Irakurle horrek, gau-pasa amaitu berri baduzu, etxera helduta barausia hautsi behar baduzu, ohera joan orduko dutxa bat hartu behar baduzu, eta hau irakurtzen diharduzula botoa arratsaldean emango duzula uste baduzu, orduan, adi egon! Ipini erlojua arratsaldeko 5etan, arratsaldeko 8etan amaituko baita botoa emateko aukera.
Ostean, udako jaietan jarraitu ahal duzu: lehenengoz madalenak ospatzen amaituko duzu, gero Done Jakue jaietako ekitaldiez gozatu ahal izango duzu, hilaren amaieran San Inaziorekin buru emateko udako giro arraro honi. Arraroa, bai! Gezurra ematen du zelan alda dezakeen hil baten itxura igande seinalatu batek. Jakina! Hala ere, ezin dugu ahaztu egun bakar horrek hilaren erdiko jarduna aldatu duela.
Astelehenetik atzera, berriz, emaitzak zeintzuk izan diren ikusita, alderdi politikoek ekingo diote hurrengo legegintzaldirako estatuko gobernua eta koalizioak eratzen. Nik, euskaldun gisa, itxaro dut espainiar alderdietatik batek ere ez lortzea gehiengo osorik. Nik, jeltzale gisa, euskal taldea jadestea nahi dut, eta gure talde parlamentarioaren botoak erabakigarriak izatea. Nire gurari guztiak beteko al dira!
Betiere, Euskal Herri penintsularreko euskaldunok gure orainaren eta etorkizunaren giltzarri izango diren zutabeak sendotu ahal ditugu geure botoekin. Gogoan izan behar dugu guk geure iritzia ematen ez badugu beste batek emango duela berea eta harena izango dela erabakitzailea. Guk geure txikitasunean ezin dugu horrelakorik onartu, garen guztiok beharrezkoak gara, bai ajedunok eta bai ajegabeok. Guzti-guztiok.
Diotenez, itxaropena da galtzen den azken igurikimena; sentimendu indartsua da. Sentimendu aldatzaile eta berritzailea. Gu herri txiki baina itxaropentsua gara.
Etorkizuna duen herria, baina etorkizuna orainean finkatu behar dugu; idi-urratsa egin behar dugu, urrats labur baina sendoa. Eta Madalenaren biharamun honetan beste pauso indartsu bat eman behar dugu euskaldunok gure herria inoren eskuetan gera ez dadin. l