Uste dut Eneko Anduezak jauna bazka agorrezina oparituko digula guztioi, eta bereziki zutabegileoi, hurrengo hilabeteotan, azken adierazpenen ildotik segitzen baldin badu, behintzat. Ez du etorkizun errazik, egia esateko, argi baitago Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSE hirugarren alderdia izango dela, Andueza jaunak, futbol entrenatzaile adoretsuek bezala, irabaztera aterako dela behin eta berriro errepikatzen badigu ere.

Igandean gobernukide dituen eta izango dituenak gupidarik gabe kritikatu zituen, Eusko Jaurlaritzan sozialistek izan duen papera goraipatuz, baina, nik dakidala, sozialistak gobernuak hartutako erabaki guztiekin ados egon dira, salbuespen bakar batekin: Etxebizitzaren Legea. Osakidetzaren aferan piko egin nahi izan zuen zaurian, eta Hezkuntza Legearen auzian papoa hanpatu zuen, asmo eta errealitate pribatizatzaileak ahantziz, sozialistek ahaleginak egin baitituzte legea “zentratu behar den horretan zentra dadin”. Epaileek euskara dela-eta plazaratutako azken erabakien bat etorri zen “hizkuntza horrek batu gaitzan eta ez banandu”. Politikarien hizkera bitxia da, zinez, ideologia mozorrotu behar denean. Ez zuen arrunkeriarik baztertu, EAJren eta EH Bilduren arteko lehia, ea bietako nork duen ikurrinik handiena, aipatu zuenean. Ertzaintzari eskainitako keinuak ere deigarriak izan ziren.

Andueza jaunak bera hirugarren lehendakari sozialista izango dela iragarri zuen. Hauteskundeetara doazen alderdi guztiek irabaziko dutela esan behar dute, ulertzen dut hori, nola ez, baina desiraren eta errealitatearen arteko talka hain handia denean, utzidazu irribarre maltzurra egiten. Errealitate-printzipioa etenda gelditzen da hauteskunde kanpainetan, argi dago. Gainerako hautagaiek berdin jokatuko dute, eta horregatik dira, aldi berean, barregarriak eta hunkigarriak (apur bat). Inork ez baitu bigarren, hirugarren edo laugarren platera izan nahi. Gizagaixoak!

Eta askoz errazagoa da “Ari, ari, ari, Eneko (edo Imanol edo Oihana edo...) lehendakari” oihukatzea “Orde, orde, orde, Eneko (edo...) lehendakariorde” oihukatzea baino.