Banderekiko maitasun gehiegizkoa eta banderen ugaltze nonahikoa bezain desatsegina izan da beti niretzat banderekiko mesprezu ustez kosmopolita hori, banderak trapuak, zikinak zein garbiak, baino ez direla aldarrikatzen duen ergelkeria ezagun eta mila aldiz errepikatua. Gizakiok, behin baino gehiagotan esan dut, izaki sinbolikoak gara, eta banderak, zorionez edo askotan zoritxarrez, sinbolo boteretsuak dira. Gaur egun, adibidez, Palestinako bandera hain susmagarri bilakatu da, ezen herrialde eta leku batzuetan debekatu edo debekatzeko bidean jarri baitute: ikusi dut polizia Palestinako bandera daramatenak xaxatzen eta identifikatzen (Erresuma Batuan Palestinako bandera astintzea delitua izan daiteke); Espainiako Erresumako futbol zelaietan ere debekatzeko agindua zegoen (edo dago), bandera hori mingarria edo iraingarria izan daitekeelako. Ez dakit zer esango duten horren aurrean banderak trapuak baino ez direla esaten duten horiek. Gainera, herrialde batzuetan bandera ez ezik, Palestinaren aldeko manifestazioak debekatu dituzte, Palestinarekin batera Hamas ere omentzen dela aitzakia merkea jarrita, Hamaseko banderak agertu ez arren. Hori guztia gure Europa demokratikoan (edo) ari da gertatzen. Banderen kontu hau hutsala da Gazako jendeak pairatzen duen minarekin erkatzen baldin bada, jakina, baina (ditxosozko hitza berriro ere) sinbolikoegia da: bandera astintzen ez bada, Gazakoa ere desagertzen da nolabait; bandera agertzen ez bada, Gazan gertatzen ari dena oharkabeago pasatuko da. Pentsatzekoa da Gazan Nazio Batuen bandera eta Gurutze Gorriaren edo Ilargierdi Gorriaren banderak daramatzaten kamioien zain egongo direla, bandera horien itzalean babesa izango dutelakoan. Ez, ez dute izango, ez dute izan. Itxaropena, baina, esana dut, indartsua da. Aitortu behar dizuet niretzat banderak souvenir politak direla batez ere, bisitatu izan ditudan herrialde, eskualde eta hiri askoren banderak ditut etxean. Ez, tamalez, oraintxe bertan beharrezkoena dena, Palestinakoa, ez daukat. Barkatu.