Ez da harritzekoa jende gehienak politikarien hitzak eta promesak mesfidantzaz entzutea. Askotan konprobatu dugu atzo gauean politikari batek esandakoa gaur goizean elurra eguzkipean baino azkarragoa urtzen dela. Azken adibidea Extremadurako presidentegai popularrak eman digu: Maria Guardiolak adierazi zuen hasieran, bere printzipio sendoei eutsiz, ez zuela eskuin-muturrarekin gobernua osatzeko inolako asmorik, indarkeria matxista ukatu, migratzaileak mespretxuz ikusi, ortzadarraren bandera zabortegira bota nahi zutenekin ez zuela inolako loturarik nahi. Baina (oi, baina maiteak) alderdian agindu diotena bete behar, eta eskuin-muturrarekin ezkonduko da nahi edo nahi gabe. Jakin-minez entzun ditut jarrera aldaketa azaltzeko eman dituen aitzakiak: hausnarketa egin ondoren, dimisioa ematea baztertu duela “hori irtenbiderik errazena izango litzatekeelako” (barrez hasi naiz), eta “bere printzipioen gainean Extremadurako jendearen interesak daudelako”. Barrea izoztu zait berak irribarrea eta orrazkera txukun-txukun mantentzen zituen bitartean. Nik, gezurrak esaten batere trebea ez naizenez, miresten dut benetan politikariek lotsa eta gezurra kudeatzeko duten gaitasuna. Ez dakit Borja Semperrek ikastaroren bat antolatu duen, izena emango nuke probatzeagatik.

Horregatik, hauteskunde-kanpainetan entzuten direnen aurrean (lege hori aldatuko dut, neurri haiek hartuko ditut) porlanezko bilakatzen zait aurpegia, hormigoi armatuzko Yolanda Díazen 20.000 euroak direla-eta. Agian unibertsitate-masterren prezioa jaitsi, Lanbide Hezkiketa handitu edo unibertsitate publikoak doanik jartzea zailagoa da, zer dakit nik, eta 20.000 euroena Oinarrizko Errenta Unibertsala ezartzeko lehen urratsa da. Amets egitea ederra da.

Hurrengo asteetan politikarien hitzak eta promesak eguneko menuan izango ditugu betekada sentitu arte. Alferrikakoa izango da gogoratzea orain dela lau urteko promesa betegabeak, promesa berriek den-dena estaliko dute. Mozal Legea? Zer zen hori? Promesa asko, gainera, beldurgarriak dira, baina hori beste kontu bat da.