Espainako Konstituzio Auzitegiak parte hartu nahi izan zuen San Ferminen bezperan, eta epai bat eman Euskal Autonomia Erkidegoko udaletan ezarrita dagoen euskararen erabileraren inguruan. Ebazpena, jakina, euskararen erabileraren kalterako izan da.

Horrelako erabakiek erakusten dute zein den espainiar epaileek Espainiako Konstituzioa ulertzeko duten modua. Ez da modurik abegikorrena “Espainiako beste hizkuntzak” (Konstituzioaren 3.2 artikuluak dioen moduan) “errespetatu eta bereziki babesteko” (testu beraren 3.3 artikuluaren arabera).

Hala ere, guk geure txikitasunetik jokatzen jakin behar dugu. Jokatu behar dugula diodanean, zentzuz jokatu behar dugula esan nahi dut; guk ahal duguntxoak oihartzuna izan behar du geure eguneroko jardunean, oraingoan udalerrietakoetan. Esan barik, egin. Izan ere, zerbait egingo dugula diogunean, besteak badaki zer egin nahi dugun eta hori oztopatu dezake.

Betiere, Espainiako Konstituzio Auzitegiaren epai honek helburu honetarako balio izan du: euskaldunon gogoa pizteko euskararen erabileraren gainean. Bai, gaur egungo belaunaldientzat euskara beste barik, borrokan egin barik, ezagutu eta ikasi ahal izan dute. Ematen du beti hala izan dela, egun ere badela, eta bihar-etzi ere izango dela. Ez, ba!

Hasieran esan dudan legez, gure txikitasunetik egin behar dugu: euskaldunon artean euskaraz egin; alferrik da euskalduna izatea euskaraz egiten ez badugu. Gure etxean ez dago espainiar epailerik, guraso euskaldunok arazo barik egin dezakegu euskaraz eta geure seme-alabei erakutsi. Lagunon artean ez dago espainiar epailerik, eta lagunok elkarrekin egin dezakegu euskaraz; eskolan gaudelarik, ikaskideon artean euskaraz egin dezakegu, espainiar epailerik ez da eta. Inguru horietan eta beste askotan ez dute eragiten espainiar epaileek. Euskaldunok euskaraz egiten dugu egunerokoan?

Gomuta dezagun Biblian jazorikoa behin bakarrik suertatu zela, beste guztietan Goliatek David oinperatu zuelako.