Sartu gara Foru eta Udal hauteskundeetarako kanpainan eta, horrekin batera, hautagaiei egiten zaizkien elkarrizketak han eta hemen entzuten eta irakurtzen. Nik, hemendik, eskaera bat egin nahi diet komunikabide ezberdinetako gizonezko kazetariei: arren, otoi, mesedez, emakumezko hautagaiei ez diezaietela galdetu Foru Ahaldun edo Alkate kargua hartuko duen lehenbiziko emakumea izateak zer aldaketa ekarriko duen.

Eta ez dezatela goiburuetara eraman emakumezko hautagaiek esan ez dituzten hitzak, hala nola, beraien helburua, delako karguan lehenbiziko emakumea izatea dela. Esan du(t)ena besterik denean: herritarrek beren programaren ardatzak zeintzuk diren identifikatzea nahi dutela, beraiek emakumezko edo gizonezko diren kontuan izatea baino areago. Emakumezkoek, gezurra balirudike ere, ez dituzte karguak hartzen emakumezkoak direlako, programa edo helburu jakin batzuk aurrera eramateko baizik. Gizonezkoek ere ez dituzte karguak hartzen gizonezkoak direlako. Eta kazetariek ez diete galdetzen gizonezkoa izateak zer suposatzen duen.

Berdintasunaren izenean, bada, dena delako kargua hartzen duen emakumezko horri ez gehiago galdetu kargua hartuko duen lehenbiziko emakumea izateak zer aldaketa ekarriko duen. Umiliagarria baita, behin eta berriro, emakumezkoa zarela azpimarratzen dizutela sentitzea. Gizarte honi eskaintzeko daukazun gauza bakarra, edo nagusia, emakume jaio izana balitz lez.

Umiliagarria da gizonezko kazetariek goiburuetara eramatea, emakumezko hautagaien helburu nagusia kargura heltzea dela. Zeren eta hau horrela balitz, gizonezkoei galdetu beharko litzaieke, euren karguei gizonezko izateagatik eusten diotela eta ea zer sentitzen duten.

Hautagai ezberdinak hor ari dira galderari era batera eta bestera zingurin egin nahian. Ez dute kanpaina garaian “komeni ez den” titularrik eman nahi. Bada, nik esango dut: komunikabideek eta berauetako kazetariek berdintasuna bultzatuko badute, galdera hauek egiteari utz diezaioten eskatzen dut. Generoa markatzen duten galdera umiliagarririk ez egitea izango baita berdintasun zantzurik onena. l