Ikastetxe bateko patioan. Larunbatean. Ikasturte bukaerako jai giroan. Kirol eta jolas norgehiagokan gazteak. Baita guraso ausart batzuk ere (nahiz eta seme-alaben kontra ez duten irabazterik lortzen). Taldeka banatuta daude
Halako batean, bozgorailutik, talde aldaketak iragarri dituzte. Iragarpena euskaraz. Taldeen izenak, gehienak, ingelesez. Gainontzekoak, gaztelaniaz.
Aurreko astean, ekonomia eta euskara uztartzen zituen mahai-inguru batean, anglizismoei buruz galdetu ziguten. Globalizazioak euskarari dakarkiokeen mehatxuaz.
Arazoa, ostera, ez da hainbeste erdarek gurean sartzeko duten indarra, baizik eta, guk gure hizkuntzan berritasuna sortzeko dugun ahalmena. Eta kanpotik datorren hitz edo termino hori gurean nola esango genukeen pentsatu eta alternatiba erakargarri batean bilakatzeko duguna.
Euskara berrikuntzarekin, modernitatearekin eta etorkizunarekin lotzen ez ditugun bitartean, kanpoko terminoek jango gaituzte; eta ez hizkuntza handiagoak direlako bakarrik, baizik eta guk gurean ez daukagulako etorkizun hori modu erakargarri batean irudikatzeko eta transmititzeko indarrik baizik.
Gogoratzen dut, txikitan, euskara batua etorkizunarekin lotzen genuela. Guk, ikastolan, euskara batua ikasten genuen. Eta gurasoek ez. Eta etxera bueltatzen ginenean, gurasoei esaten geniela beraien hizkuntza herri txiki batekoa zela. Guk egiten genuena, ordea, herri handikoa. Eta hark zuela etorkizuna.
Taldeak osatzen genituenean, euskara batutik hartutako hitzak erabiltzen genituen. Eta gurasoek, batzuetan, errieta egiten ziguten, herriko “gure” hitzak ez erabiltzeagatik.
Gazteak, aurreko belaunaldiari, beti, aurre egiten dio, ordea. Beti ere, etorkizunaren alde.
Beraz, kontua horixe da. Gure hizkuntza etorkizunarekin zerk lotuko duen asmatzea. Gazteei (eta guztiontzako ere) euskararen erabilera moderno nola egin. Euskararen erabilera, etorkizuna duten bestelako balioekin batera erkatzea litzateke modu bat, euskara, beti, “beste” eta “ertzeko” balioa izan ez dadin.