Ikasturte hasiera Iruñeako goi mailako eskola batean. Klaseak gaztelania hutsean. Irakasle ordezko berria ezagutzea dagokie. Ohikoa den urduritasuna nagusi. Sartu da irakaslea ikasgelan. Ikasleek, berehala antzeman dute agertu berri denaren fisonomia, janzkera eta azentua kontuan hartuta, penintsulako hegoaldekoa dela. Berehala kontu eman dira baita ere, irakasleak eskumuturrean daraman eskumuturreko gorri-hori-gorriaz.
Irakasleak, ikasturteko edukiez hitz egin ostean, CVa prestatzen ikasiz hasiko direla adierazi die. Ea, kasualitatez, norbaitek bere CVa klasean ote duen. Anderrek (asmatutako izena) eskua altxatu du eta berak baietz esan eta karpeta tik bere CVa atera du. Irakaslea Anderren mahaira hurbildu denean, honek, “pero lo tengo en euskera” azaldu dio. Irakasleak, CVaren goiburuan datorren izena irakurri du. “¿Qué es eso de And, Ande, Ander? ¡Usted se llama Andrés!” (benetako izenaren baliokidea zein zen adierazi dio irakasleak ikasleari). “Y, ¿qué es eso de que tiene Ud. su CV en euskera? Esto es España y esta clase se da en español. ¡Viva España y viva el rey!”
Ikasgelan Nafarroako eta EAEko ikasleez gain, badira Zaragozako, Avilako edota Burgosko ikasleak ere, besteak beste. Eta ez zaie gustatu. Ez dute begi onez ikusi beraien lagun Anderri izena aldatu izana. Ez zaie gustatu ikasgelan Espainia goratu izana. Eta are gutxiago, erregea bibatzea. Ez dira erregezaleak. Eta ez dira espainiarrak gauza ororen gainetik ere. Ez, bederen, sentitzeko modu ezberdinak ez errespetatzetik. Finean, ez zaie gustatu ikasgelan zapalduak sentitu izana. Adierazpen askatasunaren mugez hitz egin dute beraien artean, botere posizioa indarra azpimarratzeko erabiltzearen desegokitasunaz eta ondorioez.
Ander babestua sentitu da klasetik atera direnean. Ez da zapaldu duten bakarra izan. Inozoen kontsolamendua. Hasieran, istorioa behin eta berriro errepikatzen dela pentsatu du. Baina, gero, guztiz kontrakoa. Istorioa izugarri aldatu dela iruditu zaio.
Anderri ez zaio arrazoirik falta.