Gaur zortzi, maiatzaren 28ko hauteskundeen emaitzak irakurtzen arituko gara. Eta kanpainan zehar esandakoetatik zenbat promesa egia bilakatu daitezkeen eta zenbat atzean geldituko diren balantzea egiteko garaia izango da.

Kanpaina garaiak bi mundu ezberdin erakusten dizkigu: batetik, egin nahi diren gauzez hitz egiteko parada bikaina da. Bestetik, ondo ez dagoen guztia kaleratzeko tenorea izan ohi da. Politikariek, elkarri aurpegira trapu zikinak botatzen jarduten dute, oker dauden egoera horiek beti bestearen errua bailiran. Eta herritarrek, bestalde, pankartak hartu eta kalean protestak biderkatzeko modua bilatzen dute, nork bere egoera hobetu bidean.

Abstentzio kopurua handia izango ote den aurreratu digute eta, beraz, bozkatzeko joatera animatzeko. Baina banan-banaka bazoaz galdezka hauteskundeak nola ikusten ditugun, alderdien programak zer iruditzen zaizkigun, eta jendeak, jende xeheak, bestelako arazoak dituela esango dizu. Bakarrik sentitzen direla aitortuko dizute, nor bere arazoarekin. Delako arazo hori ez dela hauteskundeetako programetan islatzen. Protestak direla nonahi. Zoriontsu izan besterik ez dugula nahi. Baina zorion bete hori lapurtzen digun gizarte batean bizi garela, mehatxuz inguratuta. Bakarrik sentitzen garela. Umeak bakarrik, gazteak bakarrik eta nagusiak bakarrik. Teknologiaz blaitutako gizarte batean, sekula baino abandonatuago. Nor bere arazoarekin. Zure arazoa guztiena ez den bitartean, zurea bakarrik baita. Gainetik egiten dizun arazoa, eraso bilakatua. Eta erasotua sentitzen zarenean, ez zaude programak irakurtzeko; programetan islatuta ikusten ez zaren heinean, ez duzu inorengan sinistuko, zure arazoan beste inork sinisten ez duen bezala.

Bakartuta eta bakarrik sentitzea izan daiteke gaur egungo gizartearen arazo handienetako bat. Eta jendeak arrimu bila ere ez dauka erraz asmatzeko. Galdetu nahi nieke, Oviedoko bi bizkiei, laugarren pisutik jauzi egin aurretik, elkarri zer esan zioten. Elkarren arrimuan hartu ote zuten erabakia.