Ez dakit, gauzak dauden bezala, zerbaitetarako balioko ote duen odol delituengatik kondenatutako EH Bilduko zazpi hautagaiek, hautatuak izango balira, zinegotzi izateari egingo dioten ukoak. Badirudi zerrendetan aldaketak egitea ezinezkoa dela, ofizialak baitira, eta irtenbide bakarra horixe dela. Ez dakit EH Bildu legez kanpo uztea eskatzen ari direnak lasaiago geratuko diren. Ezetz uste dut, beste zerbait aurkituko dute ETAren mamua bizirik mantendu ahal izateko, boto meategi hori tentagarriegia da, eta amaigabea, antza.

Izan ere, hauteskunde kanpainetan dena da baliagarria, batez ere, beste alderdiek egiten dituzten hanka-sartze txiki zein handiak, etiko zein politikoak, edo hanka-sartze bezala saldu ahal den guztia. Nik aspaldian utzi nion hauteskunde kanpainak segitzeari: behin aukeratu nuen alderdiaren kanpainari adi egon nintzen, oso adi, programak-eta irakurri nituen, baina hauteskunde eguna iritsi zenean beste bati eman nion botoa, hain izan baitzen handia hartutako desengainua gehiegi jakiteagatik.

Orain, hauteskundeak iristen direnean, inkestak iruditzen zaizkit dibertigarriena, ziur aski kartetan bakar-jokoan aritzea bezalakoak direlako azken finean, tranpa xaloak egiteko aukera mugagabez beteta. Agian etorkizuna igar-tzeko nahia gure DNAren zirrikitu baten dugu xakituta eta ezinezkoa zaigu profezietatik ihes egitea (joaten al dira hautagaiak tarotistengana?). Garai batean hauteskunde guztietan porra-jokoak eta guzti egiten genituen lagun batzuen artean.

Jakin-min berria dut hurrengo hauteskundeetarako: hauteslekua aldatu didate (ez, ez naiz hauteskunde-mahaian egongo) eta berritasun horrek zirrara berezia egin dit. Barkatu azalkeria eta fribolitatea, badakit hauteskundeak garrantzitsuak direla, gure ordezkariak aukeratzen ditugula, gure hiri eta herrien geroa erabakitzeko unea dela, aldaketa posiblea dela (hautagai bat ematen dut, ene!) eta hori guztia, baina eszeptizismoaren mamua (beste mamu bat) nire DNAn ederki xakituta egongo da, tamalez. Ai, kanpainak aste luze bat dut aurretik oraindik. l