxa haiek, azal kolorekoak… izan ere, garai haiek guztiak gaindituta genituela uste nuenean, hara, konturatu naiz gorputza estutzen duten azpiko arropak modan jarri direla beste behin, eta ez emakume nagusien artean bakarrik, neska gazteen artean baita ere.

Dirudienez, TikToken izugarrizko arrakasta izaten ari dira halako azpiko arropek Kim Kardashianek modan jarri zituenetik. Argi dago, emakume batek tripa izatea debekatuta dauka gure gizarte honetan. Eta hori da gure neska gazteak ikasten ari direna. Faja bueltatu da, sekulako indarrez, arnasa libreki hartzeko aukera mugatuz hainbat emakumeei. Eta ez daukat ezer halakoak erabiltzen dituzten emakumeen kontra, ezta gutxiagorik ere, zaila da janzki erreduktore horietako bat eskuratzeko tentaziotik urruntzea eta nik ere probatzeko tentazioa sentitu dut, baina iruditzen zait gero eta estuago egiten ari zaigula ez gerria bakarrik baita ere bidea emakumeoi.

Neska gazteek egunero jasotzen duten bonbardaketa azken urteetan handituz joan dela iruditzen zait. Orain hamahiru urterekin dena dakite makillaje eta dieta ezberdinen inguruan. Jasanezina da presioa. Garaiotan asko hitz egiten da gazteen buruko gaixotasunei buruz. Eta arrazoiak asko izango dira, baina euren gorputzen gain neskek jasotzen duten presioak euren buru osasunean ere eragin handia du zalantzarik gabe. Arazoa ez baita zure gerria estu nahi dutela jakitea, baizik eta zure garuna ere estutu nahi dutela sentitzea.