Irabazi eta galdu aditzek adiera gehiago dituzte igandetik hona, zeren Espainiako Erresumako hauteskundeetan irabazi zuenak, PPk, galdu egin baitu, eta galdu zuenak, PSOEk, irabazi. Igande gauean irabazlearen, hau da, galtzailearen poza inoiz ikusi dugun poz antzeztuena izan zen, eta, aldiz, galtzailearen, hau da, irabazlearen poza inoiz ikusi dugun poz eztanda handiena. Ondo da, paradoxa barrokoekin jolasteari utziko diot oraintxe bertan.

Sumar-ekoen pozaren aurrean pentsakor gelditu nintzen, une batez gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Hain onak izan dira emaitzak? Hurrengo gobernuan parte hartzen baldin badute, arrazoizkoa izango litzateke poza, baina hurrengo gobernuarena luzatzen bada, beste hauteskundeak tarteko, oraingo irribarreak izozturik geldi daitezke.

Era berean, eskuin-muturraren tristura gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Galdu dute, aditzaren lehendabiziko adiera osoz, eta hainbeste maite dituzten ekimenik gabe (helegiteak, zentsura mozioak) gelditu dira, baina hiru milioi lagunek eskuin-muturra hautatu dute, hiru milioik, eta udaletxe eta erkidego asko dute gauza naziak egiten segitzeko.

Hego Euskal Herrian galdu eta irabazi aditzek trinkoago eutsi diote esanahiari: EAJ eta Sumar galtzaileak dira, EAJren adierazpenak baikorrak-edo izan badira ere (itxi fuerte begiak!), PSOE eta EH Bildu irabazleak, PSOE oso irabazlea (agian Eneko Andueza Maria Chiviteri aholkuak eskatzen ibiliko da, eta, bai, badakit hauteskunde hauek eta EAEkoek ez dutela zerikusirik eta orain PSOEri eman dionak hurrengoan EAJ aukeratuko duela eta abar). Bitxia da ikustea Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen PSOEk irabazi duela. Eta bitxia ere nola elkarbanatu duten PP eta UPN lehengusuek Navarra Sumak utzitako herentzia.

Dena dela, irabazi eta galdu aditzen esanahia irauli dutenak katalanak izan dira: ERCk eta Junts-ek boto eta eserleku gutxiago lortu dituzte, eta CUP desagertu, baina dena dago Junts-en esku, Puigdemont-en esku alegia. Ez al da paradoxa handiena Espainiako Erresumaren etorkizuna erbesteratu katalan independentista baten eskuetan egotea? l