Etxe aurreko belardi zabala izotzak zurituta ikusi dut gaur goizean, lehendabiziko aldia udazken-negu honetan. Hiri batean bizi naiz, Gasteizen, eta ziur nago inguratzen gaituen lautadan behin baino gehiagotan agertu direla zuri zelai-larreak. Izan ere, ez da izan lehen izoztea Gasteizen, balkoiko landareek ondo baino hobeto dakite, baina gaur goizeko zuritasunak harritu nau, iruditu baitzait beranduegi etorri dela aurten. Eskerrak ez nuela Eguberri goizean ikusi, White Christmas gabon-kanta ospetsuari gorrotoa baitiot zuri supremazista estatubatuarren artean gogokoena bilakatu dela jakin dudanetik.
Malenkoniatsu jarri naiz zuriari begira, eta aurten hemen idatzi ditudan zutabeen errepasoari ekin diot. Pasa den abendukoak irakurri ditut arreta handiagoz, azken-azkena irakurtzean amorru uhin batek bete nau guztiz, urte berriak gerra berriak ekarriko zizkigula iragartzen bainuen. Eta hala izan da: Ukrainako gerra amaitu gabe, 2023. urteak Gazako gerra oparitu digu. Asmo onez eta magian sinetsita, idatz nezakeen orain datorren urteak bi gerra horien amaiera ekarriko digula, baina ez dut uste; bukatzen badira ere, gaizki bukatuko dira, gerrak horrelakoak dira.
Beste ustekabe bat errepaso horretan: iaz ere aurten bezala abenduan giza eskubideez idatzi nuen: iaz gaia pil-pilean egon baitzen Qatarreko futbol txapelketa zela eta, aurten 75. urtemuga ospatu delako. Pentsatu dut beldurtuta datorren urtean ere giza eskubideez idatziko dudala abenduan edo agian lehenago, izugarrikeriak ez dira inoiz bukatzen. Egiaztatu dut asko idatzi nuela pribatizazioez, hurrengo hilabeteotan gai berbera agertuko da, zalantzarik gabe.
Eguzkia zeruan egiten ari den ibilbideak marra garbi bat utzi du belardian: zati bat, erdia, berde dago jadanik, bestea zurituta oraindik: bandera polita izango litzateke. Zerbait ari gara galtzen, zerbait ari gara irabazten, baina nik ez dakit irabazten denak berdinduko duen galtzen dena balizko oreka baten bila. Izan gaitezen baikor, barre egiteko parada ere izango dugu datorren urtean, EAEko hauteskundeak laster dira gurekin.